
Nafarroako 30.000 langile publiko deituta daude gaur greba egitera, astelehenean hala iragarri baitzuten LAB, CCOO, ELA, UGT eta Afapna sindikatuek. Zehazki, elkarretaratzea iragarri dute Iruñeko Vianako Printzea Kontsulta Zentroan 10:30etik 10:45 bitartean, Nafarroako osasun zerbitzuko langileei bideratuta. Aldi berean, bi manifestazio hasiko dira Iruñean bertan, bi ibilbide ezberdinekin. Arratsalderako ere iragarri dute manifestazioa, zeina 17:30ean hasiko den Bosquecillo parketik. Tuteran ere egingo da elkarretaratzea, 11:00etan, Foru Plazan.
Manifestazio eta elkarretaratzeekin langileek Nafarroako Gobernuari eskatu nahi diote langile publikoen lan baldintzak hobetzea, “ganorazko zerbitzu publikoa eskaintzeko ezinbestekoak baitira lan baldintza duinak dituzten langile publikoak”. Horrez gain, pribatizazio politikarekin amaitzea exijitu dute langileek, baita orain arte pribatizatutakoa berriro publiko egitea ere.
Zerbitzu minimoak dira eztabaidaren beste zutabe garrantzitsua. Izan ere, sindikatuek “gehiegizkotzat” jo dute, batik bat osasungintzaren arloan, greba jardunaldian ezarritako zerbitzu minimoak: funtzionamendu osoa bermatu da larrialdietan, ZIUan, erradioterapian, zainketa kritikoen unitateetan, erradioterapian, onkologian, ospitalizazioetan, eta osasun mentaletako langileen arloan. Hezkuntzaren sektorean ere zerbitzu minimoak gehiegizkoak direla salatu dute, eta administrazioari leporatu diote zerbitzu minimo horiekin greba deialdiaren inpaktua txikitu nahi izatea.