Zaintza pertsonen bizitza, ongizatea eta autonomia bermatzeko ezinbestekoak diren jardueren, harremanen eta praktiken multzoa da. Ez da soilik oinarrizko behar fisikoak asetzeko (elikadura, higienea, osasuna...), baizik eta pertsonen behar emozional eta sozialei erantzuteko ere balio du, hala nola, laguntasuna, entzute aktiboa edo babes afektiboa eskaintzeko.
Era berean, zaintza jarduera ekonomikotzat ere har daiteke, balioa sortzen duen lan gisa. Zaintzeko eskaintzen den denborak, ahaleginak eta ekarpenak badute balioa, nahiz eta sarritan balio hori ezkutuan gera ohi den eta behar baino gutxiago aitortzen den.
Ordaindutako zaintzari dagokionez, zaintzaileak ez dira talde homogeneoa, eta hori kontuan izan behar dugu. Hala ere, zaintza sektoreak baditu berezitasun batzuk, eta sektore honetan euskararen ezagutza eta erabilera sustatu nahi badugu, berezitasun horiei erreparatu beharko diegu.
Zaintza sektorea emakume migratuek osatzen dute gehienbat, eta lanaren ezaugarriak, orokorrean, honakoak izaten dira: lan handia eta fisikoa, txandakako lana, egonkortasun txikikoa eta soldata baxuak dituena. Ezaugarri horiek guztiak kontuan hartzea ezinbestekoa da euskalduntze prozesu eraginkorra bultzatu nahi badugu.
Hizkuntza ere zaintza da
Sinetsita gaude hizkuntzak garrantzia handia duela zaintzan, nahiz eta sarritan ez den behar bezala baloratzen. Hizkuntza ez da zaintzan bigarren mailako kontua; arretaren duintasunean, kalitatean eta eraginkortasunean eragin zuzena duen faktorea da. Nazioartean, hainbat ikerketek hori ondorioztatu dute.
Adineko pertsonen arreta egokian hizkuntzak funtsezko zeregina du. Pertsona zainduak ez badu bere berezko hizkuntzan adierazteko aukerarik, ulermen-gabezia areagotzen da, eta horrek haren premiei, ondoezari edo lehentasunei ez erreparatzea ekar dezake.
Hizkuntza partekatzeak komunikazioa eta ulermena hobetzen ditu, eta horri esker, pazienteek informazio medikoa argiago jasotzen dute eta beren beharrak hobeto adierazten dituzte. Ondorioz, konfiantza eta gogobetetzea handitu egiten dira, eta antsietatea zein estresa murrizten, ongizate emozionala indartuta.
Hizkuntza ez da zaintzan bigarren mailako kontua; arretaren duintasunean, kalitatean eta eraginkortasunean eragin zuzena duen faktorea da
Hizkuntza egokiaren erabilerak osasun-emaitza hobeak ere ekartzen ditu, konplikazio gutxiagorekin eta autozaintza errazagoarekin.
Horrez gain, adinekoek bizi-kalitate handiagoa izaten dute beren hizkuntzan artatuak izanda, bereziki narriadura kognitiboa edo dementzia dutenean. Egoera horretan ohikoa da ama-hizkuntza berriz ere lehen lerroan agertzea; horregatik, ezinbestekoa da arreta hizkuntza horretan ere bermatzea.
Zaintzea ez da premia fisikoak asetzera mugatzen: harremana eraikitzea, gertutasuna eskaintzea eta konfiantza sortzea ere baditu helburu. Ama-hizkuntza entzuteko aukerak segurtasuna eta aitortza transmititzen ditu, eta adineko pertsonen kasuan, horrek mediku-tratamenduaren adinako garrantzia izan dezake.
Azkenik, hizkuntzak funtsezkoak dira zerbitzuak berdintasunez eskuratzeko. Zaintzaren esparruko zerbitzu askoren erabileran (inprimakiak, administrazio-prozedurak, osasuneko edo gizarte-arretako informazioa…) hizkuntzak eragin zuzena du. Erabiltzaileak bere hizkuntza erabiltzeko aukerarik ez badu, haren eskubidea mugatu egiten da eta ez da bermatzen zerbitzu horietara baldintza beretan sartzea.
