• EKONOMIA
  • Nekazaritzaren sektorerako bi dirulaguntza berritu ditu Gipuzkoako Aldundiak

Nekazaritzaren sektorerako bi dirulaguntza berritu ditu Gipuzkoako Aldundiak

Nekazaritza ustiategietan inbertsioak egiteko eta gazteak sektorera erakartzeko deialdiak dira

Guztira 4,7 milioi euro erabiliko dira bi laguntzetarako | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
Guztira 4,7 milioi euro erabiliko dira bi laguntzetarako | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
2025eko abenduaren 22a - 12:34

Gipuzkoako nekazaritza sektorearentzat bi dirulaguntza deialdi jarri dira martxan gaur: bata, nekazaritza ustiategietan inbertsioak egiteko; bestea, nekazaritza ustiategietan nekazari gazteak ezartzeko.

 

Inbertsioak egiteko deialdia 3,6 milioi eurokoa izango da, aurreikuspenen arabera, eta diru hori Aldundiaren funts propioekin finantzatuko da. “Ustiategien bideragarritasuna hobetzea helburu” duen programak orotarako inbertsioak egiteko eska daitezke: teknologikoak, makineria hobetzekoak, energia efizientziarekin lotutakoak... Aurten 180 ustiategik jaso dituzte laguntzak, eta gehiengoak (%46) makinak erosteko erabili du dirua, baita eraikingintzarako (%42) ere. Dirulaguntzaren bidez Aldundiak “bertan bizi eta jarduten dutenen bizi-baldintzak hobetu” nahi ditu, baita “eraginkortasuna eta errentagarritasuna” bermatu ere.

Bigarren deialdiak gazteak ditu fokuan. Hain zuzen ere, Gaztenek izena du programak, eta nekazari gazteak sektorera erakartzeko xedea du. 1,1 milioi euro erabiliko dira 2026an deialdia finantzatzeko, “nekazaritza sarea indartu, belaunaldi erreleboa sustatu eta landa eremuaren jasangarritasun ekonomiko zein sozialean laguntzeko”. 2005ean jarri zen martxan Gaztenek, eta ordutik 362 gipuzkoarrek parte hartu dute; iaz, 19 pertsonek baliatu zuten programa, izan familiako ustiategiaren kudeaketa bere gain hartzeko, izan nekazaritza zein abeltzaintza proiektuak martxan jartzeko.