
Mondragon City Challenge ekintzailetza kooperatiboaren txapelketaren finalean eman ditu aditzera Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak AEBko muga zergei aurre egiteko hartu diren zenbait neurri berri.
Iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzak milioi eta erdi euro gordeko ditu Donald Trumpek produktuen inportazioari ezarri dizkion zergei aurre egiten laguntzeko. Diru hori kooperatibei eta lan-sozietateei egongo da bideratuta. Lehendakariordeak “mehatxu global” gisa definitu ditu Etxe Zuriak ezarritako zergak, eta “ziurgabetzat” jo du etorkizun hurbila.
Bestalde, laguntza sorta jarriko da martxan EAEko “gizarte osoari” zuzenduta, “zergen ondorioak arintzeko asmoz”: 2 milioi euro gordeko dira enplegu-erregulazioko espedientean dauden langileen langabezia-prestazioak osatzeko, batik bat, soldata baxuenak dituztenen kasuan (20.000 euro edo gutxiagoko kotizazio-oinarria duten enplegatuak). Hala, hilean 150 euro emango zaie %50etik gorako lanaldia dutenei, eta 100 euro lanaldi murriztuagoa dutenei.
Horrez gain, Torresek hizpide izan ditu Aukera Berri izeneko programa eta "Krisi-egoera potentzialean dauden Enpresen Behatokia". Lehengo laguntzak fokua jarriko du muga-zergek eragina izan duten sektoreetan kaltetuak izan diren langabeak birkokatzean. Behatokian, aldiz, “lehenago eta prebentzioz laguntza- eta erresilientzia-ekintzak ezarriko” dira.
90 eguneko geldialdia
Trumpek atzo iragarri zuen 90 egunez eten egingo zituela muga-zergak, tarifen gainean erantzunik eman ez duten herrialdeen kasuan. Eten baino, %10eko "zerga murriztu" orokorra izango dute inportazio guztiek. Txinak, esaterako, %84ko muga zergekin erantzun zionez AEBri, Trumpek %104tik %125era igo dio zerga Asiako herrialdeari.
Europako herrialdeetatik inportatutako produktuen kasuan %20ko muga zerga ezarri zuen AEBk. Europako Batzordeak %0ko muga zerga izatea eskaini zion AEBri, baina Trumpek ez zuen akordioa onartu.