• EKONOMIA
  • Nazioarteko Diru Funtsak marraztutako hiru testuinguruen gakoak

Nazioarteko Diru Funtsak marraztutako hiru testuinguruen gakoak

Gerraren iraupenak baldintzatutako agertokiak dira hiruak

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026ko apirilaren 15a - 10:01ak
Eg. 2026ko apirilaren 15a - 12:39ak

Nazioarteko Diru Funtsak World Economic Outlook munduko aurreikuspen ekonomikoen txostena partekatu zuen atzo. Lehendik baikortasuna agerikoa ez bazen Donald Trumpen politikak tarteko, oraingoan are agerikoagoa da ezkortasuna, Irango gerraren eragina dela eta. Are gehiago, "in the shadow of war" —gerraren itzalpean— titulua jarri dio, eta liskar belikorik izan ez balitz aurreikuspenek hobera egingo zutela ere esan du. Gauzak hala, mahai gainean jarri dituen hiru agertokietatik hiruek gerraren iraupenarekin dute lotura. 

 

1. agertokia: gerrak iraupen motza du

Entitatearentzat gerraren iraupena motza den agertokia da oinarrizkoa edo erreferentziazkoa, eta horretan ekonomia moteldu egiten bada ere, ez da krisi larririk sortzen. Gauzak hala, agertoki honetan %3,1eko hazkundea aurreikusiko luke mundu mailan, urtarrilean esandakoa baino %0,2 txikiagoa. Beherakada horren arrazoi nagusia inflazioaren hazkundea da: %4,4ra iritsi daitekeela dio erakundeak. Petrolioaren prezioa upel bakoitzeko 82 dolarren bueltan geratuko litzateke.

Eurogunearen kasuan, %1,1eko hazkundea espero du NDFk, iaztik %0,4 behera eginez. Alemania eta Frantzia %0,8 eta %0,9 hazkiko liratekeen bitartean, Espainiak %2,2 egingo luke gora. Gainera, 2027rako hazkunde ekonomikoa %3,2koa izango litzateke, urtarrilean aurreikusitakoari eutsita. 

 

2. agertokia: gatazka luzatzearen ondorioz, hornidura energetikoan arazoak

Bigarren agertokian, adverse scenario edo kaltegarri deiturikoan, gatazka luzatu egingo litzateke, hornidura energetikoa modu nabarian kolpatuta, energia inportatzaileen kaltetan. Izan ere, petrolio upela nabarmen garestituko litzateke batez beste, 100 dolarren bueltan kokatua, eta horrek inflazioa %5en bueltan kokatuko luke. Gainera, ziurgabetasunak ere gora egingo luke, ekonomia ahulago bihurtuta, eta hazkundea %2,5ekoa izanda asko jota.

3. agertokia: energia hornidura eteten da

Arriskurik handieneko agertokia da hirugarrena, zeinetan gatazka luzatzearen ondorioz energia hornidurak etenaldia sufritzen duen. Horrek petrolio upelaren prezioa 110 eta 125 dolar bitarte kokatuko luke, eta inflazioa %6aren bueltan. Egoerak krisi arriskua areagotuko luke, ekonomiaren hazkundea %2ra eramanez, eta baldintza finantzarioak gogortu eta interes tasak igo egingo lirateke.