Elikagaiei loturiko erosketetan online esparrua indartzen ari da. Baina, aldi berean, aurrez aurreko erosketan ere norabidea ez da duela urte batzuk ezarritakoa. "Ikusten ari gara jendeak erosteko aukera etxetik gertu izan nahi duela. Oinez joateko aukera badu, hobe. Kotxea hartu eta erosketa handia hipermerkatuetan egite hori geroz eta gutxiago ikusten da", plazaratu du David Sanchez Eroskiko Berrikuntza arduradunak. Hori dela eta, eskaintza handiagoa izango duten supermerkatuen aldeko apustua areagotzen ari da.
Erosketa egiterako garaian, hiru alderdi izan ohi dira gako batez beste bezeroentzat. “Erosketa prezio onean egin nahi du, are gehiago egun inflazioa buruan izanda. Gainera, egokitutako erosketa izatea nahi du, erraz eta azkar egiteko modukoa, eta erakargarria. Eta, geroz eta gehiago, modu pertsonalizatuan, alegia, edozein kanalek eskaintzea niretzat produkturik egokiena izango dena”, azaldu du Sanchezek. Horrekin batera, elikagai freskoen indarra areagotu egin da berriro ere, osasunarekin eta jasangarritasunarekin lotzen baitira.
David Sanchez: "Ikusten ari gara jendeak erosteko aukera etxetik gertu izan nahi duela. Oinez joateko aukera badu, hobe"
Testuinguru horrek bezeroen beharretara egokitzea derrigortzen ditu banatzaileak, eta berrikuntza etengabe egitera. Diseinuaren atzean bezeroari "erosketa momentua bera laguntzea eta erraztea" gako dela dio Sanchezek, hark bilatzen baitu erosketa esperientzia ahalik eta arinena eta erakargarriena izan dadin. "Horretarako, saiatzen gara hainbat baliabide teknologiko eta zerbitzu jartzen dendetan, komertzio elektronikoan, edo bestelako kanaletan, nolabait erosketa hori errazagoa izateko, eta ahal den denbora gutxienean egiteko", gaineratu du.
Armairuak eta eskuko-eskanerra
Berrikuntza horiek, baina, lehenik probatu egin ohi dira. Eroskiren kasuan, Lakuan duela urte eta erdi inguru irekitako establezimenduan topa daitezke erosketa modu berri horri egokitzeko zenbait proba. Esaterako, erosketa online egin eta etxean jasotzeko ohiko aukeraz gain, Lakuan online erosketa jasotzeko armairuak ere eskaintzen dira. Josean Yela Eroskiko Harreman Instituzionaletako arduradunak azaldutakoaren arabera, Amazonen bidalketak biltzeko sistemaren antzekoa da. "Kasu honetan, hiru armairu mota daude: arruntak, hozkailuak eta izozkailuak. Izan ere, elikadura segurtasuna erosketa prozesu guztian zehar bermatu behar dugu". Erosketa etxean egin eta ordaindu ostean, jasotako kodea bertan txertatu eta dagozkion armairuak ireki behar dira.
Josean Yela: "Erosketa online egin eta etxean jasotzeko ohiko aukeraz gain, Lakuan online erosketa jasotzeko armairuak ere eskaintzen dira"
Denda fisikoan erosketa arintzeko beste adibidea da eskuko eskanerrena. Sistemak ahalbidetzen du produktuaren barra-kodea apaletik hartu bezain laster eskaneatzea eta poltsan sartzea. "Erosketa amaituta, kutxara joan eta eskanerrak duen QR kodea eskaneatu behar duzu, ondoren zenbatekoa ordaintzeko", argitu du Yelak. Nagusiki, erosketa handiak egin behar dituztenen prozesuak errazteko helburua dute.
Online erosketen kasuan, bestalde, orain arte laguntzaile birtuala chatbota izan da. "Laguntza behar duenarentzat tresna da, baina orain arte oso erantzun murritzak emateko gai zen". ChatGPTren iraultzaren ostean, ordea, proiektua garatzen ari dira bota indartu eta ChatGPTra lotzeko. "Horrek ahalbidetuko du solasaldi aberasgarriagoa izatea, kalitate hobeko erantzuna emateko asmoz", esan du Sanchezek.
Sistema adimenduen garapenak, gainera, erosketen pertsonalizazioan beste pauso bat emateko ere balio dezake. "Pertsonalizazio horretan ez gara ari nahiko genukeen guztia egiten, ez gu, ezta sektorean ere. Hastapenetan gaude. Baina funtsean da zuk izatea zure deskontu-eskaintza propioak, zuk kontsumitzaile bezala behar batzuk dituzulako eta nik beste deskontu-eskaintza batzuk izatea. Normalean jendeak hori gustuko du, beste aurrerapausoa baita erosketak egiterako garaian", argitu du Berrikuntza arduradunak.
