• EKONOMIA
  • Mubilen beste zentro bat eraikiko dute hazkunde fasean dauden enpresentzat

Mubilen beste zentro bat eraikiko dute hazkunde fasean dauden enpresentzat

Lehen urtean Eskuzaitzetan kokatutako poloak esperotakoa "gainditu" duela adierazi du Mendozak

Eider Mendoza diputatua eta César Gutierrez Mubileko zuzendari nagusia, gaurko agerraldian | Argazkia: GFA
Eider Mendoza diputatua eta César Gutierrez Mubileko zuzendari nagusia, gaurko agerraldian | Argazkia: GFA
2026ko maiatzaren 7a - 15:59
Eg. 2026ko maiatzaren 7a - 16:00

Mubilen mugikortasun jasangarri eta adimendunaren poloak urtebete egin du gaur, eta urteurrena erabili du erakundeak, errepasoa egin ezik, bere hazkunde eta finkatze estrategia aurkezteko.

 

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak esandakoaren arabera, urtebeterako eginiko aurreikuspen guztiak "gainditu" egin ditu poloak, "plangintzatik proiektua benetan gauzatzera" igaro baita. "Enpresen, zentro teknologikoen eta mugikortasun jasangarriaren eta adimendunaren esparruko eragileen ekosistema finkatzeaz" gain, "aurrera egiten" ari da "Europako erreferente gisa kokatzeko helburuan". Cesar Gutiérrez Mubileko zuzendari nagusiak gaineratu duenez, posizio horrek ahalbidetzen dio "datozen urteetan talentua, enpresak eta proiektu estrategikoak Gipuzkoara erakartzeko".

Helburu horretan aurrerapausoak eman asmoz, enpresa-zentro berri baten eraikuntza iragarri du Gutiérrez, Mubil Business Center delakoa. Egun Mubil Center denaren ondoan kokatuko da, eta 4.500 m² izango ditu, hazkunde-fasean dauden mugikortasun jasangarri eta adimenduneko ekosistemako enpresentzako. Eraikin horretan 7,5 milioi euroko inbertsioa egingo dute, bulegoez gain, I+Gko laborategiak, eta testeoak egin eta prototipoak probatzeko guneak izango dira. 2026 amaieran abiatuko dira lanak, ondo bidean. 

 

Irailetik aurrera, gainera, Eskuzaitzetara enpresa berriak erakarri asmoz, 6.683 m² eta 3.336 m²-ko bi lurzati jarriko daa eskuragarri iragarri da, Mubilen inguruan haren esparruko proiektu berritzaileak ezar daitezen. Era berean, datozen asteetan, Vicomtechen eta Cidetecen mugikortasun-zentro berrien inaugurazioa aurreikusi da.

Espazioez gain, nazioarteko kongresu bat Donostiak lehen aldiz hartuko duela ere iragarri dute, zehazki, Global CSL Summit delakoa. Azaroaren 4tik 6ra izango da, Kursaal Jauregian, eta MITen (Massachusetts Institute of Technology) City Science Networkek antolatu ohi duen hiri-zientzia, plangintza eta eraldaketaren arloko hitzordua da.