Next Generation: eskatzeko tresnen eta esleitzeko erronkaren artean

Next Generation funtsei loturiko dirulaguntzek zabalik diraute, baina kasu guztietan ez da lortzen ari laguntzak behar bezainbeste esleitzea

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Oraindik urtebete geratzen da Espainiak Next Generation funtsei loturiko maileguen lehen 70.000 milioi euroak exekutatzeko. Beste 70.000 milioi euroko dirua jasoko dute 2026 bitartean. "Hori kontuan izanda 250.000 milioi mailegu inguru formalizatuko direla aurreikusten da. Dirulaguntzak inbertsioaren %15-%70ra arterainokoak izan ohi dira, eta hortk aurrerakoa enpresak berak osatu behar dut, bai funts propioak erabiliz edo gure kasuan bezala, banketxeari finantzazioa eskatuaz", plazaratu du Miren Aranbarri Laboral Kutxako enpresen garapenarako arduradunak

Next Generation Funtsak 2020an jarri zituen martxan Europako Batasunak, COVID-19ak sorturiko krisitik berreskurapen plan gisa. "Funts horien onuradun izaten ari dira bai milioika euroko inbertsioak egiten dituzten multinazional handiak, baita beren ordenagailuak berritu edo internet sare berria bat sartu duen autonomoak ere", azaldu du Laboral Kutxako enpresen garapenarako arduradunak. Horren baitan, MRR erresilientziarako eta berreskuratzeko mekanismoak daude, Juan Alberdi Eusko Jaurlaritzako Kohesio Politikako eta Europako Funtsen hitzetan ahalbidetu dezaketeenak "ekonomia eraldatzen eta erresilienteago, energetikoki eta klimatikoki jasangarriago, eta digitalagoa egiten".

Deialdiak zabalik

Eusko Jaurlaritzak, hiru aldundiekin eta udalekin batera, Euskadi Next programa jarri du martxan. 2022ko azkeneko hiruhilekoan hiru dirulaguntza programa eta kontratazio-publikoko hiru lizitazio argitaratu ditu, Kohesio Politikako eta Europako Funtsen arduradunak adierazi duenez. Horietako batzuk eskatzeko epea zabalik dago urte bukaerara arte, eta batez ere digitalizazioari loturikoak, baina baita baten bat prestakuntzari loturikoa ere. Era berean, orain arte erkidegotik mobilizatutako funtsen % 27,8ren kasuan eman da agindua ordaintzeko, "eta gainontzekoak prozesu bakoitzaren baitan jarraitzen dute". Helburuei dagokienez, azpiproiektuen %80 "dagoeneko beteak" zituztela adierazi du Alberdik.

Laboral Kutxan ere "hainbat finantza lerro" dituzte, eta horiek kudeatzeko Laboral Next kudeatzaile birtuala jarri zuten udan martxan, LKS eta AFIrekin batera. "Enpresaren eta proiektuari buruzko galdeketa labur baten bitartez, ondoen egokitzen diren diru laguntzak aurkitzen laguntzen du aplikazioak eta beraien inguruan dauden aldaketa guztien berri zorrotza ematen du", kontatu du Aranbarrik. Dirulaguntzak identifikatuta, bulego teknikoak analisia egin, eta nahi den kasuetan "administrazioaren aurrean proiektua aurkezten eta defendatzen laguntzen dugu", gaineratu du.

Orain arte EAEtik mobilizatutako funtsen % 27,8ren kasuan eman da agindua ordaintzeko, "eta gainontzekoak prozesu bakoitzaren baitan jarraitzen dute"

Next funtsen programa zabalduenetakoa da Kit Digital izenez ezaguna, bonu sistema bitartez funtzionatzen duena. "Digitalizazioan inbertitu nahi duen autonomo edo enpresa orok du eskubidea bonuak jasotzeko, 2.000€ arterainoko laguntza autonomoen kasuan eta 12.000€ arterainokoa ETEn kasua", plazaratu du Laboral Kutxakoak.

Badira, baina, proiektu handiei zuzendurikoak ere. ESEPE ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikoak —gaztelerazko PERTE izenez ezaguna— dira ezagunenak, Espainiako gobernuak esleiturikoak. Ibilgailu Elektrikoa eta Konektari loturikoan, adibidez, Mercedesen Gasteizko planta eraldatzeko laguntza onartu zen azaro erdialdean, 170,8 milioi eurokoa, eta hark bidaide izango ditu Zigor Corporation, Ingeteam, Gestamp edo Basquevolt. Irizarren autobus elektrikoak garatzeko Capital proiektuak ere 24,2 milioi euroko laguntza jasoko du. Cidetec, Jema Energy edo Datikek ere hartuko dute parte, baita Iberdrolak ere, bazkide energetiko gisa. Ibilgailu militarretan aditu den SAPAren proiektuak 33 milioi euro jasoko ditu sektore zibilean teknologia elektrikoa garatzeko, eta Fagor Electrónicarenak beste 8,8 milioi,

Dena gastatzeko gai?

Zalantzan jarritako alderdietako bat da, baina, funtsak gastatzeko denbora nahikoa izango ote den, administrazioak horiek kudeatzeko izan ditzakeen azpiegitura faltagatik. Aipaturiko ibilgailu elektrikoen ESEPEaren kasuan, esaterako, esleitzeko zeuden 2.975 euroetatik 877,2 milioi onartu ditu Espainiako gobernuak. Agroelikaduraren ESEPEari dagokionez, kanpo geratu dira supermerkatu kate-handiak, hala nola Eroski eta Uvesco, oinarrietan hala jaso baita. Zentzu horretan, Alberdik kezka azaldu du, halako proiektuek "gure ehunarentzat" duten garrantziagatik. Zentzu horretan, Espainiako gobernua hasi da dagoeneko aldaketak txertatzen: ibilgailuaren ESEPEan %100 bermea behar bazen, agloelikadurarenean %20 eta %60 bitartekoa eskatuko du, kaudimenaren araberakoa.

Dena den, badago beste arazo bat: Espainiak funtsen hurrengo partea jaso dezan ezinbestekoa du Madrilek pentsioen erreformaren azken zatia onartzea. Duela egun batzuk, Paolo Gentiloni Ekonomia eta Moneta Arazoetako europako komisarioak esan zuen Komisioak ikusiko balu ez direla betebehar guztiak bete, "ordainketa eten" dezakeela, nahiz eta gehitu zuen ezin zuela "emaitzaren gainean espekulatu". Oraindik Madrilek neurri-sorta guztia iragarri ez badu ere, badirudi kotizazio-epea 28 urtera igoko duela Jose Manuel Escrivá ministroak aurreratu zuenez. Momentuz, baina, ez du beste ezer gehitu, eta datorren astelehenean, hilaren 12an, bilduko da beste hainbat eragilerekin.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK