Munduko Kopa: FIFA irabazle, herrialdeak galtzaile

Nafarroa Arenan hitza jolas arituko dira bertsolariak. Urrunago, ordea, Mundu Koparen bila arituko dira Argentina eta Frantzia. Baloia jokoan jarri aurretik irabazlea nor izango den jakina da: FIFA. Mundu Kopak negozio oso errentagarria da futbol erakundearentzat. Kopa antolatzen duten herrialdeek, ordea, ezin dute gauza bera esan

Futboleko Munduko Kopa Futboleko Munduko Kopa

Final eguna dugu gaurkoa. Nafarroa Arenan geratzen denari so egongo da Euskal Herria. Bertsoa jokoan, hitza jolas. Final berezia izango da aurtengoa. Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala Nafarroan jokatuko delako lehen aldiz. Barakaldotik Iruñera egin du salto eta Nafarroako hiriburua izango da bertsoaren bilgune nagusia. Txapelketa Euskal Herriko plazen isla izango da aurten, inoiz baino gehiago. Hiru emakume igoko dira Arenako oholtzara lehen aldiz. Parekidetasunerako urrats garrantzitsua, hortaz, kristalezko sabaiak apurtze aldera. Sare sozialetan bolo-bolo dabilen memeak esan bezala, katarsia izango da Nafarroako Arenakoa. Qatar da, hain zuzen ere, beste finala hartuko duen herrialdea. Lusailen arituko dira, aurrez aurre, Frantzia eta Argentinako selekzioak. Iruñekoan ez bezala, mundu kopako finalak ez du umeen aldeko urratsik bilduko. Nabariak dira bi finalen arteko aldeak. Batean hitza jolas eta kultura irabazle. Bestean dirua da jokoan dagoena, eta irabazlea FIFA izango da.

FIFA Nazioarteko Futbol Federazioa 1904ean sortu zen, eta 211 herrialdetako federazioak biltzen ditu bere baitan. Nazio Batuen Erakundeak baino kide gehiago ditu, hortaz, FIFAk. Futbolaren arauak finkatzen ditu federazioak eta, batez ere, txapelketa nagusiak antolatzen ditu, Munduko Kopa, besteak beste. Nazioarteko federazioak bere xedeen hamaikakoa berriki aurkeztu du bere webgunean. Helburu nagusia arauen esparrua modernizatzea da, eta bigarrena diru-sarrerak handitzea da. Futbolaren balioaz behin da berriro goraipatzen duen erakundeak zortzigarren postuan ezarri du emakumezkoen futbola sustatzea. Balio positiboak babestearen helburua, aldiz, hamargarren helburua da. Azken helburua, futbola gizartera moldatzea da. Helburuen hamaikakoa ikusita oso nabaria da dirua eta negozioaren aldeko FIFAren hautua. Suitzan egoitza izan du orain arte FIFAk; aurten, ordea, Frantziara aldatu liteke.

2019 eta 2022 arteko ekitaldian 7.700 milioi euroko diru-sarrerak izango ditu FIFAk. Hurrengo lau urteetan 10.370 milioi euro

Hala adostu zuen Macron Frantziako presidentearekin. Le Monde egunkariak jasotako informazioaren arabera, aldaketaren arrazoia fiskala da. Parisen garatuko dituzten jarduerek etekin asmorik gabekoak izateak zerga onura handiak ekarriko lizkioke futbola arautzen duen erakundeari. Egun Suitzan oso zerga egoera faboragarria dauka, bere mozkinen gainean % 12ko zerga baino ez duelako ordaintzen. Lau urteko finantza ekitaldietan antolatzen du bere jarduera, mundu txapelketen arteko epeak. 2019 eta 2022 arteko ekitaldian 5.600 milioi eurotako diru-sarrerak jasotzea espero zuen 2020an egindako aurreikuspenetan. Aste honetan kalkulua eguneratu eta 7.070 miloi eurora igo dute. Hurrengo lau urtetarako aurrekontuak ere onartu du aste honetan FIFAk: 10.370 milioi euroko sarrerak 2023 eta 2026 bitartean. Zenbateko horretatik 9.150 milioi futbolean inbertitzea onartu du.

Zaharrak berri

FIFAren diruarekiko grina aspaldi da ezaguna eta eroskeria, ustelkeria eta iruzurkeria erakundearen berezko hiztegian maiz entzuten diren berbak dira. 2015ean Suitzako poliziak FIFAko goi mailako hainbat agintari atxilotu zituen, ustelkeriagatik. Nazioarte mailako polizia operazioa izan zen. Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Justiziak iruzurragatik, delitu-elkarteagatik eta kapitalak zuritzeagatik karguak aurkeztu eta gero abiatu zen polizia operazioa Latinoamerikako futbol txapelketetan 1990ko hamarkadaren hasieratik komisioak eta eroskeriak onartzeagatik.

2015ekoa ez zen operazio bakarra izan. 2020an FIFA aferak erakundeko goi-mailako karguak zipriztindu zituen. Errusia eta Qatarko 2018 eta 2022ko Munduko Kopen esleitze prozesuan eroskeriarik izan ote zen ikertzeko operazioa abiatu zuen Suitzako justiziak. AEBko justiziak, baina, ustelkeria lehenagotik zetorrela uste zuen. Izan ere, 2016an Joseph Blatter eta Michel Platini buruzagi historikoak kargugabetu zituen FIFAk eta Gianni Infantino, UEFAko burua zena, presidente izendatu zuten.

