Nekazarien traktoreak Gasteizko kaleetara atera dira gaur goizean Europako Batasuna eta Mercosurren arteko akordioaren aurka egiteko. Ataca elkarteak deituta, 50 bat traktore atera dira Fernando Buesa Arena pabiloitik, eta EBri eskatu diote Mercosurrekin akordiorik ez ixteko, “Europako elikagaien subiranotasuna mehatxuan” jartzen duelako, eta lehen sektorearentzat kaltegarria izango delako. Europak datorren astelehenean, urtarrilaren 12an, aurreikusten du akordioa izenpetzea.
Bihar ere mobilizazioak egingo dituzte, eta pasa den abenduaren 26an hala egin zuten. Laborariek salatzen dute Mercosurrekin akordioa itxiz gero, Europako merkatuak lau aldiz handiagoa den nekazaritza sektore batekin lehiatu beharko lukeela, zeinak soldata, zerga eta ingurumen baldintza txikiagoak dituen, eta ekoizpen estandarrak betetzen ez dituen.
Raul Beitia Ataca elkarteko presidenteak azaldu du behi-aziendaren inportazioak %30 eta %60 artean igoko liratekeela akordioa sinatuz gero, eta haragi horrek hazteko hormonak eta antibiotikoak izango lituzkeela. "Guk eskakizunak eta araudiak ditugu. Akordio honetan ez dira sartzen Espainian eta Europan ematen diren baldintzak, ezta berme sanitario eta fitosanitario berberak ere", nabarmendu du.
Beitiak erakunde publikoei eskatu die lehen sektorean pentsatzeko, “Europa guztiari jaten ematen” baitio, eta esan du “lan asko eta bizitza handia ematen diela herri eta landa-eremuei”.
UAGA Arabako nekazarien elkarteak ez du bat egin Ataca elkarteak deitutako protestekin, eta horren aurrean, Beitiak sindikatuaren jarrera tamalgarritzat jo du, eta adierazi du ez dutela ulertzen zergatik ez duen EB eta Mercosurren arteko akordioaren aurka egiten.