
Zer nolako bilakaera izan du Nafarroako ekonomiak 2004tik 2024ra? Zer diote adierazle sozioekonomikoek? Halako galderei erantzuten die Gaindegia Euskal Herriko garapen sozial eta ekonomiko iraunkorreko behategiak egin duen txosten berriak, 2024 eta 2024 urte bitartean herrialdeak izandako garapena abiapuntu. Zehazki, Euskal Herria-Nafarroa konparazio ardatzean jarri du arreta, eta hain zuzen ere, txosten hori aurkezteko ekitaldia egin zen atzo Iruñean, Euskarabideako egoitzan.
Sozioekonomiaz hitz egiteak demografiaren bilakaeraz, ekonomiarenaz, gizartearenaz eta ingurumenarenaz hitz egitea eskatzen du. Lau esparru horietan jarri du fokua txostenak, Nastateko datuak abiapuntu, besteak beste. Lana aletzeko eginkizuna Anjeles IztuetaGaindegiako Batzorde Zientifikoko koordinatzailearen esku izan zen. Batzorde Zientifiko hori 17 ikertzailek osatzen dute, tartean Nafarroako Unibertsitate Publikoko hiru: errektoreorde eta Enpresa Garapeneko katedradun Martin Larraza, eta Soziologian doktore, ikertzaile eta irakasle diren Jaione Etxeberria eta Izaskun Andueza, azken hori atzo moderatzaile lanetan izan zena. Harekin batera izan ziren prentsaurrekoan arestian aipatutako Anjeles Iztuetaz gain, Nafarroako Gobernuko Industria kontseilari Mikel Irujo eta Gaindegiako presidente Iñaki Dorronsoro.
Sozioekonomiaz hitz egiteak demografiaren bilakaeraz, ekonomiarenaz, gizartearenaz eta ingurumenarenaz hitz egitea eskatzen du. Lau esparru horietan jarri du fokua txostenak
Hego Euskal herriko bi administrazio erkidegoek antzekotasun ugari dituztela nabarmentzea ezinbestekotzat jo zuen Iztuetak, autonomia eredu zein kontzertu-hitzarmen ekonomikoengatik. "Horrek bereizi egiten ditu Espainiako. Estatuko gainerako erkidegoetatik eta hemen aurkezten dugun emaitza hau ematen dute". Irujok, halaber, beste bi alderditan jarri zuen fokua: krisien aurrean izandako errreakzioa eta bi lurraldeen arteko elkarlana, besteak beste irailean berrituko den elkarlan protokoloari eta euroeskualdeak ematen duen egonkortasunari esker.
Norberak hitza modu separatuan hartu bazuen ere, batzuen eta besteen hitzak tartekatu egin dira jarraian irakurri daitekeen artikuluan.
Herrialde gazteena, baina zahartzen ari dena
Demografiaren bilakaera 20 urteko epean 100.000 biztanle irabazi ditu Nafarroak, 576.346 izatetik 683.525 izatera igaro baitira. "%18,6ko hazkundeaz ari gara, Euskal Herri osoan %10 hazi den bitartean. Biztanle gehien irabazi dituen herrialdea da", mahaigaineratu zuen Iztuetak. Gauzak hala izanik ere lurraldearen zahartze-tasa %137koa izan zen. Horrek esan nahi du 0 eta 14 urte bitarteko 100 haurreko 137 pertsona daudela 65 urtetik gorakoak. Jaiotzetan izandako beherakadaren eta heriotzetan izandako gorakadaren ondorio da. Euskal Herrian, baina, datua %168koa da. Alegia, gainontzeko herrialdeetan baino haur gehiago jaiotzen dira Nafarroan.
Migrazioari erreparatuta, Nafarroan bizi direnen 3tik 1 bestelako herrialdeetatik datoz: 89.950 Espainiatik, 17.797 Marokotik, 14.948 Ekuadorretik eta 11.293 Kolonbiatik. "Oso soziologia desberdina erakusten du horrek. Aniztasuna gero eta handiagoa da Euskal Herritik kanpo jaiotako biztanleen artean", azpimarratu du Iztuetak. Aipatzekoa da ez dagoela zifra bereizirik euskal lurraldeei dagokienez. %40rentzat, gainera, euren jatorrizko hizkuntza ez dira ez euskara, ez gaztelera.
