IEA Nazioarteko Energia Agentziak jakinarazi duenez, mundua dagoeneko elektrizitatearen aroan dago. Iaz argindarraren eskaria bi aldiz azkarrago handitu zen energia eskari orokorra baino. Txinan, esaterako, argindarraren pisua %3 handitu da azken urtean.
Mundu osoko energia eskariaren %27 eguzki energiaren bidez bete zela ere azaldu du nazioarteko erakundeak. Energia fotovoltaikoak gas naturala (%17) gainditu du eta gehien erabilitako energia iturria bilakatu da.
Energia teknologia guztiek izan zuten hazkundea iaz, baina erritmo desberdinak izan dituzte. Hala, gas naturalaren, petrolioaren eta ikatzaren (Txinan eta Indian, batik bat) eskariaren hazkundea moteldu egin da, eta eguzki energiak, energia eolikoak, nuklearrak eta hidroelektrikoak sortutako argindarrak bete du munduko energia eskariaren hazkundearen %60.
Txina da munduko herrialde kutsatzaileena, baina nabarmen murriztu du bere CO2 isuria. Beherakada hori energia berriztagarrien hazkunde azkarrak eragin du. Energia teknologia horren hazkundea geroz eta handiagoa da urtez urte, ez soilik Txinan baizik eta mundu osoan.