EAEn gero eta gehiago ekiten da, baina ekiteko modua ere aldatzen ari da. GEM Euskadi 2025-2026 txostenaren arabera, hasierako faseko ekintzailetza-tasa %6,8ra iritsi zen 2025ean, aurreko urteko %6aren aldean. Laugarren urtez jarraian egin du gora, azken 22 urteetan lehen aldiz. Hazkundearen atzean, ordea, bada kopuru hutsetik harago doan aldaketa bat: beharragatik soilik ekiten dutenen proportzioa minimo historikora jaitsi da, eta merkatuan aukera bat ikusten dutenek pisua irabazi dute.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Jon Hoyos txosteneko zuzendari teknikoaren ustez, horrek ekintzailetza-ereduaren bilakaera erakusten du. Proiektu berriek berrikuntza eta nazioartekotze handiagoa dute, eta jarduera hastean batez beste langile gehiago izateko joera ere nabarmendu du. Izan ere, hasierako ekimenen %56,2k produktu edo zerbitzu berritzaileak eskaintzen ditu, eta %33,6k atzerriko merkatuetan saltzen du. Hoyosen iritziz, proiektu berriek euskal enpresa-sarera ezaugarri positiboak ekartzeko aukera dute, gizarte- eta ingurumen-irizpideekiko arreta handiagoa ere antzeman baitute. Datuek ez dute negozio berrien biziraupena neurtzen. Baina potentzial horrek galdera bat uzten du airean: nola bihurtu hasierako bultzada hori denboran iraungo duen negozio?
EAEk ekintzailetzari laguntzeko ekosistema garatua du, eta nazioarteko ekonomia aurreratuen artean balorazio ona jasotzen du. Hala ere, Hoyosek hutsune bat ikusten du proiektuak enpresa bihurtu aurretik. Ideia batek merkatuan benetako beharra duen egiaztatu, irtenbidea probatu edo prototipoak prestatu behar izaten dira laguntza-programa jakin batzuetara iritsi baino lehen. Fase horretan agertzen da berak “ekintzailearen bakardadea” deitzen duena: ez da finantzaketa falta soilik, erabaki horiek hartzeko orientazio falta ere bada.
Azken urteetan emakumeek errenta-maila baxuagoetatik ekiten dute, eta gizonek jarritako hasierako kapitalaren erdia baino gutxiago erabiltzen dute beren proiektuetan
Bakardade horrek ez die denei berdin eragiten. Diru-sarrerak berehala behar dituen autoenpleguko proiektu batek tarte txikiagoa du akatsak egiteko edo eskariaren beherakada bati eusteko. Ikerketan oinarritutako enpresa teknologiko batek, aldiz, urteak behar ditu bere irtenbidea merkaturatzeko. Horregatik, Hoyosek “kapital pazientearen” beharra azpimarratu du, baina baita unibertsitate eta ikerketa-zentroetatik enpresa berrietara igarotzeko bideak erraztearena ere. Haren esanetan, ikertzaile batzuek merkatura eramateko moduko emaitzak dituzte, baina ez dakite nola egin jauzia, eta pizgarri nahiz orientazio falta sumatzen dute.
Finantzaketa datuek ere erakusten dute abiapuntua ez dela berdina guztiontzat. Ekintzaileen %93,6k aurrezki propioak erabiltzen ditu, eta %26k banku-finantzaketara jotzen du, 2024an baino gutxiagok. Hoyosek argitu du lehenengo datua ez dela ezohikoa beste ekintzailetza-ekosistema batzuetan, eta bigarrenak ez duela berez frogatzen bankuetara jotzeko aukerak agortu direnik. Bere kezka nagusia da aurrezki pertsonalekiko mendekotasunak lehendik dauden desberdintasunak areagotu ditzakeela.
Emakume ekintzaileen egoerak argi erakusten du arrisku hori. Hoyosek azaldu duenez, azken urteetan emakumeek errenta-maila baxuagoetatik ekiten dute, eta gizonek jarritako hasierako kapitalaren erdia baino gutxiago erabiltzen dute beren proiektuetan. Norberaren baliabideak funtsezkoak direnean, alde horrek proiektuaren lehen erabakiak baldintza ditzake: zenbat inbertitu, zenbat denbora itxaron edo zenbat arrisku hartu. Ez da, beraz, ekiteko borondatearen kontua bakarrik. Baliabide gutxiagorekin abiatzen denak zailtasun handiagoak izan ditzake bere ideia probatzeko eta handitzeko, negozioaren aukerak berdinak izanda ere. Laguntza berdinak eskaintzeak ez du esan nahi denek aukera berdinak dituztenik.
Azken urteetan ekintzaileen batez besteko adina 37 urtera jaitsi da, 2023ko 44 urteetatik
Horixe da Hoyosek laguntza-programen inguruan azpimarratzen duen ideia: ekintzailetza ez da errealitate homogeneoa. EAEn programak espezializatzen aurreratu den arren, ekintzaile batzuek beren beharretara egokitzen ez den atea jotzen jarraitzen dute. “Ez dakit programa gehiegi dauden”, dio; haren ustez, argiago azaldu behar da norentzat den bakoitza. Tokiko zerbitzu txiki batek eta nazioartean hazteko sortutako enpresa teknologiko batek ez dute ibilbide bera. Horregatik, neurri bakar bat guztiei aplikatu ordez, zein unetan eta zer helbururekin ekiten den kontuan hartzea proposatzen du. Bestela, laguntza-sarea zabala izanda ere, proiektu batzuk haren zirrikituetan gera daitezke.
Laguntza egokia aurkitzea are garrantzitsuagoa da esperientzia gutxiagorekin hasten direnentzat. Azken urteetan ekintzaileen batez besteko adina 37 urtera jaitsi da, 2023ko 44 urteetatik, eta Hoyosek positibotzat jotzen du gazteen presentzia handitzea. Teknologia eta kontsumo-joera berriak antzemateko gertutasuna dute, baina sare profesional urriagoak izan ditzakete eta bezeroen edo inbertitzaileen konfiantza lortzeko zailtasunak ere bai. Gainera, biztanleriaren %54,2k porrot egiteko beldurra adierazten du. Ekiteko gogoa hazten ari den arren, arriskuaren aurreko jarrerak eta esperientziarik ezak ere baldintzatzen dute noraino irits daitekeen proiektu bat.
Hurrengo urteetako lehentasunak zehaztean, Hoyosek itxuraz urrun dauden bi errealitate lotzen ditu: ikerketa teknologikoa merkatura eramatea eta jabeen erretiroagatik arriskuan dauden tokiko negozio bideragarriei jarraipena ematea. Lehenengoetan, ezagutza enpresa bihurtzeko bideak eta epe luzeko inbertsioa behar dira, eta bigarrenetan, lehendik funtzionatzen duen jarduera ez eteteko erreleboa. Ez dira erronka berdinak, baina ondorio bera dute: ekintzailetza sustatzea ez da enpresa berriak sortzera mugatzen. EAEn gero eta gehiago ekiten da. Orain, proiektu bakoitzak aurrera egiteko zer behar duen asmatzea da gakoa.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta