Munduak inoizko energia krisi handiena pairatu dezakeela uste du Bruselak. Hala esan du gaur Dan Jorgensen Europako energia komisarioak. Bere hitzetan, Ormuzko itsasarteak itxita jarraitzen duen heinean, Europako Batasuna balizko energia hornikuntza eskasiari aurre egiteko prestatzen ari da, batik bat, keroseno gabeko agertoki bati, nahiz eta Jorgensenek argitu duen oraingoz hornikuntza bermatuta dagoela.
Europako Batzordeak kezka handiz begiratzen du Ekialde Hurbilera, eta Jorgensenek argi azaldu du: “egungo krisiak ez du aurrekaririk”. Era berean, EBko 27 herrialdeen energia hornidura indartzeko beharra nabarmendu du. “Irango gerra eta Ormuzko itsasartearen blokea gure ekonomien, gizarteen eta aliantzen erresilientzia estutzen ari da”. Gaur, Bruselan, Dorin Junghietu Moldaviako energia ministroarekin eginiko bilera ostean egin ditu adierazpenok Jorgensenek.
Komisarioak ohartarazi du energia horniduran etenaldiak gertatzeko arriskua dagoela. “Goizegi da egoera normal batera noiz itzuliko garen zehazteko, baina agertoki baikorrenean ere egoera nahiko egoera zaila izango dugu”, esan du.
Hein horretan, daniarrak aitortu du Europaren mendekotasun energetikoa “kontu ekonomikoa” dela, baita “zaurgarritasun estrategikoa” ere, eta azpimarratu du EBk erronka duela “arriskuak kudeatzea, horniketaren segurtasuna bermatzea eta hiritarrak babestea, energia merkatuaren hegazkortasunaren aurrean”.
Gauzak horrela, “sareetako konexioen inbertsioa handitzea, energia iturriak dibertsifikatzea eta Europako energia merkatuaren integrazioan sakontzea” eskatu du, besteak beste. "Trantsizio energetikoa bizkortzea eta gure ekonomiak elektrifikatzea da egungo krisitik ateratzeko bide iraunkor bakarra, eta etor daitezkeenen aurrean bermerik onena", ondorioztatu du.
Irango gerra lehertu zenetik, EBko herrialdeek aurreikusitako baino 30.000 milioi euro gehiago gastatu dituzte erregai fosilak inportatzen. Ukrainako gerra lehertu zenean, Errusiari gasa eta petrolioa erosteari utzi zion EBk eta hornikuntza sarea dibertsifikatzeari ekin zion. Aitzitik, erregai fosilekiko duen mendekotasuna agerikoa dela oraindik erakutsi du Irango gerrak eragindako krisiak.