• EKONOMIA
  • Nafarroan iaz kontsumitu zen energia elektrikoaren %68k jatorri berriztagarria izan zuen

Nafarroan iaz kontsumitu zen energia elektrikoaren %68k jatorri berriztagarria izan zuen

Autokontsumo fotovoltaikoaren gorakada nabarmena izan da

Mikel Irujo kontseilaria txostenaren aurkezpenean | Argazkia: Nafarroako Gobernua
Mikel Irujo kontseilaria txostenaren aurkezpenean | Argazkia: Nafarroako Gobernua
2025eko abenduaren 15a - 13:01

Nafarroak beste urrats bat egin zuen trantsizio energetikoan 2024an, kontsumitutako energia elektriko guztiaren %68k jatorri berriztagarria izan baitzuen. Datu hori pasa den urteetakoa baino hobea da: 2023an proportzio hori %54,8koa izan zen, eta 2022an, aldiz, %45,9koa. Prentsaurrekoan, Mikel Irujo kontseilariak nabarmendu du bilakaera horrek islatzen duela iturri garbiek gero eta pisu handiagoa dutela foru erkidegoan.

 

Hazkundea, neurri handi batean, autokontsumo fotovoltaikoaren hedapenean oinarritzen da. Izan ere, Nafarroak 218 megawatteko potentzia du instalatuta autokontsumorako, eta 204 gigawattetik gorako produkzio metatua du; 2021ean, berriz, autokontsumorako 11 megawatt besterik ez zeuden instalatuta.

“Nafarroako elektrizitate-kontsumo ia guztia iturri berriztagarriek estaltzen dute dagoeneko”, azpimarratu du Irujok, “2030erako Europan ezarritako helburuak aise gaindituta”.

 

Aurkeztutako txostenean jasotzen dira, besteak beste, prezioei buruzko adierazleak. Iaz, Nafarroako batez besteko argindarraren prezioa orduko 100 euro/megawatt ingurukoa izan zen, 2022an izandako maila altuen oso azpitik. Aldi berean, zehazten da instalatutako potentzia totala %2,8 hazi zela aurreko urtearekiko, eta eguzki-energia fotovoltaikoa izan zela bultzatzaile nagusia, %24,1 handitu ondoren. Gainera, sorkuntza fotovoltaikoa %9,7 hazi zen, autokontsumoaren garapenari eta pizgarri-politiken ondorioz.

Aurrerapen horiekin batera, datuek adierazten dute petrolio-produktuen kontsumoak ere gora egin duela. 2024an 836.631 tona petrolio baliokide lortu ziren, 2023an baino %7,42 gehiago. Igoera, oraindik behin-behineko datuekin, Nafarroako BPGaren hazkundearekin lotuta dagoela dio txostenak, % 3,9koa izan baitzen.