Nafarroako egurraren sektorea mementu goxoan da egun. Azken urteetan administrazio publikoek eta eraikuntza jasangarriaren aldeko joerek egurraren erabilera bultzatu dute, batez ere etxebizitzen eraikuntzan eta Passivhaus ereduko proiektuetan. Testuinguru horretan, sektoreko enpresek aukera estrategikoa ikusi dute, bai ekonomiarentzat, baita ingurumenarentzat ere.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Nafarroako Gobernuak hondarreko hilabeteetan egurraren aldeko apustua egin du. Industria eta Trantsizio Ekologikorako kontseilari Mikel Irujok defendatu du egurraren eraikuntza aukera estrategikoa dela Nafarroako baso-sektorearentzat. Haren hitzetan, egurra “gero eta balio handiagoa hartzen ari da bertze materialen aintzinean”, bere jasangarritasunagatik eta karbono aztarna murrizteko duen gaitasunagatik. Gainera, Nafarroak baldintza bereziak dituela nabarmendu du; izan ere, lurraldearen %64 basogunea da eta Europako pagadi handienetako batzuk ditu.
Aitor Etxeberria (Maderas Azcona): “Hormigoiaren aintzinean benetako alternatiba da, etxean sortzen duen giroagatik eta jasangarritasunagatik”
Gaur egun Nafarroako egurraren sektoreak 531 enpresa baino gehiago ditu eta 4.600 langiletik gora. Guztira, 1.350 milioi euro inguruko fakturazioa sortzen du urtean, papergintza eta kartoigintza barne. Sektorearen arabera, gainera, datozen urteetako hazkunde nagusia eraikuntzatik etorriko da.
Egurraren sektorean ari da lanean Orkoienen kokatutako Maderas Azcona enpresa. Entrepresako gerente Aitor Etxeberria Azkonak azaldu digu azken urteetan nabarmen sumatu dutela administrazioaren bultzada. “Argi nabaritzen dugu Nafarroako Gobernuaren bultzada sektorean, batez ere eraikuntzan eta Passivhaus motako etxebizitzetan”, azaldu du.
Bere erranetan, egurra ez da soilik material estetiko bat: “Hormigoiaren aintzinean benetako alternatiba da, etxean sortzen duen giroagatik eta jasangarritasunagatik”. Izan ere, egurrak hainbat abantaila eskaintzen ditu eraikuntzan. Material arina eta moldagarria izateaz gain, obra prozesuak biziki azkartzen ditu. “Egurrarekin fiteago eraikitzen da”, dio Etxeberriak. Gainera, isolamendu termikoan ere emaitza oso onak eskaintzen ditu: “Etxeko beroa hobeki mantendu eta hotzetik isolatzen du”.
Lanbideko profesionalek defendatzen dute egurraren erabilera ez dela ingurumenaren aurkakoa, alderantziz baizik
Passivhaus ereduko etxebizitzetan bereziki emendatu da egurraren erabilera. Eraikin mota horien helburua energia kontsumoa ahalik eta gehien murriztea da, eta egurrak isolamendu termiko ona eskaintzen duenez, helburu hori lortzen laguntzen du. Gainera, hormigoiak edo altzairuak baino karbono aztarna txikiagoa uzten du, eta horregatik gero eta gehiago erabiltzen da eraikuntza jasangarrian.
Lanbideko profesionalek defendatzen dute egurraren erabilera ez dela ingurumenaren aurkakoa, alderantziz baizik. Nafarroako pagadiak eta baso eremuak baliabide estrategiko gisa ikusten dituzte. “Egurra lehengaitzat ateratzen baduzu, beste zuhaitz batzuk landa ditzakezu. Horrela basoa berritu egiten da”, azaldu du Maderas Azconako gerenteak. Bere ustez, gakoa da bertako egurra hemen bertan eraldatzea eta eraikuntzarako aprobetxatzea.
Hala ere, egurraren esparruak hainbat erronka ditu jomugan. Horietako bat profesional falta da. “Zurgin anitz falta da”, aipatu digu Etxeberriak. Bere erranetan, gaur egun instalatzaile gehiago dago benetako zurginak baino. Eraikuntzaren gorakadak hutsune hori are gehiago agerian utzi du.
Maderas Azconak biltegi eta banaketa zerbitzuak egiten ditu. Enpresak oholak, ateak eta zoruak egiteko egurrak saltzen ditu bertzeren artean
Bertzalde, Nafarroak egurraren sektorean erreferente izateko aukera handia duela uste du, baina industria gehiago behar dela nabarmendu du. “Nafarroa erreferente bihur liteke, baina zerrategiak ere falta dira”, dio.
Maderas Azconak biltegi eta banaketa zerbitzuak egiten ditu. Enpresak oholak, ateak eta zoruak egiteko egurrak saltzen ditu bertzeren artean. “Produktu bukatuak prestatzen ditugu: korteak, kanteatuak eta muntatzeko prest dagoen materiala”, azaldu du gerenteak.
Azken urteetan bezeroen pentsamoldea ere aldatu dela sumatzen dute entrepresan. Lehen egurra bigarren mailako aukera bezala ikusten bazen ere, egun jende gehiagok lehen aukera gisa ikusten du, bai jasangarritasunagatik, bai etxebizitzen erosotasunagatik. “Egurra erraza, azkarra eta sostengarria da”, laburbildu du Aitor Etxeberriak.
Nafarroak baso handiak eta Europako pagadi zabalenetakoak ditu eta, hortaz, aukera handia du egurraren eraikuntzan erreferente bihurtzeko
Nafarroak baso handiak eta Europako pagadi zabalenetakoak ditu eta, hortaz, aukera handia du egurraren eraikuntzan erreferente bihurtzeko. Horretarako, ordea, Aitorrek uste du ezinbertzekoa izanen dela tokiko industria indartzea, zerrategiak handitzea eta profesional berriak prestatzea.
Etorkizunera begira, Aitorrek dio Nafarroak aukera paregabea duela iparraldeko Europako herrialdeek jarraitutako bideari heltzeko. Finlandian, Suedian edo Austrian bezala, egurra eraikuntzaren erdigunean jar daiteke hemen ere. Baina horretarako, industria osoaren koordinazioa eta inbertsioa beharko dira.
Bitartean, Maderas Azcona bezalako enpresek eguneroko lanean jarraituko dute aintzina, egurrak etorkizun handia izan dezakeelako ekonomia moderno eta jasangarri batean.