• EKONOMIA
  • Nafarroako landa-eskolak, herrien despopulatzearen aurka

Nafarroako landa-eskolak, herrien despopulatzearen aurka

65 landa-eskola daude Nafarroan. Herrietan bizita ibilbide profesionala egin daitekeenaren adibide dira, hirietara lekualdatu gabe

Kristina Eraso landa-eskoletako aholkularia da | Argazkia: utzita
Kristina Eraso landa-eskoletako aholkularia da | Argazkia: utzita
Imagen 122
Kazetaria
2025eko ekainaren 16a
Eg. 2025eko ekainaren 16a

Landa-eskolak Nafarroako landa-eremuetan dauden Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak dira, graduanitzeko unitateak dituztenak: ikasle kopuru txikiagoak direla eta, klaseek hainbat ikasmailetako kideak hartzen dituzte barne.

 

Era honetako 65 ikastetxeak lurraldeko 12 zonaldetan banatzen dira, neurri handi batean eskualde geografikoekin bat egiten dutenak. Bakoitzak koordinatzaile bat (edo bi, eskualde batzuetan, osotara 16 koordinatzaile) dauka, eta koordinatzaileak hilabetero biltzen dira zereginak elkarrekin adosteko.

Herrien biziraupenerako ezinbesteko

Donezteben jaio eta bizi den Kristina Eraso Arregi landa-eskoletako aholkularia izan da azken lau urtetan.  Berak azaldu duenez, “Nafarroako udalerrien %82a landa-udalerriak dira, baina soilik biztanleriaren %27a bizi da horietan; izan ere, jende gehiena Iruñerrian eta, neurri txikiagoan, Tutera bezalako hirietan dago kontzentratuta”. Gainera, “udalerrien hiru laurden despopulatze-arrisku maila ezberdinetan (arina, ertaina, bortitza...) dira”.

 

Kristina Eraso: “Nafarroako udalerrien %82a landa-udalerriak dira, baina soilik biztanleriaren %27a bizi da horietan"

Ondorioz, “biztanleria txikia eta zahartua da eta zerbitzu gutxiago daude”. Nahiz eta “herrietan bizitzarako lehengaiak (ura, airea, janaria, energia…) beste inon baino eskuragarriago izan, jendea hiriguneetara doa bizitzera, han erosoagoa delako bizitzea”. Hori gelditzeko eta landa-eremua garatzeko “landa-eskolak ezinbestekoak dira”.

Erronkari edota Obanos

Landa-eskola duten eremuetako bat Erronkariko ibarra da, Pirinioan. Haren zuzendaria, Mikel Belasko Ortega iruindarra da. Belaskok dio, “Erronkariko landa-eskola zazpi herrik osatutako ibar honetan dagoen ikastetxe bakarra da”. Lehen, herri bakoitzak bere eskola zuen, baina despopulatzearen ondorioz, ikasle kopurua murriztu eta beste sei eskolak itxi zituzten.

“Promozioak gero eta txikiagoak dira eta gero eta ikasle gutxiago dira”, gehitu du. Dena den, azkenaldian beherakada “egonkortu” dela sumatu du. Adibidez, aurten “zazpi edo zortzi ikasle berri sartu dira”.

Amaia Altuna Martinezek 43 urteko tolosarra (Gipuzkoa) da. 2005an hasi zen irakaskuntzan eta gaur egun Obanoseko Ikastetxeko zuzendaria da. 2019az geroztik, Tafalla inguruko landa-eskoletako koordinatzailea da ere. Bere eskolan “kultur aniztasuna ez da oso handia baina zonalde honetako ikastetxeetan kultur aniztasuna bai”.

Graduanitzeko unitateak, aukera eta erronka

Erasoren hitzetan, “lankidetza naturala, estua eta sakona sortzen da, komunitatearen inplikazioaz gain”. Herria bezala, eskola bakoitza bakarra eta berezia dela dio. “Erronkari bezalako guneetan, graduanitzeko unitateak ez dira guk aukeratutako zerbait; baldintzen ondorioz garatu behar izan ditugu”, esan du Belaskok. Zuzendariaren arabera, “lehen, graduanitzeko unitateak gutxiesten ziren, baina azken urteotan gehiago balioesten dira; izan ere, orain Iruñerrian ere aurki daitezke”.

