• EKONOMIA
  • Jarraipen zabala izaten ari da greba orokorra, sindikatuen arabera

Jarraipen zabala izaten ari da greba orokorra, sindikatuen arabera

Goizean goizetik piketeak eta trafiko mozketak izan dira Hego Euskal Herriko hiri, errepide eta industriaguneetan. Industria ekoizpena etenda dagoela adierazi dute sindikatuek

Hainbat poligono eta lantegietan piketeak izan dira | Argazkia: LAB sindikatua
Hainbat poligono eta lantegietan piketeak izan dira | Argazkia: LAB sindikatua
2026eko martxoaren 17a - 08:55

Greba orokorraren eraginak goizetik sumatzen hasi dira Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako hainbat puntuetan, ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuen hitzetan, greba "jarraipen zabala" eta "arrakasta" izaten ari da, jarduera "ohikoa baino txikiagoa" izaten ari da, eta trafikoa ere "gutxiagokoa" da. Halaber, sindikatuen arabera, lanuztea inpaktua izaten ari da industrian. Hona hemen EnpresaBIDEA egiten ari den jarraipena.

 

Trafiko mozketak

Gipuzkoan, N1eko trafikoari eragin dio grebak. Izan ere, 7:00etatik 7:55era, moztuta izan da, Andoainen, bi noranzkoetan. Pasaiako Portuko eta Trintxerpeko sarrera ere moztu dituztela jakinarazi du Donostiako Kontseilu Sozialistak. Era berean, LABek esan duenez, Bergara, Oñati eta Arrasate lotzen dituen Elorregi biribilgunea blokeatu egin dute manifestatzaileek, bengalak erabilita. Biribilgune hori Debagoieneko industriarako lotune nagusienetakoa da.

 

 

Bizkaian, eta zehazki Bilbon, auto ilara luzeak pilatu dira. Hiriko hiru sarreratan —La Salven, Zabalburun eta EITBn— martxak egiten ari dira. Errekalde Zumarkalea ere erabat moztu dute. Halaber, Leioako Campusean ikasleek sarrera moztu dute. Abanto-Zierbenako El campillo industriagunerako sarbidean ere mozketak izan dira.

Araban, Gasteizko Amerika Latinako biribilgunean trafikoa moztu dute protestan ari zirenek. EHUn "M17-Greba orokorra" zioten kartelekin estali dute Farmazia fakultatea.

Nafarroan, azkenik, A10 moztuta izan da, Arruazu inguruan, mobilizazioak direla eta. Besteak beste, neumatikoak erre dituzte errepidean bertan. Dena den, dagoeneko zabalik dagoela baieztatu dute trafikotik. Gainera, Iruñeko errondan, Mutilva inguruan, mozketak izan dira lehen ordutik, eta Artika industriaguneko biribilgunean grebalariek oztopatu egin dute Berriozarko eta Arrotxapeako trafikoa.

Elkarretaratzeak

Nafarroako Gobernuaren ere elkarretaratzea egin du ELAk. Aurreko astean PSNk eta Zurekin Nafarroak PP eta Voxekin batera gutxieneko soldata propio baten aurka egin zutela salatu du sindikatuak. Era berean, sindikatuko zenbait kideek UGT eta CCOOren egoitzan pegatak jarri dituzte.

CGT, CNT, Solidari eta EHKSren piketeak CEN patronalaren egoitza aurrean ere izan dira.

Gasteizen, Alde Zaharrean batu dira EHKS eta CNTk deituriko manifestariak. Lau taldetan banatuta abiatu dira hiriburuko auzoetatik barrena "Kapitalismoa suntsitu" oihukatuz.

Industria ekoizpena "geldirik"

Sindikatu deitzaileek azaldu dutenez, grebaren jarraipena "oso zabala" izaten ari da enpresa handi askotan. Gipuzkoan, jarraipena ia erabatekoa da konpainia hauetan: KSB Itur; Inda Taldea; Elmubas; Korta; Ampo; Mendiaraz; Corrugados; Natra; Garay; Elay; Tesa; Yurrita; Arcelor Bergara; Ikankonitrek; CIE Legazpi; GKN; Indar; Hine; CAF Irun eta Beasain; Niessen; Lau lagun; Ubis; Mendiola; Ahlstrom, ITV zerbitzuak; Biele Azpeitia; Guerra Hnos Beasain; ABC Eibar; JMA; edo Indaux. Bide beretik, eta langileek hala erabakita, Irizar, Orona, Fagor Electrónica edota Ulma Embedded kooperatibek itxi egin dute gaur.

Nafarroan: Funvera; Savera; Torraspapel; Lakuntza Calor; Barranquesa; Omnia; Magotteaux; Arcelor Lesaka; Portland; Aceros Moldeados; GhGuema; Mecaisa; edo Guerra Hnosen jarraipen handia izan da.

Bizkaian (Cementos Lemona, Kide, Cikautxo, Nemak, Kauxot, Kutenik, Losal, Bruss, Pronutec, Teknia, Sermanfer, Winoa, Ingeteam, Alstom, Gestamp, Arisawa, Salica...); eta Araban (Cie Goian, AEG, Cie Nova Recyd, Cie Gameco, SAS Autosystemtechnik, Fibertecnic, Dominion, Tauxme, Wec, Arcelor, eta Laminaciones Arregui). Eragin orokorraz gain, aipatzekoa da Aiaraldean izan duen eragina: Maderas de Llodio, Tubos Reunidos, Tubacex, Inausa, Amurrio Ferrocarril, edo Envases Metalúrgicos enpresatan, besteak beste.

Sindikatuen arabera, grebaren jarraipena "nabarmena" izan da goizeko eta gaueko txandetan, eta agerian geratu da "Euskal Herriko langile klasearen antolakuntza eta borrokarako gaitasun handia".

HDmNQyTbEAIhj4Q
Goizeko manifestazio bat Gasteizen | Argazkia: LAB

Gutxieneko zerbitzuak

Ospitale, hezkuntza eta garraio sisteman gutxieneko zerbitzuak bermatu dira. Zehazki, honela:

  • Ospitaleetan, jaiegun bateko ohiko langileekin lan egingo dute. Lehen mailako arretan, larunbat baten adina langile izango dira , eta EAGetan eta larrialdi-zerbitzuetan, berriz, langileen %100ek lan egingo dute. Osasungintza arloko garraioan honakoak mantenduko dira: hemodialisi tratamenduetarako, tratamendu onkologikoetarako eta eguneko ospitalerako larrialdi zein programatutako garraioa, ospitaleen arteko larrialdiko garraioa, baldin eta mediku-ziurtagiriaren bidez egiaztatzen bada edo ohatila erabili behar bada. Zerbitzu horiek guztiak langileen %100 emango dira.
  • Hezkuntza-sektorean, zuzendaritza-taldeko pertsona bat eta beste langile bana bermatzen dira goizeko zein arratsaldeko txandarako, hezkuntza-etapa bakoitzeko irakasle banaz gain (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa). Haur Hezkuntzako zein Lehen Hezkuntzako ziklo guztietan, 100 ikasletik gora irakasle bana gehituko da. Unibertsitatean, atezainen plantillako pertsona bat izango da txanda bakoitzeko, sarbidea bermatzeko, eta azterketa dutenen kasuan, hura egiteaz arduratuko den irakaslea
  • Garraioek – autobusak, trenak, tranbiak, funikularrak eta ibai-garraioa – greba-deialdiarekin bat datozen ordu-tarteetan programatutako zerbitzu arrunten %30 izango dute.
  • Gasolindegien %20ren funtzionamendua bermatuko da.
  • Adinekoen edo mendekotasuna duten pertsonen egoitzetan zuzeneko arreta ematen duten langileen %50ek lan egingo du. Bazkaltzeko ohiko ordutegian eta goizeko 08:00etatik 10:30era eta 20:00etatik 22:00etara, berriz, %60 izango dira lanean. Erabiltzaileen profilaren %70k baino gehiagok II. edo III. mailako mendetasun aitortua duten egoitzetan, gerokultoreak edo parekatuak %70 izango dira. Gaueko txandan, arreta zuzeneko langileen %100ek emango du zerbitzua, eta egin beharreko lanak "zuzeneko arreta" gisa taxututakoak baino ez dira izango.