
Modaren industriak zerbait modan dagoela esaten baldin badu, gizarte osoak jarraitzen du. Zergatik ez aprobetxatu ingurumenaren aldeko tendentzia sortzeko? Ehungintzaren sektorea munduko hirugarren ur kontsumitzaile handiena da, bosgarrena lehengaien erabileran eta berotegi-efektuko gasen emisio guztien %10 eragiten du. Urtero 300 milioi arropa pieza baztertzen dira, eta poliester materialez egindakoek 2.000 urte behar dituzte degradatzeko.
2025eko urtarriletik, Europar Batasunak erabilitako arropa bereizita biltzera behartzen ditu estatu kideak, baita saldu gabeko ehun-soberakinak suntsitzera ere. Markek, gainera, produktuen azken helmugaren erantzukizuna hartu behar dute, nahiz eta horiek hondakin bihurtu. Ehungintzaren sektorearen eraldaketa horrek eredu berri bati egiten dio bide. Eredu horretan, birziklapena eta ekodiseinua sustatzeaz gain, gizarte ekonomia ere bultzatzen da.
Espainian, bereizitako ehun-hondakinen erdia baino gehiago gizarteratze enpresek kudeatzen dituzte, eta arropa jaso eta birziklatzeaz gain, egoera zaurgarrian dauden pertsonentzako enplegua ere sortzen dute. Izan ere, 7/2022 Legeak arropa erabilia eta altzariak biltzeko kontratu publikoen %50 erakunde horientzat gordetzen du. Aldaketa aitzindari horrek iraunkortasuna gizarteratzeko eta justizia sozialerako aukera bihurtzen du.
Ehungintzaren sektorea munduko hirugarren ur kontsumitzaile handiena da, bosgarrena lehengaien erabileran eta berotegi-efektuko gasen emisio guztien %10 eragiten du
Euskal Herrian ditugun eredu onenak dira Koopera eta Moda re- entitateen artean sorturiko instalazioak, ehuna kudeatzea helburu dutenak. Instalazioak Caritasen eskutik sortu zen proiektu baten emaitza dira, parrokiei emandako arroparen kudeaketa profesionalizatzeko helburuarekin. Moda re- Espainia mailan erreferente da, jasotzen diren 100.000 tona arropa erabilien ia erdiari irteera ematen baitio.
Mariluz Ferro, Kooperako koordinatzaile nagusiaren hitzetan, "garrantzitsuena ez da soilik zer berreskuratzen dugun, baizik eta sortzen dugun guztia: enplegua, kontzientzia eta kontsumitzeko eta ekoizteko beste modu batekiko konpromisoa”.
Egungo erronkak
Nahiz eta EAE ehun bilketan aitzindari izan (%25, Espainiar Estatuko %15en aldean), herritarrek unean-uneko ohiturak izaten jarraitzen dute. Urtean 15 arropa pieza ematen dira batez beste pertsonako, baina “erabili eta botatzeko” eredua nagusi da oraindik. Aldaketa horrek, bigarren eskuko alternatiba erakargarria ez ezik, kontzientziazio eta hezkuntza jasangarri handiagoa ere eskatzen du.
Ehunen birziklatze teknikoa posible da, baina teknologia eta inbertsioa eskatzen ditu. Kooperaren kasuan, horren aldeko apustua egin dute, eta emaitzak lortu ere: bildutakoaren %60 berrerabiltzea, prozesuen bidez berritzea edo kotoi eta poliester birziklatuak hari edo alfonbra txiki bihurtzea. Hala ere, irtenbide horrek I+G laguntza handiagoa eskatzen du, materialak eskualdean prozesatzea ahalbidetzen duen egiturekin, eta diseinatzaileekin zein markekin hitzarmenak egiteko aukerarekin, merkatura irteera ziurtatzeko.

Eraldaketa zirkularra, neurri handi batean, laguntza publikoen eta Europako funtsen mende dago. Moda re- eta Kooperaren arteko proiektua Europako Gizarte Funtsak eta NextGenerationEU funtsek bultzatu dute. Horri esker, trazabilitatean eta profesionalizazioan aurrera egin ahal izan da. Gainera Eusko Jaurlaritzak 200.000 euroko dirulaguntza eta milioi askoko konpromisoak hartu ditu berrikuntza sozial eta azpiegituretarako.
Etorkizuna martxan
Eszenatoki hori ez da utopia bat, EAEn martxan dagoen prozesua baizik. Aipatu diren proiektuez gain, ekintzailetza proiektu berriek erakusten dute jasangarritasuna, enplegu inklusiboa eta berrikuntza bateratu daitezkeela. Agertoki berri horretan, gizarte-ekonomia funtsezko eragile bihurtzen da. Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta lan eta enplegu sailburu ohiak Kooperako gune berriaren inaugurazioan esan zuen esaldiari jarraiki, “teknologian inbertitu, pertsonetan inbertitzeko”.
Izan ere, Kooperak bazterkeria arriskuan dauden pertsonak arropa birziklatzearekin lotutako lanpostu duinetan txertatzen ditu, eta balio erantsia sortzen du kontsumo arduratsua sustatzen duten dendekin eta erakunde publikoen. Era berean, erakunde pribatuen eta herritarren arteko aliantzak sustatzen ditu, balio-kate osoa integratzen duten soluzioak diseinatzeko. Dudarik gabe, kontzientziaz janztea ez da estilo kontua bakarrik: etorkizun justuago eta bizigarriago batean parte hartzeko modua da.