Elkargik antolatutako 36. Enpresa Topaketak Kanpo Arazoetako lau ministro ohi bildu zituen atzo Donostiako Kursaalean, munduko ordena berria eta horrek enpresetan izango duen eragina aztertzeko. Oinarria honakoa izan zen: geopolitikak esparru abstraktua izateari utzi dio, eta lehiakortasunaren egiturazko aldagai bihurtu da. Hala, galdera nagusi baten inguruan jiratu zen eztabaida: erraldoiek gobernatzen duten munduan, Europa garrantzirik ez izatera kondenatuta al dago?
Nazioarteko ordenaren gainbehera
Geopolitika eta ETEak izenburupean, Lourdes Pérez kazetariak moderatutako mahai-inguruak Kanpo Arazoetako lau ministro ohi bildu zituen: Josep Borrell Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkaria, Arancha González Laya Espainiako Atzerri ministro ohia, José Manuel García-Margallo Europako Parlamentuko Gai Ekonomikoen Batzordeko presidenteorde ohia eta Ana Palacio Kanpo Harremanetarako ministro ohi eta Munduko Bankuko presidenteorde ohia. Laukoteak une geopolitikoaren eta enpresa-sarean izan duen eraginaren zuzeneko irakurketa eskaini zuen, Europako ikuspegia abiapuntu hartuta.
“Aurten gauzak iaz baino okerrago daude”. Baieztapen horrekin eman zion hasiera Josep Borrellek mahai-inguruari; haren ustez, nabaria da testuinguru globalaren gainbehera, eta, lehenik eta behin, Iraneko gatazkan jarri zuen fokua. Bere aburuz, Israelek eta Estatu Batuek berriki Iranen kontra egindako erasoak are gehiago desegonkortu du munduko oreka ekonomikorako kritikoa den eskualdea, eta horrek kostu ekonomiko globalak izango ditu, jada ikusi ahal izan dugun moduan (petrolioaren prezioan, kasu). Europako goi-ordezkari ohiak, gainera, Europar Batasunak gatazkaren aurrean izandako erantzuna deitoratu zuen, “etsigarritzat” jo baitzuen europarrak estatubatuarren jarrerarekin lerrokatu izana.
Josep Borrell: “Aurten gauzak iaz baino okerrago daude”
José Manuel García-Margallo are urrunago joan zen: “Nazioarteko zuzenbideak 2014an Krimeako inbasio errusiarraren ondoren utzi zion existitzeari”. “Ez gaude aldaketen garai batean, garai baten aldaketan baizik”, defendatu zuen, nazioarteko sistema bat deskribatuz, non arau unibertsalak blokeen eta boterearen logikak ordezkatu dituen.
Arancha González Layak ñabardura garrantzitsu bat gehitu zuen: Iranen aurkako ofentsiba “aukerako gerra” gisa kalifikatu zuen, eta ez premiazko gerra gisa. Alegia, Gonzálezek zioen gerra ez dela esku-hartze humanitario bat izan, ezta berehalako mehatxu baten aurrean eman beharreko erantzun saihestezina ere. Gainera, Iranen egiturazko konplexutasunaz ohartarazi zuen (munduko petrolio-trafikoaren %20 inguru igarotzen da herrialde horretatik), eta nabarmendu zuen edozein eskaladak eragin zuzena izango duela Europako energia-fakturan.
José Manuel García-Margallo: “Nazioarteko zuzenbideak 2014an Krimeako inbasio errusiarraren ondoren utzi zion existitzeari”
Ana Palaciok, hain zuzen ere, dimentsio hori azpimarratu zuen: “Goazen energiaz hitz egitera. Horrek kezkatu beharko gintuzke, eta erantzun kolektibo bat eman beharko genioke”, berretsi zuen, Iranen jaurtitako misil bakoitzak oreka politikoa ez ezik, energetikoa ere aldatzen duela adieraziz.
Irango gerrarekin jarraituz, mahai-inguruan base militarren erabilera estrategikoa ere hizpide izan zuten, Espainiak eta Portugalek AEBen ofentsibari emandako erantzun ezberdinak adibide gisa jarriz; izan ere, Madrilek bere baseak erabiltzea ukatu du, baina Lisboak baldintzapean baimendu du Azoreetako Lajes basearen erabilera. García-Margallo kezkati agertu zen Espainiaren "jarrera singular" horrekin, arriskuak ekar ditzakeela iritzi baitu. Hain zuzen ere, logistika militarreko erabaki horiek zuzenean baldintzatzen dituzte segurtasun-eremuak eta merkataritza-bideak.
