Azken urteetan zuhurtzia izan du oinarri Laboral Kutxak aurreikuspenak egiterakoan. Eta zuhur jokatu du beste behin datorren urteko aurreikuspenak plazaratzerakoan. Datuok atzo aurkeztu zituzten Ibon Urgoiti Negozio Garapenerako zuzendariak eta Joseba Madariaga Ikerketa departamentuko zuzendariak, lehenik, Bilbon, eta ondoren Iruñean eginiko prentsa agerraldi banatan, bigarrena Javier Cortajarena Lurralde zuzendariarekin batera.
Gauzak hala, Laboral Kutxatik aztertutako datuek diote hazkunde parekoa izango dutela EAEko eta Nafarroako BPGak 2025ean zein 2026an. Urtea %2,2ko gorakadarekin itxiko dute biek ala biek, eta 2026rako %1,8 haziko dira bi ekonomiak. Alegia, hazkunde "moderatuago" baterantz doaz, Eurogunean eta mundu mailan gerta daitekeenarekiko koherentetzat jo daitezkeenak. Are gehiago, ziklo berriari ekiterakoan Nafarroak egonkortasuna erakusten du eta EAEk ere eutsi egiten dio, Europako industriak ahulezia izanagatik ere. "Barne eskaera eta enpleguaren indarra" gako izaten ari dira, Ikerketa arloko arduradunaren hitzetan.
Enpleguaren dinamismoa eta inflazioaren egonkortasuna
Madariagak nabarmendutakoaren arabera, enpleguak bilakaera ona izan du 2025ean. Iraileko datuak abiapuntu hartuta, Nafarroan afiliazioak %1,6 egin zuen gora eta langabeziak %3,2 behera. EAEn, esparru horietan bertan %1,3ko hazkundea eta %1,3ko beherakada izan zen, hurrenez hurren. Soldatak %3,2ren bueltan hazi dira Nafarroan, eta %3ren bueltan EAEn, "KPIaren gainetik". Hala, erosahalmena inflazioaren gainetik haziko dela aurreikusi liteke. "Kontua da non jartzen dugun langa". Abiapuntua 2019a bada, inflazioak 2021 amaieratik eta 2022 guztian zehar izan zuen gorakadarekin, ordutik alderatuta erosahalmena galdu egin da.
2025eko hirugarren hiruhilekoari erreparatuz gero %0,5 hazi da BPG Nafarroan, eta %0,6 EAEn. Urtetik urterakoa hartuz gero, %1,9 eta %2,4ko hazkundeaz ari gara. Horretan guztian, barne eskaria gako izaten ari da, eta baita zerbitzuen sektorea ere.

Nafarroaren kasuan, zerbitzuak eta kontsumo pribatua izan dira hazkundearen arrazoi nagusia. Urtean zehar, Nafarroako zerbitzuen sektoreak %5eko hazkundea izan du, batez ere txikizkako merkataritzak izandako gorakadagatik.
EAEren kasuan ere zerbitzuak hazi egin dira, %6 zehazki negozio-zifraren indizeari erreparatuz gero. Kasu horretan, gako izan dira handizkako merkataritza eta turismoa —azken hori arrazoi gakoa Nafarroan ere—. Hala ere, zerbitzuen hazkundeari loturik datuek erakusten dute aurreko urteko igoera nabarmena "normalagoa" bilakatzen ari dela.
... baina industria ez hainbeste
Azken urteetan gertatu bezala, joera "hazkunde egonkorrerantz" doa hala Nafarroako, nola EAEko ekonomian. Baina industria eta esportazioen ekarpena txikiagoa da.
EAEren kasuan, 2024-2025 epealdian, behera egin dute, bai industria-ekoizpenak, bai negozio-zifrak, %0,7 eta %1,9 hurrenez hurren. Esportazioek ere beherakada izan zuten, %5,4 2024ean, eta 2025eko orain arteko zifretan beherakada %3,6koa da aurreko urtearekin alderatuta, nahiz eta Frantzian, AEBn edo Erresuma Batuan izandako beherakadaren gainetik izan. Metal arruntetan eta horiei loturiko manufakturan ikusten da beherakada batez ere —%6,2koa, %50 muga zergak medio—. Aldiz, ekipamendu-ondasunetan hobekuntza bat sumatzen da %2,6 hazi baita, %15 muga zergengatik. Edozein kasutan, Laboral Kutxakoak argi du: "Joerak adierazten duenez, barne-eskariak eusten dio hazkunde iraunkorrari, baina trakzioa galtzeko arriskua dago industriaren eta esportazioaren ahultasunak bere horretan jarraitzen badu".
Joseba Madariaga: "Barne-eskariak eusten dio hazkunde iraunkorrari, baina trakzioa galtzeko arriskua dago industriaren eta esportazioaren ahultasunak bere horretan jarraitzen badu"
Nafarroako industriaren beherakadan kolpe nabariena garraioa eta metalurgiak pairatu dute. Bereziki nabarmena da turismoen ekoizpena %16,5 jaitsi izana. Horretan, Madariagak berak aipatu zuen segur aski "faktorerik garrantzitsuena" dela Volkswagenek Landabenen duen planta auto elektrikoa ekoizteko prestatu eta eraldatzeko ekoizpena gelditu izana. "Horrek ez du esan nahi faktore bakarra denik. Planta guztiz prest dagoenean eta ekoizpenarekin hasten denean arazoa amaituko da? Ikusteke dago", mahaigaineratu zuen.
Aitzitik, badira Nafarroako industrian oso bestelako bilakaera izan duten sektoreak ere, eta horiek nabarmendu zituen Madariagak: elikadurari loturiko nekazaritza, papera eta zura, energia eta manufaktura. "Panorama hauskor batean babes partziala eskaini dute", adierazi zuen.
Trantsizioak eta etxebizitza
Madariagak eta Urgoitik partekatu zuten beste mezu gakoa izan zen "egiturazko erronkek bere horretan jarraitzen dutela eta jarraituko dutela", datozen urteetan. Urgoitik azpimarratutakoa osatzen du esaldi horrek, zeinak "lau shock" aipatu zituen: lehiakortasuna berreskuratzea energian, digitalizazioan eta ekoizkortasunean egin beharreko inbertsioa; trantsizio energetikoa, "arrazoi klimatikoengatik eta hornidura segurtasunagatik"; talentu faltari erantzutea, hura prestatu eta erakartzeko politiken bitartez; eta aurrerapen teknologikoak —AAkoak bereziki— baliatzea "hazkundea indartzeko".

Era berean, hazkunderako beste faktore bat izaten ari da eraikuntzaren bilakaera ona. "Sektorea interes-tasen oso menpekoa da. Jaitsi egin direnez, erakargarriago bilakatzen dira", esan zuen Madariagak. Zentzu horretan, egungo etxebizitza eskaerari erantzuteko beharraz galdetuta, Madariagak argi esan zuen etxebizitzaren arazoa hainbat faktore aintzat hartuta aztertu behar dela: unitate familiaren geroz eta tamaina txikiagoa, etxebizitza aldatzeko erabakia hartzen dutenen kasua, erakargarriago bat bilatzeko —gune tentsionatuak ere sortzen dituena—, etxebizitza parke zaharkitua, populazioaren hazkundea —Nafarroaren kasuan—... "Eraikitzea soluzio ebidentea da. Baina modu adimentsuan eraiki behar da, eta egun dagoen parkea aprobetxatu, alokairu eskuaragrriak eskaini. Kudeaketa aktiboa falta da. Hobeto eraikitzea eta kudeatzea, horra hor gakoa", amaitu du Madariagak.