Unitate berdinean adin askotako ikasleak edukitzen saiatzen dira. Ikasleen ezaugarri nagusietako bat aniztasuna da; izan ere, adin berekoek ere ezberdinak izan daitezke mailari dagokionez: “Batzuk superdotatuak izan daitezke eta beste batzuk, ordez, behar bereziak dituzte”.

"Ikasleen arteko harremanak asko sendotzen dira, herrian ere elkarrekin aritzen dira”, dio Altunak, Obanoseko eskolako giroa deskribatuz. Bestalde, “gelan ere ezagutzak partekatzeko aukera dago, taldeak ez dira hain handiak izaten eta arreta handiagoa eskaintzeko aukera dago”. Erasok, horren ondorioz, ikasteko materiala “egokitu” behar dela esan du. Materiala bera ere “zaila da lortzea, batez ere euskarazkoa bada, gutxiago dagoelako”.

Amaia Altuna: "Ikasleen arteko harremanak asko sendotzen dira, herrian ere elkarrekin aritzen dira”

Bestalde, Erasok “azpiegitura falta” gehitu du: eskola askok “ez dute jantokirik; horregatik guraso askok ez dituzte seme-alabak landa-eskoletara eramaten, familia-kontziliazio kontuak direla medio”. Beste alde batetik, “arlo teknologikoan (Wi-fi sarea, baliabide digitalak…) ongi hornituak egon arren, tokira garraiatzea zaila egiten da”.

Baina erronkarik handiena, aholkulariaren ustez, zera da: “landa-eskolek eskatzen dutela administrazioarentzat oso inbertsio handia, eta ez da errentagarria ikasle gutxiei eragingo dielako”.

20250530 120743
Nafarroako landa-eskolen VII. Jardunaldien informazio-kartelak | Argazkia: Landa-eskolak

Bestalde, Altunaren esanetan, “irakasleen behin-behinekotasuna da beste zailtasunetako bat”. Izan ere, “beste ikastetxeek egin behar dituzten burokrazia guztiak ere egin behar dituzte, baina horretarako ez dute horrenbesteko giza-baliabiderik”. Gainera, “ikasle kopurua urtetik-urtera behera doa, jaiotze tasa beherantz doa eta herrietan gehiago nabaritzen da”. “Beti gabiltza ikasle berriak erakarri nahian; hiri handien ondoan bagaude familia askok hirietara eramatea erabakitzen dute landa eskolan jantokirik ez duelako edo beste eskoletan baino garestiagoa delako zerbitzu”, ondorioztatu du Obanoseko eskolako zuzendariak.

Despopulatzearen aurkako ekimena

“Landa-eskola despopulatzeari heltzeko eta landa-ingurua sustatzeko funtsezkoa da, komunitatearen kohesioa indartzen duelako”, ziurtatu du Erasok.

Honekin bat egin du Altunak: “Eskolak arnasa ematen dio herriari, familientzako oso garrantzitsua izaten da zerbitzu guztiak dituen eskola izatea, eta haurrek herrien etorkizunean eragin handia dute”. Ildo horretan, “herriarekiko lotura sustatzen du, herria, ohiturak, bertako kultura, atxikimendua... horrelako eskolek Udalekin, Gizarte Zerbitzuekin edota guraso elkarteekin harreman estua izaten ohi dute".

Belaskok azaldu duen bezala, “historikoki, landa-eremuetan, hezkuntza gehienbat hirira mugiarazteko zegoen bideratuta, ingeniaritza edo industria-sektoreetan lana aurkitu zezaten”. Hain zuzen ere, beraien helburuetako bat da erakustea Erronkari bezalako ibarretan lan-etorkizuna eratzea "erokeria" ez dela. Horretarako “ibarreko lanbide tradizionalak aukera gisa” aurkezten dira.

Mikel Belasko: “Historikoki, landa-eremuetan, hezkuntza gehienbat hirira mugiarazteko zegoen bideratuta, ingeniaritza edo industria-sektoreetan lana aurkitu zezaten"

Dena den, despopulatzea oraindik martxan da. Zuzendariak emandako datuen arabera, “nafar gazteen %20a Madrilera doa, eta Iruñeak eta beste hiriek erronkariarrentzat daukan erakargarritasuna ziurrenik antzekoa da”. Hala ere, haien helburua da “fenomeno hori pixkanaka beherantz joatea”.

Horrekin ados dago Eraso, ikastetxe horiek gaztek herria uztea ekidin dezaketela uste du. “Hau ez da berez gertatzen; irakasleek norabide horretan bideratu behar dituzte ikasleak”.