
Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Estatuko Administrazio Orokorrak akordioa hitzartu dute Hitzarmen Ekonomikoaren koordinazio-batzordean, 2024tik 2027ra bitarteko aurrekontuen oreka eta zorraren kontrola bermatzeko helburuarekin.
Itun horretan urteko % 0,3ko defizitaren helburua ezarri da, %0,1 autonomia-erkidegoentzat, baita %13,0ko zor publikoa ere. Estatuak aurreikuspen ekonomikoak aldatzen baditu, muga horiek berrikustea ere adostu dute bi administrazioek.
Lortutako hamabost konpromisoen artean, Nafarroak Espainiako Estatuaren karga orokorrei egindako behin betiko ekarpenaren likidazioa formalizatu da, baita 2022ko eta 2023ko zerga-doikuntzak ere, aurrez egin baitziren. Era berean, erabaki da Nafarroak eskumen autonomikoak finantzatzeko Espainiako Estatuaren aparteko funtsetan parte hartzea; horrek ekarpen ekonomikoa murriztea ekarriko duela adierazi dute.
Izan ere, funts horiek 13 milioi eurotik gorakoak dira, zeinak hainbat arlotan erabiliko diren, hala nola: hezkuntzan, lehen mailako arretan, sexu-indarkeriaren biktimentzako laguntzan eta inoren kargura ez dauden adingabeentzako laguntzan.
Jose Luis Arasti Nafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilariak nabarmendu duenez, akordio hori Foru Gobernuaren eta Gobernu zentralaren arteko “etengabeko elkarrizketaren” emaitza da. Gainera, aurreratu du lantzen ari dela Hitzarmen Ekonomikoaren Negoziazio Batzordean jorratuko diren gai berriak.