
Standfordeko Unibertsitateak eguneratu egin du munduko ikertzaile onenen zerrenda, eta, aurten ere, Neikerreko hiru ikertzaile agertzen dira bertan: Zuzendari Zientifikoa den Carlos Garbisu doktorea, Inma Estévez Animalia Ekoizpeneko Departamentuko ikertzailea eta Ramón Juste Animalia Osasuneko Departamentuko ikertzailea.
“Aitortza ikaragarri” horrek Scopus atariko zientzia arloko argitalpenetako aipuak hartzen ditu oinarri, eta nazioarteko erreferentzia zientifikoko dokumenturik “entzutetsuena” da, zientzialarien lanak zein eragin izan duen ezagutzeko baliagarria baita.
Neikerrek azpimarratu du aitortzak zentroaren “bikaintasun zientifikoa” erakusten duela, eta are gehiago kontuan izanda ikertzaile kopuru txikia duela euskal zentroak, rankingeko beste zentro askoren aldean.
Hiru ikertzaileek ibilbide profesional luzea dute. Estévez doktorea laugarrenez sartu da zerrendan, eta bai Juste bai Garbisu zazpigarren aldiz sartu dira. Estévez doktorea zoologian lizentziatua eta etologian doktorea da, hainbat erakundetan eta herrialdetan ikerketak egin ditu (Kanada, Suedia, Frantzia, AEB), eta NEIKER zentroan ari da lanean 2008tik; bere lan nagusiak dira hegaztien portaera sozial-biologikoari eta ongizateari buruzkoak, baita sektorearen erronkei aplikatutako sentsorika eta metodologiak garatzea ere. Juste doktoreak animalien osasunean jarri du arreta, paratuberkulosiaren kontrolerako modelo matematiko epidemiologiko eta ekonomikoak eginez, mikobakteriosiaren ikerketan sakonduta eta nazioarteko lankidetzetan jardunda. Garbisu doktoreak lurzoruetan bizi diren mikroorganismoen funtzioetan egin du lan, nekazaritzarako lurzoruen kutsadura eta osotasuna aztertuz; bere ikerketa ardatza da nekazaritza jasangarriaren trantsizioan: ekosistemen biodibertsitatea eta erresilientzia sustatzea funtsezkoa da Garbisuerantzat.