Ez da ohiko greba. Ez da unean-uneko lanuzte jakin bat soldaten ehuneko batengatik. Otsailean Hego Euskal Herriko ospitale eta osasun zentroetan abiatuko dena gure sistema publikoen kudeaketa ereduari egindako osoko zuzenketa proposamena da. Hilaren 16tik, eta udaren atarira arte, Osakidetza eta Osasunbideako medikuek lan-aldarrikapenetik harago doan pultsua planteatu dute: zalantzan jarri dute ea administrazioa bere aktiborik baliotsuena —giza kapitala— XXI. mendeak eskatzen duen eraginkortasunarekin kudeatzen ari den.
Tirabiraren jatorria teknikoa da, baina horren ondorioak praktikoak dira. Administrazioak funtzio publikoa homogeneizatzeko joera du, baina medikuek estatutu propio bat eskatzen dute, bere berezitasuna aitortuko duena. Argudiatu dutenez, erantzukizun zibila eta penala, eta etengabeko prestakuntzaren eskakizuna ez datoz bat kudeaketa orokorrerako diseinatutako administrazio planarekin. Zurruntasun hori ez da arazo burokratikoa bakarrik; sistemaren eraginkortasunarekin talka egiten duen horma da.
Medikuek argudiatu dutenez, erantzukizun zibila eta penala eta etengabeko prestakuntzaren eskakizuna ez datoz bat kudeaketa orokorrerako diseinatutako administrazio planarekin
Nestor Morchon Euskadiko Sendagileen Sindikatuko (SME) presidenteordeak eta Arabako Unibertsitate Ospitaleko larrialdi medikuak defendatzen du egungo ereduak medikuen gaitasun operatiboa lausotzen duela, administrazioaren langile aktibo formatuena dela kontuan hartuta. "Eskatzen den prestakuntzaren eta hartutako erantzukizunaren araberako aitorpen profesionala eskatzen dugu. Uste dugu beharrezkoa dela egungo egituraren barruan erantzukizunak antolatzea, lanbide bakoitzak dagokion esparrua izan dezan". Morchonen ustez, euskal Osasun Ituna ezerezean gelditzeko arriskua dago espezifikotasun horri errotik heltzen ez bazaio.
Nafarroan, egoerak "bidegabekeria kutsua" hartu du bere foru araubideagatik. Nafarroako Sendagileen Sindikatuko (SMN) idazkari nagusi eta Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko kirurgia pediatriako arduradun Alberto Pérezek adierazi du MIR bezalako "mugarriak" onartzen dituen arau-esparru propiorik ez izatea zuzeneko finantza-zigorra dela. "Nafarroan mediku bat bost urtez izango da karrera profesionalari dagokion gehigarria kobratu gabe (...) Errioxara doanak lehenengo minututik kobratzen du". "Legezko muga" hori 65.000 ingurukoa da Nafarroako osasun profesionalentzat.
Osakidetzako mediku laguntzailea: "Osasun sistema publikoak meritokrazia utzi du; denok berdin jarri gaitu plaza finko bat lortu ondoren
Sindikatuetatik harago, ospitaleetako "lubakian" egiturazko etsipen sentimendua dago. Elena Ramirez —izen fiktizioa— Osakidetzako mediku laguntzaileak ohartarazi du sistemaren homogeneizazioak hobetzeko pizgarriekin amaitu duela. "Osasun sistema publikoak meritokrazia utzi du; denok berdin jarri gaitu plaza finko bat lortu ondoren. Berdin dio lana ondo egiten duzun edo ez hain ondo. Zure lan ahaleginak ez du zertan fruiturik eman". Norbanakoaren jarduna baloratzen duen estatutuaren gabezia hori da gaur egun sistema publikoa osasun pribaturantz odolusten duen "kaskarkeriaren eta motibaziorik ezaren" motorra.
Kudeaketa vs. burokrazia: erabakiak hartzeko autonomia
Erabakiak hartzeko autonomiari buruzkoa ere bada gatazka. EAEko Erakunde Sanitario Integratuen (ESI) ereduak eta Osasunbidearen Nafarroako egiturak tirabirak sortu dituzte, osasuna irizpide administratibo hutsekin kudeatzen saiatu baitira. Posible al da muntaketa kate bat bezala neurtzea eraginkortasun klinikoa?
Morchonek defendatu du espezifikotasun medikoak gerentziaren konfiantza mota bat eskatzen duela, eta gaur egun hautsita dagoela dirudi. "Ekintza medikoak erantzukizun diagnostiko eta terapeutikoa eskatzen du; juridikoa, etikoa eta klinikoa. Kasu askotan atzeratu ezin diren eta berehalako bizi-arriskua ekar dezaketen erabakiak hartzen ditugu".
Nestor Monchon (SME): "Eskatzen den prestakuntzaren eta hartutako erantzukizunaren araberako aitorpen profesionala eskatzen dugu. Uste dugu beharrezkoa dela egungo egituraren barruan erantzukizunak antolatzea, lanbide bakoitzak dagokion esparrua izan dezan"
"Konfiantza" horren ordez, medikuntzarekin zerikusi gutxi duten zereginak ezarri dira. "Lan administratibo hutsa egiten ari gara. Baimenak inprimatu eta telefono deiak hartzen dituen laguntzaile bat badut, 20 haur artatuko ditut. Beste lan hori nik egin behar badut, 15 haur ikusiko ditut. Medikuarena ez den lan bat egitera behartzen bagaituzte, eraginkortasunik gabe eta kostu izugarriekin egingo dugu", esan du Perezek.
"Gutxiegi aprobetxatutako talentuaren" pertzepzio horrekin bat dator Ramírez, eta adierazi du "defentsa-medikuntza" baterantz doala: "Idazten dugunaren balioa oso handia da. Kontua da gauzak okertzen direnean arazorik ez izateko, denbora gehiegi eskaintzen diogula ordenagailuan gauzak jasotzeari, eta gutxiegi pazientearekin hitz egiten aritzeari. Lehen, beste pertsona batek egiten zituen lan horiek".

Guardiak auzitan
Sistemaren garuna kudeaketa bada, espezialisten prestakuntza da haren bizkarrezurra. Hala ere, ezagutza transferitzeko prozesu hori —erabakigarria dena sistemak datorren hamarkadan ez kolapsatzeko— pitzatzen ari da pizgarririk ez dagoelako.
Ramirezek azaldu du MIR tutorearen lana bizia eta bakartia dela: "Iparrorratz gisa gidatzen ditugu, ez soilik ikuspegi kognitibotik, baita psikologikotik ere. Baina ez dago ordainduta, eta ez naiz diruaz bakarrik ari. Burnouta kutsatu egiten da, eta mediku adjuntuak saturatuta egoteak mediku egoiliarrak erretzeko arriskua dakar”.
Osasunaren benetako "kolapsoa" ez da kontu publikoen defizitean soilik neurtzen, baita hari eusten diotenen akidura fisiko eta mentalean ere. Sistemak baldintzarik gabeko bokazioan oinarritu du bere bideragarritasuna. Administrazioak maisutasunez jokatzen du karta hori, baina, profesionalen arabera, apurtu arte higatu da.
Osakidetzako mediku laguntzailea: "Iparrorratz gisa gidatzen ditugu, ez soilik ikuspegi kognitibotik, baita psikologikotik ere. Baina ez dago ordainduta, eta ez naiz diruaz bakarrik ari. 'Burnout'a kutsatu egiten da, eta mediku adjuntuak saturatuta egoteak mediku egoiliarrak erretzeko arriskua dakar”
Marruskadura punturik mingarriena 24 orduko guardiak dira. Lehen prestakuntza erritu gisa onartzen zena, gaur egun praktika zaharkitu eta arriskutsu gisa. zalantzan jartzen da. Ramírez, Osakidetzako mediku adjuntua, argia da: "Lehen aldiz jarri dugu zalantzan 24 orduz jarraian lan egitea normala edo osasuntsua den. Azken 20 urteetako belaunaldiok ongizate pertsonala erdigunean jartzen dugu eta normala da egungo baldintzak kolokan jartzea".
Leire Agirre eta Alba Martinez —biak ala biak izen fiktizioak— Osakidetzako eta Osasunbideako bigarren urteko mediku egoiliarrak bat datoz hurrengo egoera nabarmentzean: “Guardia baten ondoren egun libre bat dugu, 'ajearekin' egongo bagina bezala pasatzen duguna, ahal dugun guztia lo eginez, hurrengo egunean lanera itzultzea tokatzen zaigulako”.
“Eragiten dizun nahasmenduaz gain, lanaldia osagarritzat jotzen da, eta, beraz, ezin da, ez kotizatu, ez lan egindako ordu gisa zenbatu. Ohikoa baino gutxiago ere kobratzen da, eta ez dago ordu kopuru maximorik urtean”, argitu du Agirrek.
Otsailetik ekainera bitarteko mobilizazioak ez dira soilik nomina bat hobetzeko; sistema baten kaudimen teknikoari buruzko alerta-oihua da
Neke horrek zuzenean eragiten du pazientearen segurtasunean. Nafarroako egoiliarrak ahotsa jartzen dio erreparatu nahi ez dioten errealitateari: "Demagun iktus edo hemorragia batekin zatozela. Ez da gauza bera bi ordu lanean daramatzan mediku batek artatzea, edo 20 ordu lan egin dituen mediku batek ebakuntza egitea". Halaber, egoiliarrentzat maratoi itxurako jardunaldi hauek ez dira soilik karga fisiko bat; ikasteko oztopo bat ere bada.
Bokazioaren "tranpa"
Morchonek azpimarratu du gehiegizko esfortzu hori ez dela salbuespena, sistemaren egiturazko motorra baizik: "Profesionalek karga maila hori hartu dute sistemari eusteko, baina muga batera iristen ari gara". Gogorarazi duenez, ekintza medikoak azken erantzukizuna eskatzen du diagnostikoan, eta ez du akatsik onartzen, ezta garunak 22 ordu atsedenik gabe ematen dituenean ere.
Hala ere, inplikazio etiko hori askotan kudeaketa-tresna gisa erabiltzen da. Ramirezek salatu duenez, greba egin ondoren, medikuek lan bikoitza egingo dute pazientearekiko erantzukizunagatik: "Badakite galdutako kontsulta horiek paziente gehiago ikusiz edo agendak zabalduz konpentsatuko direla. Beti jokatu dute horrekin, eta horrela jarraituko dute".
Medikuek ohartarazi dute: diagnostikoen denbora bukatu da eta tratamendua aplikatzea tokatzen da
“Gerta daiteke paziente baten kasua luzatzea, eta ulertzen duzu erdizka utzi ezin dituzun pazienteekin ari garela lanean, baina kasu horietan, nahiz eta adjuntuak ordu horiek kobratzen dituen, egoiliarrak ez”, gehitu du Agirrek. “Beraz, airean geratzen diren orduak sartzen ditugu. Dena bokazioaren eta 'zerbitzuaren beharren' aterpean”.
Martinezek kontziliazio ahalmen falta sumatzen du, eta etorkizunera begira kezkatzen duen zerbait da. "Langile oso onak ditugu eta inplikazioa eskertu behar da, baina administrazioak ez du mediku profesionalen bizitza errespetatzen”.
“Gerta daiteke paziente baten kasua luzatzea, eta ulertzen duzu erdizka utzi ezin dituzun pazienteekin ari garela lanean, baina kasu horietan, nahiz eta adjuntuak ordu horiek kobratzen dituen, egoiliarrak ez”
Lanean dena emate hori, gainera, gero eta desmotibazio-egoera handiagoan gertatzen da. Perezek adierazi du sistemak ez duela ahalegina eta kudeaketa ona saritzen; aitzitik, hobeto lan egiten duena zigortu egiten du, paziente gehiago artatuta.
Horrez gain, hurrengoa azpimarratu du: “Greba medikoek presio mediatikoarekin eta administrazioaren deserosotasunarekin jokatzen dute”. Eta Perezek honakoa gaineratu du: “Nafarroan gutxieneko zerbitzuak %100ekoak dira larrialdietarako, baina %60koak gainerakoetan. Beraz, denera egon daitezkeen 2.100 medikuetatik, 50 eta 100 bitartek egin dezakete greba, eta gainerakoek lanera joan behar dute, bai ala bai”.
Lehen Mailako Arretan eraginkortasuna galtzeak gastua handitzen du sistemaren gainerako %70ean (larrialdiak eta botikak)
Hala ere, SMEk ohartarazi du benetako kostua ez negoziatzea dela. Lehen Mailako Arretan eraginkortasuna galtzeak gastua handitzen du sistemaren gainerako %70ean (larrialdiak eta botikak). "Orain zuzentzen ez bada, arazoa ez da ez egiturazkoa ez koiunturala izango. Epe ertainerako jasangarritasun arazoa izango da", esan du Morchonek.
EAEn Osasun Itun bat aldarrikatzen dute eta Nafarroan haren esklusibotasunari eta foruei buruzko eztabaida. Baina medikuek ohartarazi dute: diagnostikoen denbora bukatu da eta tratamendua aplikatzea tokatzen da.
Otsailetik ekainera bitarteko mobilizazioak ez dira soilik nomina bat hobetzeko; sistema baten kaudimen teknikoari buruzko alerta-oihua da eta, erreformatzen ez bada, arrakastaz hiltzeko arriskua du. Kudeatzaile publikoentzat airean geratzen den galdera sinplea da: utz al dezakegu gure osasun sistemak bere distira gal dezan?