
Boterea erakusteko bide ugari badaude, Donald Trump AEBko presidenteak bide horiek guztiak agortu nahi dituela esatea ez da erokeria. Uztailaren 27an Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentearekin egindako bileran bazirudien, Europarekin behintzat, akordio bat zuela: kontinente zaharreko auto, erdieroale eta farmazia produktuentzat %15eko muga-zerga AEBn saltzeko; altzairu eta aluminioarentzat %50eko muga-zerga; energia alorrean 750.000 milioi dolarreko —648.000 milioi euroko— erosketa egitea; 600.000 milioi dolarreko —510.000 milioi euroko— inbertsioa; eta AEBko ekipamendu militar "ikaragarria" erostea. Beste hitz batzuetan, merkataritza gatazka ekiditeko Europak amore eman du. Xuabeago esan nahi bada, bien arteko merkataritza harremana birnegoziatzeko borondatea erakutsi du Europak, tartean merkataritza guda baten presioa izan dela ukaezina bada ere.
Gauzak hala, baina, badirudi akordioa bera eta Europako Batzordeak erakutsi duen jarrera ez direla nahikoak AEBko presidentearentzat. CNBC katean eginiko elkarrizketa baten argi utzi nahi izan du "oparia" egin diola Europari kondizioak onartuta, eta hitzarmena gauzatu egin behar dela; Europak bete egin behar du, bestela %35eko muga-zergak ordaintzera derrigortuko dituelako Trumpek. "Muga-zergak murriztu nituen, [...] 600.000 dolar emango zizkidatela esan zidatelako". "Ez dago detailerik, nahi dudan horretan inbertitzeko dira 600.000 milioi dolar horiek. Nahi dudana egin dezaket horrekin", azaldu zuen elkarrizketan.
Lehen pertsonaz egiten duen erabilera deigarriaz harago —dirua berarentzat omen dela ez daki Europak—, badirudi oraindik ez duela amaitu muga-zergen mehatxuarekin. Lengoaiaz egiten duen erabilerak —"oparia", "nahi dudanean inbertitzeko"...— pentsatzera eraman dezake edozein momentutan berriro ere iritziz aldatu dezakeela eta Europari gehiago eskatu.
Hitzok ikusita, are deigarriagoak egiten dira Friedrich Merz Alemaniako kantzillerraren hitzak, "merkataritza guda" ekiditeko balio dezakeen akordiotzat jo baitzuen AEB eta Europako Batzordearen artekoa. Petteri Orpo Finlandiako Lehen Ministroak ekonomia globalari eta finlandiarrari aurreikusteko gaitasuna eskaintzen diola esan zuen. Oro har, Europako politikan hitza "lasaitasuna" izan zen hitzarmenaren aurrean, nahiz eta "gauzak argitzea" ezinbestekotzat jo. Baina Trump eta "lasaitasun" hitza esaldi berean erabiltzea ez dakit bateragarriak diren.
Izan ziren ahots kritikoak, tartean Frantziako Lehen Ministro François Bayrourenak, Europarentzat "egun beltza" zela esan baitzuen, eta "sumisio" akordioa zela. Eta ez soilik maila politikoan. Gertuagokoan, Confebask, Adegi, Cebek eta SEAk ohar bitartezko adierazpen bateratua egin zuten joan den astean. "Akordioak gerra komertziala urruntzen badu ere, muga-zergen ezarpena definizioz txarra da, eta gure ekonomian eragina izango du, modu batera edo bestera". EAEri erreparatuta, "oztopo handia da gure industriarentzat", eta Txinarekin lotuko den harremana zein izango den definitzeko zain geratzen ziren, baita oro har "xehetasun gehiagoren eta letra txikiaren" zain. Japonen kasuan, adibidez, Toyota eta Hondak dagoeneko esan dute irabazietan jaitsierak espero dituztela.
Eusko Ganberak EAEko merkataritza ganberak bateratzen dituen elkarteak ere egin zituen adierazpenak ohar bitartez. "Akordioak, oro har, egonkortasuna ematen du, azalekoa eta aldi baterakoa behintzat, baina euskal esportazioentzat aurreko AEBko lehendakaritzan bizi izandakoa baino askoz ere egoera kaltegarriagoa eskaintzen du. Arantzeletik datorren gainkostuak esportazioen lehiakortasunean zuzenean eragiten jarraitzeaz gain, karga burokratiko handiagoak marjina garbia ere murrizten du", nabarmendu zuten.
Seguru asko, zuzenena da esatea honek guztiak nora eramango gaituen jakiteko goizegi dela. Eta Trumpen azken hitzak ikusita, goizegi dela, halaber, merkataritza gerrako mehatxuak amaitutzat emateko.