Azken hilabeteetan Osakidetza eta Osasunbideko medikuek astebeteko grebak egin dituzte hilero. Udaran lanuzte horiek uztekoak ziren, baina Nafarroako medikuek erabaki dute uztailetik aurrera grebarekin jarraitzea. Zehazki, greba mugagabea egingo dute arratsaldeetan.
Datorren astean, ekainaren 15etik 19ra dute greba astea Hego Euskal Herriko medikuek. Uda ondoren greba mugagabeari berrekitea planteatzen ari ziren sindikatuak, baina SMN Nafarroako Sindikatu Medikoak erabaki du uztailean ere lanuzteak egitea.
Sindikatuak salatu du ez daudela ados Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak egindako proposamenarekin. Halaber, medikuak Espainiako Osasun Ministerioak onartutako estatutu markoaren aurka daude, eta estatutu propio bat aldarrikatzen dute.
Iruñeko, Tuterako eta Lizarrako ospitaleetan eta Ubarmin klinikan elkartu ziren atzo medikuak, eta bilera egin ostean hartu zuten greba luzatzeko erabakia. “Haserrea eta ezinegona” aipatu dute sindikatuko ordezkariek, eta gobernuaren proposamena “zentzugabea” dela adierazi. Hala, “greba autonomikoa” egingo dute; horrek esan nahi du Espaniako Estatuan deituko diren balizko beste lanuzteetara ere batuko liratekeela.