• EKONOMIA
  • Nolako Ipar Euskal Herria 2040an?

Nolako Ipar Euskal Herria 2040an?

2040ko Ipar Euskal Herria arloz arlo nola izango den irudikatzeko ariketa bete-betean murgildua dago Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseilua. Iritzi eta ekarpenak biltzeko zenbait bilkura eta tailer egin dituzte dagoeneko, eta jasotakoarekin 2040ra begirako proposamena osatzen hastear dira, ondotik publikoki partekatzeko asmoz

 Iparralde 2040 egitasmoaren bilketa faseko lan saioa | Argazkia: Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseilua
Iparralde 2040 egitasmoaren bilketa faseko lan saioa | Argazkia: Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseilua
2025eko uztailaren 1a

1992an, Ipar Euskal Herria etorkizunean proiektatzeko ariketari ekin zioten zenbait hautetsi, enpresari, kulturgile edota alderdi politikok, Iparralde 2010 izenean. Parte-hartze zabala eta emaitzen arrakasta ikusirik, 1994an Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseilua sortu zuten, egindako lanaren bilakaera aztertu eta jarraipena emateko. Ipar Euskal Herriaren instituzionalizazio faltak prospektiba lan hori elkarteen esku gelditzea eragin zuen, eta beraz, Garapen Kontseiluarekin lankidetzan ziharduen Hautetsien Kontseiluak, bertan elkartzen zirelarik maila guztietako hautetsiak, izan Herriko Etxeetakoak, Departamentukoak, Eskualdekoak edo Parlamentukoak.

 

Bi elkarteen lanak funtzionatzen zuen, “interesgarria” zen, eta “jende guzia mahain inguruan” biltzen zuen. Baina, “ahal falta” eta “ideietatik ekintzetara pasatzeko oztopoak” zirela eta, Garapen Kontseiluaren jardunaren lerroetako bat beti izan da aldarrikapen instituzionalari lotutakoa. Hala, 2017an Euskal Hirigune Elkargoa sortzearekin batera, zenbait aldaketa eman dira elkartean. Gaur egun, jendarte zibilarekin, elkarteekin eta herritarrekin batera lan egiten jarraitzen du, baina, horrez harago, “lurraldeko instituzio eta jendarte zibilaren arteko gobernantza partekatua” lantzen, esperimentatzen eta biziarazten dihardu.

Hurrengo erronka esku artean du dagoeneko elkarteak: Iparralde 2040. Hamabost urte barru jendarteak Ipar Euskal Herria nola proiektatzen duen aztertzen ari da. Garapen Kontseiluko zuzendari da Ximun Carrère, eta egitasmoaren nondik norakoen berri eman dio EnpresaBIDEAri.

 

Prospektiba ariketa bat

Jendarte zibila etorkizuna “proiektatzeko” eta hari buruzko “ideiak trukatzeko” gai dela jakitun da Garapen Kontseilua, eta horixe izango da Iparralde 2040 proiektuaren ekarpena. Ez da elkarteak prospektiba ariketa bati ekiten dion lehen aldia, hortxe daude Iparralde 2010 eta Iparralde 2020. Kasu guztietan ariketaren oinarria berdina izan arren, hau da, oinarria etorkizuna proiektatzea izan arren, Iparralde 2040 erabat ezberdina izaten ari da. Izan ere, 1990.hamarkadan abiatu zuten Iparralde 2010 proiektua, eta 2000ean Iparralde 2020, testuinguruak zer ikusirik ez zuen garaian, hain zuzen ere. Aurreko bi proiektuak hasterakoan oraindik ez ziren iritsi “krisi ekonomioa, Covid19a, gaur egungo eskuin muturraren leku hartzea, jendarte numerikoa”, ezta Ipar Euskal Herriko lehen instituzioa ere. Hortaz, metodologia eta lan egiteko modu berriekin jarri dira 2040ra begira, egungo jendartera egokituz.

Horregatik, bilketa fasea abiatu zuten iaz. Tailer, bilkura, galdezketa, eta bestelako hitzordu ugari antolatzen ari dira hilabete hauetan, jendartearekin azterketa parte hartzaile bat egiteko asmoz. Haatik, parte hartzaileak bertara gerturatzeko hitzordu publikoak antolatu ordez, Garapen Kontseilua bera da jada elkartzeko ohitura duten eragileen hitzorduetara hurbiltzen dena, eta bertan partaideen “nahiak, gogoak, geroari begirako ideiak, baita horien beldurrak ere” biltzen dituzte. Ondotik, jasotako elementu guztiak artxibatu eta sailkatzen dituzte.