Freskoak, leku gehiago
Arestian aipatu bezala, berrikuntza ez dago soilik arlo digitalean. Produktu freskoen garrantziak gora eginda, "freskoen produktuen kategorian geroz eta berrikuntza gehiago sartzen ari gara jasangarriak izateko eta osasunari begira egoteko asmoz", nabarmendu du Sanchezek. "Supermerkatu handi formula horretan, produktu bakarreko eskaintza zabala izatea ezinbestekoa da. Izan ere, zenbaitentzat, are gehiago inflazioarengatik, garrantzitsua da produkturik merkeena erosteko aukera izatea. Beste zenbaitek, aldiz, zigilu jakin bat izatea bilatuko dute, eta zerbait gehiago ordaintzeko prest izan", dio Yelak.
Bata edo beste identifikatzea, prezioaz harago, erraza izan ohi da, zigilua edo nolabaiteko karteltxoa jarri ohi dutelako. Horretan, tokikoa bereiztea ere garrantzitsua da euren kasuan, euren filosofiaren parte. Hala ere, eskaintza zabal horretan mugak ere jartzen dituzte, errentagarritasunarekin orekatzeko asmoz.
Josean Yela: "Supermerkatu handi formula horretan, produktu bakarreko eskaintza zabala izatea ezinbestekoa da"
Berrikuntza horiek txertatzeko, baina, hornitzaileekin aurre lanketa egitea eskatzen du. "Adibidez, oraindik ez dago garbi nola izango den proteina alternatiboen bilakaera produktuetan eta nola ordezkatuko dituen animaliei loturiko proteinak, baina tendentzia garbia da. Hori dela eta, hornitzaileekin aztertzen dugu proteina alternatibo horrek euren kategoriei zein ekarpen egiten dion. Ekarpen hori ikusita diseinatzen da produktu berria", azpimarratu du Sanchezek.
Aldi berean, baina, prestatutako janariaren sektorea gora egiten ari da azken urteotan. Espainiako Prestatutako Plateren Ekoizleen Elkarteak eskainitako datuen arabera, 2022an %6,2 hazi zen giro-tenperaturan prestaturiko janarien kontsumoa. Bestela esanda, Espainian iaz prestatutako elikagaien 682.656 tona kontsumitu baziren, guztizkoaren %14 izan ziren giro-tenperaturan prestaturikoak. Hain zuzen, horrekin ere probak egiten ari da Eroski. Momentuz, Gasteizen Lakuan eta Bilbon Ercillan soilik dute eskaintza. "Janaria sukalde txikitan prestatzen da, eta errezetak diseinatzerakoan haien oreka nutrizionala kontuan hartzen da. Hori eskaintzea baita gure filosofiaren parte", plazaratu du Yelak.
Era berean, animalientzako janariaren guneak geroz eta espazio gehiago hartzen du. Izan ere, Europan, txakur eta katuen hileko batez besteko gastua 217 eurokoa da, eta elikagaien segmentuak fakturatzen du gehien, guztizkoaren % 66.
Kutsadura gutxiago
Kutsadura murriztea erosketa diseinu berri horren parte da. Freskoen eskaintzaz gain, soltean eskaintzen den geroz eta produktu gehiago topa daiteke supermerkatuan. Horrekin batera, erosketarako birziklatutako botilekin eginiko hainbat saskiak eskaintzen ari dira.
David Sanchez: "Saiatzen gara hainbat baliabide teknologiko eta zerbitzu jartzen dendetan, komertzio elektronikoan, edo bestelako kanaletan, nolabait erosketa hori geroz eta errazagoa izateko"
Jasangarritasuna, baina, harago doa. Proba gisa birziklatzeko zakarrontzien artean, bonbilak edo etxetresna elektriko txikiak birziklatzeko ontziak topa daitezke, eta eraikinaren diseinuak berak jasangarritasun horretan ekarpena egiten rol garrantzitsua jokatu du. Izan ere, ohiko supermerkatu baten energiaren %50 kontsumitzen du, besteak beste, goraka eraikita dagoelako, argiztapen naturala eta hozgarri sistema naturala duelako edo autoerregulatzen den LED sistema.
"Kontuan izan behar da supermerkatuak energia kontsumitzaile handiak direla, badaudelako gauza asko ezin direnak itzali. Eta hori, noski, garraioa kontuan hartu gabe", aipatu du Yelak. "Honen azken helburua da efizienteagoa izatea supermerkatua bai eraikinari, bai energiaren kostu eta mantenuari dagokionez", bukatu du.