• EKONOMIA
  • Nafarroako enpresak ekonomia zirkularrerako bidean

Nafarroako enpresak ekonomia zirkularrerako bidean

Sodena erakunde publikoak sustatutako Navarra Zirkular ekimenak enpresa eta eragileei laguntzen die haien jarduera zirkularragoa eta jasangarriagoa bilakatzen

Iruñean, 2025eko maiatzaren 16an, egindako ECIV proiektuaren topaketan parte hartu zutenekin egindako lan-saioa | Argazkia: Navarra Zirkular
Iruñean, 2025eko maiatzaren 16an, egindako ECIV proiektuaren topaketan parte hartu zutenekin egindako lan-saioa | Argazkia: Navarra Zirkular
Imagen 122
Kazetaria
2025eko urriaren 26a - 05:30

Navarra Zirkular 2022an sortu zen ekimen publiko-pribatua da. Nafarroako Gobernuko hiru sailek bultzatu dute ekimena: Industria eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalak; Landa Garapena eta Ingurumenak; eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara sailak ere. Horrez gain, Sodena eta Orekan enpresa publikoek eta LASEME Lizarraldeko Enpresen Elkarteak ere sustatu dute.

 

Gainera, alor pribatutik, Nafarroako partzuergoak eta enpresa-elkarteak ere murgilduta daude; izan ere, lurraldean ekintza-planak ezarri nahi dituzte, enpresei ekonomia zirkularrerako trantsizioa bermatzeko.

Sodenako jasangarritasun eta ekonomia zirkularreko zuzendariordea Montse Guerrero da. Bere hitzetan, "ekonomia zirkularra produktuen fabrikazioa birplanteatzean datza, horien berrerabilera sustatuz eta, horrela, lehengaien kontsumoa eta gehiegizko ustiapena eta hondakinen sorrera murriztuta".

 

Lau ardatzetan oinarritutako plana

Navarra Zirkular S4-Nafarroako Iraunkortasunerako Espezializazio Adimenduneko Estrategian jasotako programa bat da. S4k Strategy ingelesezko hitzaren S adierazi nahi du, eta 4 zenbakia adimen, espezializazio, estrategia eta iraunkortasun irizpideek markatzen dute.

Navarra Zirkularrek zerbitzu sorta zabala eskaintzen die enpresei, ekonomia zirkularrerako trantsizioa errazteko

Europar Batasunaren mailan antolatutako estrategia da, eta egokitu egiten da eskualde bakoitzaren arabera. Jasangarritasuna gutxien garatuta dagoen eskualde batzuetan, esaterako, S3 izenekoa aplikatzen dute oraindik, faktore hori kontuan hartu gabe.

Programa errealitatera eramateko neurri zehatzak

Programa definitzeko, hainbat parte hartze saio antolatu dira proiektuko kolaboratzaileekin (elkarteak, zentro teknologikoak eta lurralde-eragile gehiago), eta, bertan lehenetsi dira Zirkular 24-25 Nafarroako Ekintza Planean ezartzeko ekintzak. Sodenak Industriaren zatia koordinatzen du, eta hura arduratzen da planean proposatutako ekintzen jarraipena egiteaz; bestalde, ibilbide pertsonalizatuak egiten laguntzen du Sodenak, hala eskatzen duten enpresekin egiten dituen banakako elkarrizketen bidez, helburu izanik bakoitzaren beharren arabera ekonomia zirkularrean garatzen laguntzea.

Beste pilare bat da formakuntza. Zentzu horretan, “ekonomia zirkularreko katedra sortu da, Orekan erakundeak diseinatutakoa. Eta bai formazio arautua, bai kurtsoak ematen dira, hala nola, unibertsitateetan”, gehitu du Guerrerok. Beste ekimen batzuk dira ikerketa, berrikuntza eta garapenerako laguntzak, sentsibilizazioa eta finantza jasangarrien sustapena.