Errusia eta Qatarko 2018 eta 2022ko Munduko Kopen esleitze prozesuan eroskeriarik izan ote zen ikertzeko operazioa abiatu zuen Suitzako justiziak. AEBko justiziak, baina, ustelkeria lehenagotik zetorrela uste zuen

Errusia eta Qatarkoa, baina, ez dira izan susmopean lortu diren Munduko Koparen egoitza bakarrak. 2010eko txapelketarako Hego Afrikako egoitzaren hautagaitza ere ustelkeriarekin lotuta izan zen. 2016ko polizia-operazioaren ostean, FIFAk Hego Afrikako egoitza aukeratzeko eroskeria onartu zuen. 10 milioi dolar jaso omen zuten FIFAko hainbat kidek Hego Afrikaren alde bozkatzeko.

Negozio txarrak

Eroskeria kasuak ikusita herrialde, antolatzaileentzat negozio borobila direla pentsa baliteke ere, ez da hala. Hainbat dira Munduko Kopen errentagarritasuna jorratu duten ikerketak, Bloomberg etxearena edo Lausanako (Suitzako) ikerlariek Nature aldizkarian egindakoa, esaterako. 1966tik antolatutako futbol kopa guztiek, 2018an Errusian egindakoak izan ezik, sarrera baino gastu gehiago izan dituzte. Bideragarritasun gabezia egiturazko defizitekin lotzen dute ikerlariek, batez ere azpiegiturak egin behar direnean.

Qatarren adibidea argiena da, zalantza barik. Futbol tradiziorik ez du persiar golkoko emirerriak, eta futbol txapelketarako zazpi estadio berri egin behar izan ditu. Qatarrek Munduko Kopa nazioarterako erakusleiho bezala antolatu du, harreman publikoko eta marketin inbertsio gisa. Futbolaz eta, oro har, kirolaz baliatu izan da Qatar, hidrokarburoekin batera, estrategia geopolitikoa garatzeko. Horrelako nazioarteko txapelketak eskatzen dituen azpiegituren inbertsioak burutzeko arazo ekonomikorik ez du izan, hortaz, emirerriak.

1996tik egindako Munduko Kopa guztiek defizita suposatu zien herrialde antolatzaileei, 2018koak izan ezik

Beste zenbait kopetan, ez da horrela izan.  2002ko futbol kopa antolatu zuten Japoniak eta Hego Koreak. Txapelketak 5.727 milioi dolarreko zuloa utzi zien bi herrialdeei (2022ko kotizazioetan). Hegoafrikak 2010ean antolatu zuen Munduko Kopa. Horrelako ekitaldia antolatzen zuen Afrikako lehen estatua izan zen, eta inbertsio oso handia egin zuen. Txapelketak, baina, defizit handia suposatu zion (3.389 milioi dolar).

Hala ere, Ikerketek ez dituzte aintzat hartzen txapelketarekin lotutako zeharkako gastuak (azpiegitura turistikoak, kasu) eta ostalaritzaren sarrerak. Ikerketen emaitzak, beraz, aldatu litezke, baina ez errentagarritasun falta ezbaian jartzeko moduan. Bloombergeko txostenak FIFAren eragina agerian uzten du, nabarmenki. Nazioarteko futbol federazioak Munduko Koparekin lotutako ikus-entzunezkoen eskubide, babesletza eta merchandisingarekin lotutako sarrerak bereganatzen ditu oso-osorik. Herrialde antolatzaileak, aldiz, sarreren salmenten zati bat baino ez dute jasotzen.

"Herrialde anfitrioiari dagokionez, Munduko Kopa batek diru-sarrerak sortzen ditu oro har. Ondorio ekonomikoetan, turismoaz, ikusgarritasunaz eta gehiagoz ari gara, eta hori milaka milioi pertson iristen da"

Era berean, FIFAk txapelketarekin lotutako mozkinengatik zergak ez ordaintzeko salbuespena eskatzen die herrialde antolatzaileei. FIFAko buruak, Gianni Infantinok, zerga salbuespen hori azaltzeko orduan Munduko Kopak herrialdeentzat ekartzen dituen onurez hitz egiten du: "Herrialde anfitrioiari dagokionez, Munduko Kopa batek diru-sarrerak sortzen ditu oro har. Ondorio ekonomikoetan, turismoaz, ikusgarritasunaz eta gehiagoz ari gara, eta hori milaka milioi pertson iristen da. Gure ustez, FIFAk Munduko Txapelketa bat egiteko bete behar dituen baldintzei dagokienez, bidezko konpromisotzat hartzen dugu, kirolarekiko konpromisoa kontuan hartuta; uste dut guztiek dutela onura". Orain arte egindako ikerketek, ordea, Munduko Kopen onurak FIFAk baino ez dituela jasotzen erakusten dute. Emaitza, beraz, argia da: Diru kontuetan herrialdeak galtzaile eta FIFA irabazle.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK