• EKONOMIA
  • Enpresen fakturak berehala igortzeko NaTicket abiarazi du Nafarroako Gobernuak

Enpresen fakturak berehala igortzeko NaTicket abiarazi du Nafarroako Gobernuak

2025-2027 Iruzurraren aurkako Plana onartu zen atzo Nafarroan

José Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilaria | Argazkia: Europa Press
José Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilaria | Argazkia: Europa Press
2025eko irailaren 4a - 11:18

Enpresen fakturazio-erregistroak berehala Ogasunari igortzea ahalbidetuko duen NaTicket programa jarri du martxan Nafarroako Gobernuak, datozen hiru urteetarako. Zergadunen eta ogasunaren artean informazioa elkar trukatzea indartu nahi du Foru Gobernuak tresna berriaren bitartez, eta, aldi berean, egungo egoera sozioekonomikoaren beharrei erantzuna eman nahi die.

 

Hain justu, 2025-207 urteetarako Iruzurraren aurkako Planaren ildotik sortu da NaTicket, eta EAEko TicketBai-ren baliokide gisa uler daiteke. Gobernuak atzo bertan onartu zuen Iruzurraren aurkako Planak beste zenbait berrikuntza ere barne hartzen ditu, NaTicket tresnaz gain.

José Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak prentsaurrekoan azaldu zuenez, planari esker laguntza eskainiko zaie zergadunei. Izan ere, administrazio hizkera sinplifikatuko da, ordaintzeko erraztasun gehiago izango dira (kreditu txartela edo bizuma erabili ahal izango da) eta erabilerraztasuna sustatuko da. Arastiren hitzetan, hori guztia lagungarria izango da iruzurrari aurrea hartzeko, erabiltzaileari dena errazago betetzeko aukera emango baitio.

 

Bestalde, kontseilariak iragarri zuen zerga-kontrola hobetuko dela datozen urteetan, iruzurrak prebenitzeko neurriak hartuko baitira, bai zergen kudeaketan, bai ikuskapenean, bai diru-bilketan.