Presentación catalogo Plan de Acción
Proiektuaren diseinurako kolaboratzaileen lehen lan-saioa | Argazkia: Navarra Zirkular

Beste eragile batzuekiko interakzioak ere gehitu behar dira. Enpresa-erakundeek, aholkularitza-enpresek eta eskualdeko garapen-elkarteek osatzen dituzte. Haiekin "Europa mailako proiektu bat" lantzen da, ECIV-European Circular Innovation Valley izenekoa. Nafarroako Gobernua eta Sodena buru dituen proiektu horrek, Nafarroaren eta Europako beste eskualde batzuen arteko lankidetza bilatzen du balio-kate zirkularrak osatzeko.

Proiektuan parte hartu duten eskualdeetako batzuk dira Normandia (Frantzia), Suediako erdialdea, Herbehereetako iparraldea, Eskozia eta Valonia (Belgika). Horiek guztiek bat egiten dute Foru Komunitatearekin "beren hub eta aurrerapenekin eskualde aurreratuenak, aitzindarienak eta ekonomia zirkularrean eredu nagusienetakoak edukitzeagatik".

Montse Guerrero (Sodena): "Ekonomia zirkularra produktuen fabrikazioa birplanteatzean datza"

Elkarlan horrek “teknologien, produktuen, prozesuen eta bestelakoen etengabeko birplanteatzea dakar, amankomuneko merkatu europearrean produktu zein zerbitzu berritzaile eta zirkularren eskaintza ez ezik, kontsumo ahalik eta handiena izan dezan”.

Zerbitzuak enpresentzat

Navarra Zirkularrek zerbitzu sorta zabala eskaintzen die enpresei, ekonomia zirkularrerako trantsizioa errazteko. Horien artean daude: aholkularitza pertsonalizatua, ekonomia zirkularreko diagnostikoak, lankidetza-proiektuen garapena, ziurtagirietan laguntzea, talentu espezializatua bilatzea, langileen prestakuntza eta sentsibilizazioa, lantaldeetan parte hartzea, informazio espezializaturako sarbidea eta tresna praktikoak.

Gainera, enpresentzako eta laguntzaileentzako ekintza-planak nabarmentzen dira, honako multzo hauetan egituratuta: ekintza-ildoak eta lantaldeak —dauden praktikak eraldatzeko eta egokitzeko erronkarekin—, gaikako webinarrak, prestakuntza-programak, sare berrien sorrera eta harreman profesionalak.

Enpresa bakoitzak bide pertsonalizatua jarraitzen du, abiapuntuak desberdinak baitira

Enpresa bakoitzak bide pertsonalizatua jarraitzen du, abiapuntuak desberdinak baitira: batzuk ekonomia zirkularraren kontzeptuekin ohituta daude jada, eta beste batzuk, berriz, lehen aldiz deskubritzen ari dira.

Eta epe luzera zer?

Navarra Zirkularrek helburu hauek lortu nahi ditu: 200 enpresa atxiki, 75 proiektu bultzatu, 6 balio-kate aktibatu, eta bai 200 ikasle, bai 100 langile inplikatu.

Guerreroren arabera, adierazle horiek agenda zabalago baten zati dira, eta ekimenari lotutako enpresa eta proiektu guztietan zeharkako eragina edukitzea dute helburu. Gaur egun, adierazle horietako asko gainditu dira.

Navarra Zirkularrek helburu hauek lortu nahi ditu: 200 enpresa atxiki, 75 proiektu bultzatu, 6 balio-kate aktibatu, eta bai 200 ikasle, bai 100 langile inplikatu

Helburu horiek lortzeko, berariaz daude lanean epe ertainean, “lurraldeko eragileekin lankidetzan ibiliz eta harremanetan jarriz, funtsezko zirkulartasun-gai batzuetan, hala nola, nekazaritzako elikagaien industriako azpiproduktuen balorizazioan, bilgarri eta enbalaje zirkularrean eta industrian ura birsortzean eta birzirkulatzean, besteak beste".