Hirugarrena izeneko espazio berria ia prest dago start-up eta ekintzaileak jasotzeko. CEIN, UPNA eta Nafarroako Industria departamentuak elkarlanean sustatutako UPNAren Sario eraikineko gune berriak 2026 urte hasieran irekiko ditu ateak, helburu izanik ekintzailetza zientifiko-teknologiko eta digitala bultzatzea.
Hirugarrenak 1.280 metro karratu erabilgarri izango ditu. Besteak beste, coworkingerako gunea, start-upentzako bost bulego, erakusketak eta proiektuak aurkezteko gunea, formakuntzarako bi gela eta jantokia izango dira bertan, eta, orotara, 60 enplegu sortuko dituela aurreikusten da. Tech FabLab proiektuaren baitan sortu da espazioa, eta Europako Next Generation EU funtsen bidez finantzatu da.
Bertan izan dira gaur Mikel Irujo Industria kontseilaria, Uxue Itoiz CEIN zuzendari kudeatzailea eta Ramón Gonzalo UPNA unibertsitateko errektorea. Kontseilariak esan du “dudarik gabe, sinergia oso baliotsuak” sortuko dituztela gune berrian, eta Gonzalok zehaztu du gune berria unibertsitatearen ekintzailetza-estrategiaren barruan kokatzen dela, “berariazko gune bat behar zelako spin-offak sortzeko eta garatzeko”.
Hala, Hirugarrena erabili ahal izango dute, start-upek ez ezik, pertsona ekintzaileek, unibertsitateko ikasleek eta bestelako eragileek. Zientziarekin, teknologiarekin edota digitalizazioarekin zerikusia duten proiektuek aholkularitza zerbitzuak, merkatua aztertzeko laguntzak eta enpresa-azeleraziorako programak izango dituzte eskura. Enpresak sortzearekin lotura duten Gradu Amaierako Lanak eta Master Amaierako Lanak egiteko tokia ere izango da. Gainera, espazioaren gainean dagoen Nafarroako Berrikuntza Digitaleko IRIS poloaren zerbitzuak ere izango ditu guneak.