Ekonomia sendoa da, baina sendoago izan liteke
Ekonomiari begiratuta, "gizartean dauden usteak deseraikitzen" ari direla plazaratu nahi izan du Gaindegiako Batzorde Zientifikoko buruak, besteak beste, industriak duen pisuari edota baratze izateari dagozkionak. Barne produktu gordina %83 hazi da herrialdean 2000. urtetik 2023ra. "2015etik urtero-urtero hazi da (2020 salbuespena)", nabarmendu du Irujok. Esportazioen mapa ere oso dibertsifikatua dago. "Horrek ekonomiaren sendotasuna erakusten du". Aipatzekoa da, dena den, inportazioen eta esportazioen arteko distantzia laburtzen doala urtero. 2022an, esportazio bolumena 20.570 milioi euroan kokatu zen, eta inportazioak 17.000 milioi euroan.
Halaber, Gaindegiaren egitekoa, Euskal Herriko datuekin ez ezik, Europan izan daitezkeen erreferentziazko eskualdeekin ere erkaketa egiten dute. Eta horretan bai ikus daitezke zenbait hobekuntzarako bide. Pertsonen erosahalmenari erreparatuta, 23.100 eurotik 41.300 eurora igaro da. Euskal Herriko batez bestekoa 39.100 euroan kokatu bada ere, aipatzekoa da Europar Batasuneko goi postuetatik oso urrun geratzen direla kopuru horiek. Danimarkako Hovestaden eskualdean, esaterako 90.400 euroz ari gara pertsonako.
Barne produktu gordina %83 hazi da herrialdean 2000. urtetik 2023ra
Ekoizpen adierazleetan Nafarroa Euskal Herriko batez bestekotik behera dago, 78.000koa izan baitzen 2023an, eta 81.7000 ekoa Euskal Herrian. Belgika, Danimarka eta Luxenburgoko erreferentziazko lurraldeak, berriz 80.000 eta 100.000ko bitartean aritzen dira.
Langabezia behera, baina pobrezia arriskua hobetzeke
Langabezia tasa %18an kokatzen zen duela 10 urte. 2024an, 7,7ra jaitsi da Euskal Herriko batez bestekoa %8an kokatu zenean. Aipatzekoa da goi mailako formakuntza duen pertsona kopurua: %29,9koa zen 2000. urtean; %50,1en kokatzen da zifra hori 2024an.
Soldatetan ere gorakada antzeman da, baina Euskal Herriko batez bestekoaren azpitik dago: 2023an 44.000 eurokoa bazen batez beste Euskal Herrian, Nafarroa Garaian 41.500ekoa, 28,5 eta 26,5 euro orduko, hurrenez hurren. Aldi berean, familien diru-sarreretan Euskal Herriko batez bestekotik 2.000 euro azpitik dago, 19.400 euroan. Ezin da ahaztu Euskal Herriko batez bestekoaren aurretik zegoela 2000. urtean.
2023an 44.000 eurokoa zen [soldata] batez beste Euskal Herrian eta Nafarroa Garaian 41.500ekoa
Beste datu esanguratsu bat: pobrezia edo bazterkeria %13,9an kokatzen zen 2015ean; %18,6koa da 2024an. EHko batez bestekoaren gainetik egoteaz gain —%15,9—, azken urteetan aldea geroz eta handiagoa da. "Desoreka nabaria da. Nafarroan 5 lagunetik 1 bizi da pobrezia arrisku egoeran", mahaigaineratu du Iztuetak. Gainera, arriskuak gora egin badu ere, gastu publikoaren hazkundea ez da maila berean gertatu. Gizarte gastua BPGaren %20,5ekoa izan zen 2019an —eskuragarri dagoen azken datua—, eta 2013tik mantendu da portzentaje horren bueltan. Euskal Herriko batez bestekoaren azpitik izan da —%24 urte berean— modu sistematiko baten.
