• EKONOMIA
  • Mexikora misioa antolatu du Gipuzkoako Aldundiak

Mexikora misioa antolatu du Gipuzkoako Aldundiak

Enpresen nazioartekotzea sustatzea eta aukera estrategikoak bultzatzea helburu izango dute bidaiatuko duten hamabi konpainiek

Mexiko Hiria eta Queretaro bisitatuko dituzte | Argazkia: iStock
Mexiko Hiria eta Queretaro bisitatuko dituzte | Argazkia: iStock
2025eko apirilaren 30a
Eg. 2025eko apirilaren 30a

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Ganberak enpresa-misioa antolatuko dute Mexikora, ekainaren 23an hasiko dena. Helburu nagusia Gipuzkoako enpresen nazioartekotzea sustatzea izango da, baita aukera estrategikoak bultzatzea ere. Izan ere, Aldundiak azaldu du “bazkide estrategikoa” bihurtu dela Mexiko Gipuzkoarentzat, seigarren postua lortu baitu lurraldeko esportazioen rankingean.

 

Aldundiak finantzatutako bidaia-poltsa jasotzeko aukera izango dute misioan parte hartuko duten hamabi enpresek. Gainera, “bezero eta lankide potentzialekin” bilerak izango dituzte, baita lekuko erakunde eta eragile publiko zein pribatuekin ere. Hala, Gipuzkoako industria-ehuna indartzea eta esparru globalean hazteko aukera berriak irekitzea ahalbidetu nahi da.

Misioak Mexiko Hiria eta Queretaro bisitatuko ditu, eta batik bat zentratuko da “balio estrategiko handiko sektoreetan”, besteak beste, automobilgintzan eta industria aeronautikoan. Automobilgintzari dagokionez, Mexikok 4 milioi ibilgailu ekoizten ditu urtean, eta ekipo fabrikatzaileen (OEM) presentzia etengabe hazten ari da, baita auto osagaien merkatua ere. Aeronautikari dagokionez, azken urteetan asko garatu da sektorea lurraldean, inbertsio atzerritarra erakartzea lortu baitu.

 

Unai Andueza Ekonomia Sustapena eta Proiektu Estrategikoen diputatuak azaldu du misioak “Gipuzkoako enpresen lehiakortasuna indartuko” duela, eta enpresek “aliantza komertzialak sortuko” dituztela. Mexiko inbertitzeko herrialde “erakargarria” dela gaineratu du Javier Ayala Gipuzkoako Ganberaren Nazioarteko Garapeneko zuzendariak.