• EKONOMIA
  • Nafarroak 6.315 milioi euroko gastu muga ezarri du 2026ko Aurrekontu Orokorretarako

Nafarroak 6.315 milioi euroko gastu muga ezarri du 2026ko Aurrekontu Orokorretarako

Aurtengo aurrekontua baino %5,5 handiagoa izango da, inoiz izan den zifrarik altuena

Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilaria | Argazkia: Europa Press
Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilaria | Argazkia: Europa Press
2025eko irailaren 12a - 13:05

Nafarroako Gobernuak 2026rako gastu ez-finantzarioaren muga onartu du ezohiko bilkuran, eta 6.315,1 milioi eurora iritsiko da. Aurtengo aurrekontuarekin alderatuta, %5,5eko igoera suposatzen du horrek, hau da, 328,6 milioi euro gehiago. Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak azpimarratu duenez, igoera hori “gero eta zailagoa da, eskakizunak eta hartutako konpromisoak kontuan hartuta, baina Nafarroako Gobernuak gizartearekin duen konpromisoa erakusten du”.

 

Onartutako gehieneko gastutik Espainiako Estatuari egindako ekarpena (932 milioi euro) eta Toki Ogasunen Funtsa (345 milioi euro) kendu behar dira; hala, 5.038,1 milioi eurotan uzten du muga ez-finantzarioa, 2025ekoa baino %5,4 handiagoa. Muga hori finkatzeko, finantzazkoak ez diren diru-sarreren aurreikuspena hartu da kontuan (6.142 milioi euro), baita Espainiako Estatuarekin hitzartutako defizit-helburua (ia 88 milioi euro) eta Estatutako kontabilitatearen doikuntzak ere (85,3 milioi).

Arastiren hitzetan, 6.300 milioi euroak gainditzea “nafar guztion bizi baldintzak hobetzea edo, gutxienez, mantentzea ekarriko duen erabakia da”. Gastu-muga onartu ondoren, Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorren aurreproiektua egiten hasiko da Gobernua. Datorren astelehenean igorriko zaie departamentuei foru agindua, gastuaren banaketa eta jarraibide teknikoekin. Prozesua urriaren lehen hamabostaldian amaituko da, Gobernuak aurreproiektua onartzen duenean. Ondoren, organo aholku emaileek irizpena emango dute, eta, azkenik, Nafarroako Parlamentura bidaliko da.