
Hitzarmena sinatu dute Nekazari eta Abeltzain Txikien Batasunak (UPA) eta ENBA Euskal Nekazarien Batasunak (bai Gipuzkoakoak, bai Bizkaikoak). Akordioak ez du epemuga finkorik, eta helburu du erakundeak elkarrekin “nekazaritzako eta abeltzaintzako familia-ustiategien alde” egitea. Hala, ENBAk UPAko organoetan (Batzorde Federalean eta Kontseilu Federalean) parte hartuko du. Bide batez, otsailaren 19 eta 20an Madrilen egingo den UPAren 11. Kongresu Federalean ere izango da ENBA.
Erakundeen ustetan, funtsezkoa da indartzea “nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategien titularren interes sozioekonomikoen defentsa”; besteak beste, azpimarratu dute gazteak sektorean sartzeak duen garrantzia, eta gaineratu dute berdintasuna sustatu behar dela.
Lorenzo Ramos UPAko idazkari nagusiak azaldu du bi erakundeak “bat datozela”, bai ideietan, bai posizionamenduetan, baita izpirituan ere. Nabarmendu du sektoreko familia eta afiliatuei laguntzeko lan egingo dutela elkarrekin. Karlos Ibarrondo Bizkaiko ENBAko presidentea eta Iñaki Goenaga Gipuzkoako ENBAko presidentea ere pozik agertu dira lotutako hitzarmenarekin, “elkarrekin indartsuagoak” baitira.