Baratza bai, industria ere bai
Baratza bezala Nafarroak duen pisua ukaezina da, eta seguru asko horren erakusle dira bertan kontsumitzen den barazki eta fruta kopurua Euskal Herriko batez bestekotik gora kokatzea. "Baina ez dugu ahaztu behar elikadura nekazaritzaren inguruan dagoen industria hori guztia. %14ko hazkundea izan du. Eta hori ez da ohikoa. Nik beti gomendatu ohi dut sektoreko lantegi batzuetara bisita egitea. Digitalizazioa zein modutan sartu den oso modu nabarian ikus daiteke", plazaratzen zuen Industria kontseilariak.
"Nafarroako industria EHko batez bestekoa baino indartsuagoa da", nabarmendu du Iztuetak, bietan jaitsi bada ere
"Nafarroako industria EHko batez bestekoa baino indartsuagoa da", nabarmendu du Iztuetak, bietan jaitsi bada ere. 2000. urtean %32,5eko pisua zuen Nafarroan, eta %20,9ko pisua 2023an. Euskal Herrian, jaitsiera %30,6tik %25,7ra izan da. Azken hamar urteetan, dena de, industria nafarreko langile kopuruak gora egin du: 91.300 dira, 2015ean 65.000 langile ziren bitartean, Irujok nabarmendu duenez. Inbertsioetan egin den apustua horretzat gako dela esan du kontseilariak: "3.000 eurotik gorako inbertsioak gauzatzen ari dira une honetan askotariko proiektuak bultzatzeko", esan zuen kontseilariak. Halaber, sektore aeroespazialean edo biologia sintetikoaren esparruan ematen ari diren pausoak eta sortzen ari diren poloak adibidetzat ere jarri zituen.
Energia berriztagarrien aukera
Txostenak ingurumen esparruari ere erreparatu dio. Petrolioa izan da energia sortzeko iturri nagusia, kontsumoaren %45,5 izan baita 2011tik 2020ra. Azken urte horretan energia berriztagarriak %5,3ra iritsi ziren Gaindegiaren datuen arabera —%8ra Euskal Herrian—, eta energia elektrikoa %21,5era.
Hala ere, egun kontsumitzen den energiaren %24k jatorri berriztagarria du egun Nafarroan, Irujok esandakoaren arabera, "Europa mailan altuenetakoa". 2030ean %50era heltzeko aukeraz hitz egin du. 2021. urtera arte, energia berriztagarrien sorkuntza-potentzia 1,5 gigawattekoa zen, eta geroztik beste hainbeste ekoiztea ahalbidetuko duten energia eoliko eta fotovoltaikoko plantak eraikiko dira.
Halakoetan ere Europak duen egitekoa nabarmendu du Irujok. "AEBen parke eoliko berri bat egiten denean osagaien %50 AEBn ekoitzitakoak izan behar dute. Hemen %100 izan daiteke beste herrialde batzuetatik eratorritako produktuekin egindakoa". Antzeko politiken beharra bultzatzeko deia egin du, eta administrazioan bizkortasuna txertatzeko beharra azpimarratu du.
Eta euskara?
Euskara herrialde osoan dagoela nabarmendu du Gaindegiak, desoreka izanik ere: Iparraldean %70etik gora dira euskaldunak, %30 eta 60 bitarte erdialdean, eta hegoaldean %1etik behera. Iruñean 22.243 euskaldun bizi ziren 2021ean, 2001ean baino 6.748 euskaldun gehiago.
"Leku batzuetan presentzia sinbolikoarekin bada ere, euskara errealitate bat da lurralde osoan", diote Gaindegiatik. Hezkuntzan matrikulatutakoen %45ek ikasten du euskara eredu guztiak aintzat hartuta, alegia, %55ek ez du euskararik ikasten.