Atzo Iruñean eginiko Nafarroako Topaketa Ekonomikoak buruz buru jarri zituen solasean Mikel Irujo Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilaria, eta Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasunekoa. Haiekin batera izan ziren Joseba Madariaga Laboral Kutxako Ikerketa arloko zuzendaria eta Javier Cortajarena Laboral Kutxako zuzendari Komertziala.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Mondragon taldeko finantza erakundeak antolatzen duen urteroko topaketan hizketagai izan zituzten, nola ez, Foru Erkidegoko ekonomiak bizi duen egungo egoera eta aurreikuspenak, baina solasaldian gizarte arazoek zein nazioarteko testuinguruak protagonismo berezia hartu zuten, baita atzo bertan aurkezturiko gobernuaren aurrekontuen lege aurreproiektuak ere. Hona hemen topaketak utzitako 7 gakoak.
1. Edalontzia erdi beteta, momentuz...
Madariagak partekatutako datuek erakusten dute hazkundea %0,5en bueltan izaten ari dela hiruhilean, azkenekoan %0,4koa izan bada ere. Gauzak hala 2026ko %1,9eko hazkundea aurreikusi du Nafarroako ekonomiarentzat. Perspektiban jarrita: Europakoa baino hobea, baina Espainiakoaren azpitik. Hazkundea bultzatzen ari den elementu nagusia barne eskaria —zerbitzuak— da, eta inbertsioek ere gorakada izan dute, kanpo eskariak behera egin badu ere. Madariagarentzat “edalontzia erdi beteta” ikusteko arrazoia da hori.
Enpleguari dagokionez, maila altuetan dagoela adierazi du ikertzaileak, nahiz eta interpretatzeko zailtasunak ere sumatu dituen erregularizazioak ekarritako ondorioak tarteko.
Hala ere, inflazioa da une honetan kezka nagusienetako bat. KPIa abuztuan %4,2an —erkidego mailako azken datu eskuragarria da— kokatu zen, eta hazkundeak lotura zuzena du energiaren prezioekin. "Krisi energetikoa lehengoratuta soilik itzuliko ginateke genuen egoerara", azaldu du Ikerleta taldeko buruak.
2027rako "desazelerazio txiki bat" aurreikusi du, beraz, BPGaren hazkundea 1,7an kokatuz.
2. ...baina industria koiuntura ahula
Nafarroan zerbitzuak dira hazkundearen motore nagusi, baina aintzat hartu behar da bertan ordezkatuta daudela oso arlo anitzetako azpisektoreak, eta denek ez dutela portaera berdina izan. Heterogeneotasun horretan, txikizkako merkataritzak edota hotelek gora egin badute ere, gau igarotzeek behera egin dute.
Industrian, aldiz, egoera orain urtebete baino okerrago dago, besteak beste inportatzen dena baino gehiago esportatzen delako. "Arazoa automobilak dira? Ez. Ekipo ondasunak dira negatiboan daudenak, eta horiek pisu nabaria dute Nafarroako ekonomian, Espainiarekin alderatuz gero, adibidez".
3. Geopolitikaren ziurgabetasuna
Nazioarteko testuinguru geopolitiko eta ekonomiko nahasi betean datu ekonomikoen azterketa egitea inoiz baino zailago bihurtu da. Madariagak berak gogoratu zuen urte hasieran eginiko aurreikuspenetan egoera “erosoa” aurreikusten zela 2026rako, are hazkundekoa, inflazioa dagoeneko kontrolpean izanik. Alabaina, gerrak eta shock energetikoak beste agertoki batean utzi dute Nafarroako eta, oro har, mundu mailako ekonomia.
Gauzak hala, aurreikuspenak egiterakoan zuhurra izan ohi den Madariaga are zuhurragoa izan zen. Irakurketa jada ez delako soilik ekonomikoa. "Geopolitika pertsona aldakorren esku dago", mahaigaineratu zuen. "Esango nuke, aldakorrak baino, pertsona arriskutsuak daudela. Zentzu horretan, Nafarroa ez dago zailtasunetatik at", adierazi zuen argi Arastik. Bestela esanda, agerian geratzen da tokiko kudeaketa ezin dela mundu mailako joeretatik bakartuta ulertu.
4. Txinaren indarra
Irujo kontseilariak gehien errepikatu zuen hitza "Txina" izan zen, enpresen ahotan han-hemen dagoen bera. "Kontziente izan behar gara Txinako gobernuaren bost urteko planak 'metatu' hitza jasotzen duela TIER 1 eta TIER 2 mailako enpresei dagokionean”, gogorarazi zuen Industriakoak.
Asiako erraldoiko enpresak mundu mailako erreferente bilakatu badira hainbat sektoreetan, jakina da 2035era begira agroelikadura esparruan esportatzaile garbi gisa kokatzeko apustua egiten ari direla. Ezin da ahaztu arlo horrek Nafarroako BPGan zein indar duen.
Irujo kontseilariak gehien errepikatu zuen hitza "Txina" izan zen, enpresen ahotan han-hemen dagoen bera
Bizpahiru urtetan, gainera, manufakturan izango den arazoa ere aipatu zuen kontseilariak. Izan ere, egun 1.000 milioi euroko defizit komertziala du Europak harekiko.
