• EKONOMIA
  • Bost kide berri ditu MLC-ITS Mugikortasun eta Logistika klusterrak

Bost kide berri ditu MLC-ITS Mugikortasun eta Logistika klusterrak

Fondo Formación Euskadi, Instituto Europa, Bideroad, Kontron eta Prospektiker konpainiak batu dira jada 136 erakunde biltzen dituen elkartera

Prospektikerreko kideak | Argazkia: Prospektiker
Prospektikerreko kideak | Argazkia: Prospektiker
2025eko irailaren 30a - 10:30

Zuzendaritza-batzordeak hala baieztatuta, MLC-ITS Euskadiko Mugikortasun eta Logistika klusterrak bost bazkide berri ditu: Fondo Formación Euskadi, Instituto Europa, Bideroad, Kontron eta Prospektiker. Gauzak horrela, jada 136 konpainia eta erakunde dira klusterraren parte (hamasei kide berri aurten sartu dira) eta MLC-ITSren fakturazio orokorra 14 mila milioi eurokoa da. Orotara, EAEko BPGren %15era iristen da klusterra, eta %3 I+G+b-ko inbertsiora bideratzen da.

 

Instituto Europa Aspasia Taldearen prestakuntza-zentro bat da, zeina langileen eta langabeen lanbide-heziketan eta prestakuntzan espezializatzen den; Fondo Formación Euskadi ere prestakuntzaren arloan espezializatzen da, eta urtean 11 mila pertsona eta 880 prestakuntza-ekintza baino gehiago kudeatzen ditu.

KONTRON
Argazkia: Kontron Electronics 

Bideroad enpresa CEIT zentro teknologikoaren spin-off gisa sortu zen plataforma eta softwarea da, bide-azpiegituren mantentze-lanen transformazio digitalera bideratutakoa. Kontron konpainia multinazionalak soluzio teknologikoak garatzen ditu mugikortasunean, trenen zein garraio publikoaren sektorerako. Bestalde, Prospektikerrek aholkularitza zerbitzuak eskaintzen dizkio sektore publiko zein pribatuari, “jasangarritasuna eta eragina bermatzen duten balioak eta aukerak sortzea helburu izanik. 

 

"Sektoreko enpresen eskaera gero eta handiagoa antzematen ari gara, berritzeko eta lankidetzan aritzeko", adierazi du Fernando Zubillaga elkarteko gerenteak. "Zalantzarik gabe, klusterrak tresna ezin hobea dira beharrezko sinergiak sortzeko eta aukerak biderkatzeko, Mugikortasuna eta Logistika trantsizio teknologiko, energetiko eta sozial hirukoitza bizitzen ari diren une ezin hobean", gaineratu du Zubillagak.