Ekonomiaren "arsenalizazioa" eta mehatxuak ETEentzat
Base militarrak gatazkaren ageriko aurpegia badira, ekonomiaren "arsenalizazioa" (González Layaren hitzetan) da enpresa txiki eta ertainentzako mehatxu ikusezina. Ministro ohia irmo agertu zen: merkataritza librearen aroa amaitu da, eta nazionalismo ekonomiko agresiboak hartu du haren lekua.
Egoeraren azterketa estrategikoaz harago, eztabaidak ekonomia errealean lur hartu zuen. Europak desoreka bikoitzari egin behar dio aurre: Estatu Batuen egiturazko defizita, nazionalismo kutsuko muga-sari politikak elikatzen dituena, eta Txinaren produkzio-ahalmenaren gehiegikeria, Europako merkatura esportatzeko presioa eragiten duena. “Txinak Europan kokatuko du AEBn koka ezin dezakeena”, baieztatu zuen ildo beretik Margallok. ETEentzat horrek lehiakortasun-galera, araudiarekiko ziurgabetasuna eta ahultasun energetiko handiagoa ekarriko duela azpimarratu zuten hizlariek. Gainera, historikoki Europak gaitasun handiagoa izan duen sektoreetan (eolikoa, automobilgintza, robotika…) teknologikoki aurreratutako produktu txinatarren erasopean daudela gogorarazi zuten.
Base militarrak gatazkaren ageriko aurpegia badira, ekonomiaren "arsenalizazioa" da enpresa txiki eta ertainentzako mehatxu ikusezina
Hala ere, González Layak gogorarazi zuen Europako esportazioen %70 EBko merkatura bideratzen direla, eta, horri esker, barne-merkatuan sakontzea lehiakortasun-tresna zuzena dela. “Europa integratuko balitz, bat izango balitz, enpresarientzako kostuak murriztuko lirateke”, gehitu zuen Gonzálezek.

Europa zatikatuta
Eztabaidako adostasunetako bat izan zen egiaztatzea Europak gaur egun ez duela posizio bakar bat kanpo-politikan. González Layak gogorarazi zuen iraganean denen izenean hitz egiten zuen Europako negoziatzaile bat izan zela, baina eredu hori ahuldu egin zela Trumpen lehen administrazioaren ondoren. Gaur, hiriburu bakoitzak bere erara interpretatzen ditu gatazkak: “Denok gaitzesten ditugu Iranen edo Gazan izan diren milaka heriotzak, baina Europak ez dio arazoari erantzun bateratu bat eman, Estatu bakoitzak ikuspegi nazionaletik aurre egin dielako egoerei”, salatu zuen Gonzálezek.
Ana Palacio: “Goazen energiaz hitz egitera. Horrek kezkatu beharko gintuzke, eta erantzun kolektibo bat eman beharko genioke”
Defentsaren auziak ere eztabaida osoa zeharkatu zuen. Borrellek defendatu zuen erantzun bideragarri bakarra Europa osoaren defentsa egitea dela, eta ez armada nazionalak batzea. “Bakea defendatu egin behar da”, ohartarazi zuen, gizartea “Estatu Batuek emanten duten segurtasunera ohitu delako”, zeina jada zalantzan jarri daitekeen.
González Layak defentsan egindako inbertsioa lehiakortasun teknologikoarekin lotu zuen zuzenean: “Defentsa hitzak adimen artifiziala, espazioa, robotika eta berrikuntza industriala esan nahi du”. Ildo beretik, errepikatu zuen Europar integraziorik gabe enpresek egitura-kostu handiagoak eta eskala-ahalmen txikiagoa hartuko dituztela beren gain.
Arancha González Laya: “Denok gaitzesten ditugu Iranen edo Gazan izan diren milaka heriotzak, baina Europak ez dio arazoari erantzun bateratu bat eman"
Elkargiren topaketak gogoeta sakona utzi zuen: geopolitika ez da kanpo-arazoetako kontua soilik, enpresen egunerokoan eragiten duen egiturazko aldagaia baizik. Washingtonen edo Pekinen hartzen diren erabakiek, edota gure inguruko base militarren erabilera estrategikoak, zuzeneko eragina izan dezakete enpresen bideragarritasunean, eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko, Europak beharrezkoa izango du batasun politiko eta ekonomiko handiagoa.