Apustu horretan, zer egiten ari da Txina? Irujok oinarri bezala hartu zuen publikotik ekosistema sortzeko egiten den inbertsioan, besteak beste formakuntza sustatuta edota punta-puntako I+G zentroen alde eginda. Zifra bat ere bota zuen: “urtean milioi bat ingeniaritik gora ateratzen dira Txinako unibertsitateetatik; Europar Batasun osoan, berriz, 150.000”.
5. Proaktibotasuna eta arintasuna
Next Generation funtsak aurten amaituko dira, eta parte hartzaileek aurreikusi zuten datozen urteetan inbertsio ekonomikoak, proiektuak aurrera aterako badira, tokian tokikoak izan beharko direla ziur asko.
Hala ere, neurriok aurrera ateratzeko bi irizpide hartu ditu gakotzat Irujok: batetik, proaktibotasuna eta anbizioa politiketan halakoak aurrera eraman ahal izateko; eta bestetik, arintasuna. Europar Batasunean lantzen ari diren industria azeleratzeko araudiak horretan lagun dezakeela iritzi dio.
Historian zehar, krisi sakonei aurre egiteko eredurik eraginkorrena inbertsio publiko indartsua eta gizarte-itunak uztartzea izan dela nabarmendu du Irujok, 1929ko Depresio Handiaren osteko New Dealean gertatu zen bezala. Kontseilariak nabarmendu zuenez, eredu horrek erakusten du sektoreekin koordinatutako politikek gizarte-polarizazioa ekiditen dutela eta muturreko jarrerak geldiarazten dituztela, herritarren bizi-kalitatea babesten denean eztabaida politikoa ere lasaitu egiten delako.
6. Posizio pribilegiatua eta burujabetza energetikoa
Testuinguru konplexuan, baina, Ekonomia kontseilariak mahaigaineratu zuen lurraldeak badituela abantaila lehiakor nabarmenak etorkizuneko ziurgabetasunei aurre egiteko, tartean kontuak onbideratuta izatea. Atzo bertan aurkeztu zuen aurrekontuen lege aurreproiektua, zeinak 7.284,8 milioi euroko aurrekontua aurreikusi duen, 2026koa baino %8,1 handiagoa. "Nafarroak behar dituen kontuak direla uste dugu", aitortu zuen, nahiz eta ez zuen bestelako xehetasunik eman, horiek datorren astean aurkeztuko baitira.
Sektore estrategikoetan aurrera egitea, pharma edota agro arloan kasu. "Orain aste batzuk lorturiko mugarria izan da Nafarroan kontsumitutako energia guztia iturri berriztagarrietatik eratorritakoa zela", gaineratu zuen. Hala ere, egun dagoena areagotzeko beharra nabarmendu zuen Irujok, elektrifikazioa sustatuta, horrek "lehiakortasun gehiago" ekarriko baitu.
Horrekin batera, topaketan gogorarazi zuten Foru Erkidego izaerak berak posizio "pribilegiatuan" uzten duela. Madariagak aipatu zuen zor publiko ratioa baxua duela, eta azken ekitaldietan lortutako emaitza positiboek eta Espainiako Ekonomia Ministerioaren dekretuak bidea ematen dute gastu-ahalmena gizartearen eta ekonomiaren mesedetan baliatzeko.
Egoera hori bereziki nabarmentzen da nazioarteko testuinguru zabalagoarekin alderatzen denean. Mundu mailan herrialde garatu askoren kontu publikoak desoreka handian daude: Ameriketako Estatu Batuetako zorra BPGaren %120 ingurukoa da, eta Frantziarena %116koa, biek ala biek defizit estruktural esanguratsuak dituztelarik. Hala ere, Nafarroako marjina hobeak ukaezinak badira ere, horrek ez du esan nahi edozein krisi etorriko balitz, marjina hori nahikoa izango litzatekeenik.
7. Etxebizitzaren arazo konplexua
Azken asteotan hedabide guztien lehen lerroak hartu dituen gaiari ere erreparatu diote solasaldian. Kasu honetan, Cortajarena izan da gaiaz hausnartu duena, eraikinen birgaitzeak krisi horretan suposa dezakeen konponbideaz galdetu diotenean.
Arlo Komertzialeko buruak gogorarazi du birgaitzea ez dela "arazo ororen konponbide bakarra", baina eskaintza handitzeko tresna "eraginkorra" izan daitekeela beste politika batzuekin uztartuz gero.
Birgaitzea ez da "arazo ororen konponbide bakarra", baina eskaintza handitzeko tresna "eraginkorra" izan daitekee beste politika batzuekin uztartuz gero
Nafarroaren kasuan, eraikin parkea zaharra dela, etxebizitzen batez besteko antzinatasuna 54-55 urtekoa baita. Logikotzat ere jo du garai horretakoa izatea, higiezin asko 1950eko eta 1960ko hamarkadetan eraiki baitziren, industrializazio "goiztiarra"-ren ondorioz. Hori abiapuntu, 330.000 etxebizitzen zati handi bat birgaitzeko "aukera" dago, "energia-eraginkortasuna hobetzeko eta hutsik dauden etxeak merkatura bideratzeko". Zentzu horretan, bizilagun komunitateek birgaitze lanak elkarrekin sustatzera ere gonbidatu ditu, besteak beste eurea bezalako bankuek halako kasuetan eskaintzen dituzten abantailak kontuan hartuta.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta