• EKONOMIA
  • Nafarroako ekonomia hazi egin da, industriak atzera egin duen arren

Nafarroako ekonomia hazi egin da, industriak atzera egin duen arren

Urteko lehen hiruhilekoan %2,1eko igoera izan da BPGan

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026ko ekainaren 25a - 13:54
Eg. 2026ko ekainaren 25a - 13:55

Nastatek gaur eman ditu aditzera Nafarroako lehen hiruhilekoko BPGari buruzko dautak: lurraldeko ekonomia %2,1 hazi da, iazko epe berarekin alderatuta. “Estimazio horrek berretsi egiten du aurreikusitakoa”, azaldu du erakundeak. 

 

Hala ere, sektoreen dinamismoa xehe-xehe aztertuta, desberdintasun handiak antzeman daitezke. Zerbitzuen sektorea izan da hazkudearen motor nagusia, %3,4ko igoerarekin; bereziki garraioarekin, biltegiratzearekin eta administrazioarekin lotutako jarduerek izan dute dinamismo handiena. Aldiz, industriaren joera bestelakoa izan da: %0,3 egin du behera, sektore handien artean atzeraldia izan duen bakarra izanik. Hala ere, beste sektore handien hazkundeari esker (nekazaritza, zerbitzuak, eraikuntza…) Nafarroako ekonomiak eutsi egin dio urtearen lehen hiruhilekoan.

Eskariari dagokionez, etxeen kontsumoak indartsu hasi du urtea, %3,3ko hazkundearekin; administrazio publikoaren kontsumoa ere %2,6 handitu da, aurreko urtearen aldean.”Aitzitik, inbertsioak eta kapital-eraketa gordinak zertxobait moderatu dira, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta”, gaineratu du Nastatek. 

 

Azkenik, enpleguari eta soldatei buruzko xehetasunak eskaini ditu estatistika erakundeak: enpleguak %1,0eko igoera izan du urtebetean, eta soldatek, aldiz, %5,3koa.