Zenbait xede talde dituzte. Batetik, Garapen Kontseiluko kide diren herritar edo egiturak. Hainbat saiotara gonbidatuz edo galdezketak helaraziz parte harrarazten dituzte hausnarketan. Bestetik, publiko zabalagoarengana jotzen dute, Garapen Kontseiluko kide izan ez arren, elkarteren bateko kide askorengana hurbildu baitira.

Ximun Carrère: “Prozesutik aterako diren elementuak nola hartuak izango diren instituzioetan, enpresa pribatuetan eta eguneroko lanetan izango da gakoa"

Orain arteko bilkura eta tailerren bilan “baikorra” egiten du elkarteko zuzendariak, “gogo handia” nabari baitu: “aski prozesu dinamikoa da”. Oraindik hiru edo lau hilabete gelditzen direla kontuan harturik, jende askorengana iristea lortu dute. “Kontaktu aski onak” izan dituzte, eta batzuk lortu ahala beste batzuk ere eskuratzen dituzte. Aldiz, jendartearen zati bat ukitzea zaila egiten ari zaie, eta horiei ere ahotsa eman nahi liekete, bestela “begirada pixka bat ahuldua geldituko baita”. Beraz, publiko zabalago horrengana iristea dute orain erronka.

Halaber, bigarren fasean sartzear dira, ekoizpenean oinarriturikoa. Egindako saioetan ardatz nagusi batzuk agertu dira dagoeneko, eta jasotako iritzi eta ideiei forma ematen hasiko dira: nola ikusten duten Ipar Euskal Herria 2040an, eta beraz, zein eskakizun egiten dituen Garapen Kontseiluak. Urri erdi edo azarora arte iraungo du fase honek, eta ondoren, instituzio, hautetsi eta elkarteko kideei partekatuko diete bildutakoa. Azkenik, abenduaren 13an lanaren emaitza publikoki aurkeztuko dute. Carrèren arabera “bakoitza bere buruarentzat ari dela senditzen da une honetan”, eta honelako dinamika kolektiboaren bidez “Iparraldean 2040 arte elgarrekin bidea eraikitzeko baldintzak segurtatu” nahi ditu. Proposamenak osatzeko 30 pertsonako lantalde bat martxan dago dagoeneko.

Azkenik, hilabete hauetan osatutako prospektibak izango duen ibilbidean jarriko du arreta Garapen Kontseiluak. Carrèren ustez, hortxe dago gakoa: “prozesutik aterako diren elementuak nola hartuak izango diren instituzioetan, enpresa pribatuetan eta eguneroko lanetan”. Horretarako, bitartekaritza lan bat abiatuko dute hurrengo urtetik aurrera hautetsiekin, administrazioekin, enpresekin, edota zerbitzuekin, besteak beste. Izan ere, Iparralde 2040 proiektuak oinarri bat emango baldin badu ere, “mundua etengabe aldatzen ari da”; hortaz, “eguneroko eztabaida bizia elikatzen” jarraitu beharko dute.

Eta nolako ekonomia 2040an?

Ekonomia gai “zentrala” da, baina eremu ezberdinetan “barreiatua” dago. Egoera zein den aztertzeko lanean dabil elkartea: “ekonomia zertan den lurralde honetan, nolakoa den, non antolatua den”. Alta, “konfrontazioa” sortzen duela iruditzen zaio zuzendariari, “logika mundualizatuan, emeki-emeki enpresa handi batzuk estatu edo botere publikoen gainetik pasa baitira haien legea eramateko”, eta horrek “sentimendu aski azkarra” sortu baitu jende “xumearengan”. Norabide honetan elkar hobeto ulertzeko eta hobeto aurreratzeko tresna izan nahi du Garapen Kontseiluak, baita ekonomia “balorizatzekoa” ere.

"Ipar Euskal Herrian badago elgarrekin lan egiteko kultura bat”

Bestelako ekonomia motak badaudela azpimarratu du Carrèrek, “hurbilagoak direnak, lurraldeari atxikiak direnak”. Enpresariak askotan “jende engaiatua” dira, “lurraldearekiko engaiatuak”, eta hori agerian uztea garrantzitsua iruditzen zaio. Horregatik, arlo hori ere lantzen ari dira Iparralde 2040 egitasmoaren baitan, eta, ekonomiari buruz aztertzea ez dagokionez Garapen Kontseiluari soilik, zenbait ikerlarirekin biltzen ari dira, ondotik ekarpen horiek bildu eta “koherentzian” ezartzeko, “ahots kolektiboa argian emateko”.

Konfrontazio logika atzean utzi eta lankidetzarako aukera badela erakutsi nahi dute. Gainera, Ipar Euskal Herrian badago “elgarrekin lan egiteko kultura bat”. “Ez da ideia berria”, lankidetzak “pasa diren urteetan jadanik erakutsi du bere bertutea, bere gaitasuna arazoei aurre egiteko”.