• EKONOMIA
  • Nekazaritzan erreleboa bermatzeko 25 milioi euro erabiliko dira EAEn

Nekazaritzan erreleboa bermatzeko 25 milioi euro erabiliko dira EAEn

Estrategia berria aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek, datozen urteetan gazteak erakartzeko arriskuan dagoen sektorera

Estrategia berriaren aurkezpena | Argazkia: Arabako Foru Aldundia
Estrategia berriaren aurkezpena | Argazkia: Arabako Foru Aldundia
2025eko apirilaren 4a
Eg. 2025eko apirilaren 4a

Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko foru aldundiekin batera, aurkeztu berri du EAEko Nekazaritza Sektorearen Belaunaldi Erreleborako Estrategia Integral berria. Datozen hiru urteetan 25 milioi euro bideratuko dira estrategia “anbiziotsu eta eraldatzailera”, eta helburua da hamar urtean sektorean 1.250 gazte sartzea. Hala, ekimena baliagarria izango da “funtsezkoa den sektoreari” jarraipena emateko, eta, aldi berean, “lurralde-oreka lortzeko”.

 

Datuen arabera, 1.500 nekazaritza ustiategitatik 750 inguruk ez dute erreleborako inor izango, eta, hortaz, arriskuan dago ustiategi horien jarraipena epe labur eta ertainean. Horri erantzuna emateko, estrategia zortzi arlotan banatu dute, eta 22 neurri aurkeztu dira.

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak bost jarduera “aipagarrienak” azaldu ditu. Batetik, bi sentsibilizazio kanpaina abiatuko dira, sektorearen balio ekonomiko zein estrategikoa ezagutarazteko eta jende berria erakartzeko; ustiategien bitartekaritza bulegoak sortuko dira, errelebo prozesuetan laguntza eskaintzeko; Gaztenek izeneko programa berrikusi eta indartuko da, eta beste zenbait laguntza-lerro berri ere sortuko dira; bestalde, Sendotu finantza-tresna finkatuko da, zeinak 9,75 milioi euroko aurrekontua izango duen gazteei jardueren lehenengo urteetan maileguak abalatzeko.

 

Datozen hilabeteetan martxan jarriko dira aurrez aipatutako jarduera horiek, baita beste zenbait ere. Barredoren ustetan erreleboa ziurtatzea ezinbestekoa da, “lehen sektorea oinarrizko zutabea baita”, eta Xabier Arruti Gipuzkoako Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuak gehitu du baserritarrak “funtsezkoak direla” landa ingurunea eta naturaguneak zaintzeko.