Mugi txartelaren ohiko erabiltzaileek gutxiago ordaindu beharko dute hemendik aurrera, eta gutxien erabiltzen dutenek, aldiz, gehiago. Hala iragarri du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak, Elkarrekin Podemosekin batera lortutako akordioaren bitartez mugikortasun iraunkorrean egingo den inbertsioaren harira. Zehazki, Aldundiak 2,5 milioi euro bideratuko ditu garraio publikora, eta inbertsio horren barruan Mugi sistemaren tarifak aldatzea aurreikusten da.
Orain arte, sistemak hiru tarte bereizten zituen, erabiltzaileak egindako bidaia kopuruaren araberakoa: 1-20 bidaia, 21-50 bidaia, edo 51 bidaia baino gehiago. Tarifa berriekin, ordea, lau tarte egongo lirateke: 1-15 bidaia, 16-30 bidaia, 31-50 bidaia eta 51 bidaia baina gehiago. Gero eta bidaia gehiago egin, hobaria handiagoa izaten denez, tarte berria gehituta Mugi txartela gehien erabiltzen duten bidaiariek lehenago eskuratuko dituzte deskontuak. Esaterako, hilean 50 bidaia baino gehiago egiten dituenak, 8 zentimo ordaindu beharrean 4 zentimo ordainduko ditu; kontrara, hilean 15 bidaia baina gutxiago egiten dituenak, 66 zentimo ordainduko ditu, orain arteko 59 zentimoak beharrean.
Era berean, Mugi txartela ez dutenek eta bidaia solte bat erosten dutenek, 2,25 euro ordaindu beharko dituzte (gaur egun prezioa 1,95 eurokoa da). Aldundiak gaineratu du 15 urtetik beherakoen doakotasunari eutsiko zaiola, eta 26 urtetik beherakoentzat %50eko hobaria mantenduko dela.
Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiaren esanetan, aldaketaren helburua da eguneroko erabiltzaileak saritu eta fidelizatzea, eta, aldi berean, paperezko txartelen erabilera murriztea, trantsizio ekologikoan eta digitalean aurrera egiteko. Jose Ignacio Asensiok ere nabarmendu du neurri horiek "justizia sozialean eta ekintza klimatikoan aldi berean aurrera egin daitekeela islatzen" dutela, garraio publikoaren erabilera sustatu, familiei lagundu eta emisioak murrizten laguntzen dutelako.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta