• EKONOMIA
  • Mubil CityScience Experience: Gipuzkoako mugikortasunaren etorkizuna eraikitzen

Mubil CityScience Experience: Gipuzkoako mugikortasunaren etorkizuna eraikitzen

Lurraldearen kohesioa, trantsizio ekologikoa eta garapen ekonomikoa uztartuta, Gipuzkoarako mugikortasun eredu berritzaile bat proposatzea du helburu egitasmoak

'Dashboard' digitala | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
'Dashboard' digitala | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
June Agirre Ansa
Kazetari kolaboratzailea
2025eko uztailaren 3a

Azken urteotan, mugikortasunaren inguruko hausnarketa ezinbesteko bihurtu da Gipuzkoan. Zeregin horren erdigunean kokatzen da City Science Lab Gipuzkoa proiektua, eta bertan gauzatzen den Mubil CityScience Experience ekitaldia.

 

Helburu argi batekin sortu zen ekimena: lurraldearen kohesioa, trantsizio ekologikoa eta garapen ekonomikoa uztartuta, Gipuzkoarako mugikortasun eredu berritzaile bat proposatzea. Ekitaldi hori bi urteko ikerketa prozesuaren emaitzak partekatzeko gunea izan da. Bertan, laborategian parte hartzen duten eragile desberdinak elkarlanean aritzen dira, Gipuzkoako mugikortasunaren erronkei modu kolektiboan aurre egiteko.

Proiektua 2023an sortu zen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Mubil-en eta Mit Media Lab-en arteko lankidetzari esker. Honetaz gain, lankidetza hitzarmen bat sinatu zen Tecnuneko (Nafarroako Unibertsitatea) ingeniaritza eskolarekin. Helburua ez da soilik diagnostiko teknikoak egitea, eragile guztien arteko elkarrizketa sustatzea baizik. Zuriñe Varela Aranguren, Gipuzkoako City Science Lab-eko zuzendari zientifikoak honako hau azpimarratu du: “Hemen, Gipuzkoan, mugikortasuna lerro estrategiko bat da eta zentro honek garatutako metodologia gure lurraldean daukagun lan egiteko moduarekin bat egiten du”. Proiektuak hiru zutabe nagusi ditu: CO2 isuriak murriztea, lurralde kohesioa sendotzea eta ekonomia garatzea. Arlo horietan aldaketak bultzatzea ezinbestekoa da trantsizio ekologiko eta sozial baterako.

 

Proiektuaren erronkak

Proiektuaren erronken artean, hiru geruza nagusi azaleratzen dira. Erronka nagusiak bigarren eta hirugarren geruzan aurkitzen dira:

  1. Lehenengo geruza: egungo mugitzeko aukeren azterketa. Azpiegitura, garraio zerbitzuak, lineak eta frekuentziak zehaztasunez aztertzen dira. Datu publikoetan oinarritutako geruza honek mugikortasun eskaintzaren mapa oso bat du. “Geruza honekiko oso berri onak ditugu. Informazioa landuta dago eta datuak publikoak dira. Orduan, egindako ikerketarekin ondo ulertu dezakegu egoera eta dauden aukera guztiak ondo desberdindu ditzakegu”, dio Varelak.
  2. Bigarren geruza: herritarrek aukera horiek nola erabiltzen dituzten. Hau da, mugikortasun ohiturak eta eguneroko erabilerak. “Hemen datuen pribatutasuna faktore bat da eta geruza hau aztertzerakoan erronka handi bat aurkitu dugu. Datuak pribatuak dira, eta, beraz, datu gordinak ezin ditugu argitaratu, anonimo bihurtzeko prozesu batetik igaro behar dira”.
  3. Hirugarren geruza: etorkizuneko nahiak, herritarren nahiak eta lehentasunak. Varelaren hitzetan, “hemen beste erronka gehigarri bat daukagu. Modelatzeko zailena da, datu kuantitatiboak baino gehiago kualitatiboak baitira, baina ezinbestekoa da mugikortasun politiketan parte hartze aktiboa sustatzeko”.

Dashboard digital berritzailea

Laborategiak garatutako tresna esanguratsuetako bat irisgarritasunaren dashboard digitala da. Honek Gipuzkoako edozein bizilagunek bere etxetik 80 zerbitzu desberdinetara (ospitalea, liburutegia eta ile-apaindegia besteak beste) iristeko zenbat denbora behar duen jakiteko aukera ematen du. Lau garraiobide aztertzen dira: oinezkoa, bizikleta, garraio publikoa eta autoa. Bero mapa baten bidez, irisgarritasunaren kolore kodea ikus daiteke: berde ilunetik (hiru minutu baino gutxiago) gorri ilunera (30 minutu baino gehiago). Varelak zera dio: “Laborategiak proposatzen duen erronka argia da: zerbitzu gehienak 30 minututik beherako irisgarritasunarekin eskuragarri izatea, auto pribatua erabili gabe”.

Etorkizunari begira

Etorkizunari begira, proiektu hau Gipuzkoako irisgarritasun eredu digital gisa ikusten du Varelak. Bertan, geruza kuantitatiboak (CO2 isuriak, logistika, irisgarritasuna) eta geruza kualitatiboak (herritarren ongizatea, iritzia) integratuko lirateke. Tresna horrek aukera emango du hainbat esku-hartze simulatzeko, eta horien eraginak modelatzeko. Horrela, politika publikoak eta enpresa erabakiak datuetan eta errealitate digitaletan oinarrituta hartzeko aukera egongo da, lurraldearen oreka eta bizi kalitatea erdigunean jarriz.

Zuriñe Varela: “Laborategiak proposatzen duen erronka argia da: zerbitzu gehienak 30 minututik beherako irisgarritasunarekin eskuragarri izatea, auto pribatua erabili gabe”

City Science Lab Gipuzkoako proiektua oso garrantzitsua dela azaldu du zuzendari zientifikoak, lurraldearen ikuspegi orokorra lantzen duelako. Ez dute arazo zehatzetara jotzen, irizpide geografikoak eta beste arloetan gertatutakoa kontuan hartuta ikuspegi orokor bat eratzen dute. Lurraldearen oreka errespetatzen dute, faktore desberdinak kontuan hartzen dituzte eta bertako bizimodua ulertzen dute. Mugikortasuna ez da helburu isolatua, bizi kalitatearen adierazle eta trantsizio ekologikoaren ardatz nagusietako bat baizik. Herritarren eguneroko bizitza eta lurraldearen garapena modu integratuan ulertzea eta lantzea da proiektuaren indar nagusia.