
CEIN Nafarroako Enpresa eta Berrikuntza Zentro Europarrak izena emateko epea ireki berri du Digitech growth & ScaleUp 2025 izeneko aholkularitza zerbitzurako, eta hamabi start-upek soilik edukiko dute aukera bertan parte hartzeko. Enpresa horiek aholkularitza jasoko dute haien zerbitzu edo produktuak merkatura iristeko eta, oro har, negozioaren hazkunderako.
Hamabi start-upek zortzi astez tutoretza jasoko dute aditu baten eskutik, eta zenbait alor landuko dituzte: bazkideen kudeaketa, inbertsioetara sarbidea, merkatua, salmenten hazkundea, finantzen kudeaketa, marketina….
Programa bi bloketan banatuko da, start-upen egoeraren arabera: batetik, start-up hasiberriak, produktua guztiz garatu gabe duten enpresak eta lehen salmentak egiteko laguntza behar dutenak; bestetik, jada publikoa daukaten enpresak, baina oraindik ere hazkunderako laguntza behar dutenak.
Enpresek programan parte hartu nahi badute azaroaren 30a baino lehen bidali beharko dute eskaera. Beharrezkoa izango da Nafarroan sortutako start-upa izatea, bai eta plataforma edo software propioa edukitzea ere. Europako Next Generation funtsen bitartez finantzatuko da programa; horrenbestez, parte-hartzaileek ez dute ezer ordaindu beharko.