
Nastat estatistika erakundearen arabera, iaz Nafarroan 10.174,6 milioi euro esportatu ziren, 2022an baino %4,9 gutxiago. Aldi berean, inportazioak ere beherakada izan zuten, %3,9koa, 6.999,4 milioi inportatu zirelarik. Merkataritza saldoa, beraz, positiboa izan zen iaz. Zehazki, 3.175,2 milioi eurokoa, 2022aren aldean, %7,1 gutxiago. Estaldura tasa %145,4koa izan zen, 2022an baino 1,6 puntu txikiagoa.
2023ko azken hilabetea soilik kontuan harturik, beherakada nabarmena izan dute bai esportazioek bai inportazioek. Esportazioak %17,7 txikitu dira 2022ko abenduarekin alderatuta, eta inportazioak %17,1.
Halaber, Nafarroako esportazio gehienak Frantziara, Alemaniara, Italiara, Portugalera eta Erresuma Batura egin dira. Igoera handienak Portugalen (%4,7) eta Frantzian (%3) eman dira, eta jaitsiera handiena (-%18,2) Erresuma Batuan.
Inportazioei dagokienez, automozio sektoreko pieza eta osagaiak inportatu dira gehien, %3,6ko hazkundearekin. Igoera hau Alemaniatik erositako lehengaien kopuruaren gorakadak ekarri du (%12,8).