Nola euskaldundu sektorea?
Momentu honetan, gure gizartean hartu duen pisua medio, euskalgintzak zaintza arloa estrategikoa dela deritzo. Horregatik guztiagatik, azken urteetan zaintzari eta euskarari buruzko zenbait ikerketa, jardunaldi eta proiektu garatzen ari dira, bai elkarteetatik, baita administraziotik ere.
Esaterako, Euskalgintzaren Kontseiluak 2024ko irailean antolatutako Zaintza eta Euskara jardunaldian gako esanguratsu batzuk plazaratu ziren, euskalgintza eta zaintza arloko aditu eta arituen ahotik.
Zaintza zaurgarritasun premia batetik abiatzen da, baina, gaur egun, zaintza lanetan dabiltzanak dira zailtasun handienak dituztenak euskarara iristeko, eta zaintza behar handiena duten pertsona askok euskara dute ama hizkuntza gisa. Hau da, zaintza egokia eta kalitatezkoa izateko gure lurraldean euskarazko zerbitzua emateak berebiziko garrantzia izan dezake pertsona batzuentzat, eta, aldi berean, zaintzako langileek zailtasun handiak izan ditzakete euskara ikasteko. Beraz, euskara ikasteko erraztasunak topatzen ahalegindu behar gara.
Euskarak garapen profesionalerako balio erantsi bat eskaintzen duela ikusarazi behar da, eta hori horrela izateko instituzioek baliabideak eskaini behar dituzte
Erraztasunei dagokionez, doakotasuna, ordutegi malgutasuna, langilearen beharretara egokitzea eta ulermenari zein ahozkotasunari lehentasuna ematea dira proposatzen diren gakoetako batzuk. Horretarako, lan baldintzak hobetzeaz gain, euskara ikasteko dagoen eskaintza berrikusi behar da, baita euskara ikasteko beharrari buruz hausnartu eta sentsibilizatu ere.
Motibazio-pragmatiko instrumentala eta motibazio afektiboa sustatzea ezinbestekoa da. Alde batetik, euskarak garapen profesionalerako balio erantsi bat eskaintzen duela ikusarazi behar da, eta hori horrela izateko instituzioek baliabideak eskaini behar dituzte. Bestetik, sentsibilizazio eta komunikazio estrategiak garatzea beharrezkoa da, euskararekin batera euskal kulturan murgiltzeko.
Kontuan izan behar dugu zaintza ekosistema anitza dela, eta ezaugarri berezi batzuk dituzten arren, langileak ez direla talde homogeneoa. Horregatik, diagnostikoa egitea edo egiten jarraitzea garrantzitsua da, euskara ikasteko eskaintza egokitze aldera.
Diagnostikotik ekintzara
Bai Euskarari Elkarteak eta Asmozek euskarak zaintzan duen garrantzia aztertzeko egitasmo bat jarri dugu martxan. Alde batetik, zaintza sektoreko diagnostikoa osatzen jarraitu nahi dugu, eta bestetik, euskarari eta zaintzari buruzko dauden aurreiritzi eta estereotipoak ezagutu eta aldatzen saiatu nahi dugu. Aldi berean, praktika eta esplorazioaren bitartez, euskarara gerturatzeko eta hura ikasteko bide berritzaileak aurkitu nahi ditugu.
Oraindik ere galdera ugari erantzuteko premia baitago: sentsibilizazio beharra dago edo zailtasuna euskara ikasteko baldintza egokiak bermatuak ez egotean datza? Nola gainditu denbora arazoak euskara ikasteko orduan? Lanorduetan ikastea aukera izanik, nola uztartu langile falta txandakako lanarekin? Zein kostu izango luke eta nork hartu beharko luke bere gain kostua? Euskara ikasteko eta ezagutza aitortzeko eredu berriak sortu beharko ditugu? Nola baliatu teknologia berriak euskara ikasi eta erabiltzeko?
Zaintza sektorean hizkuntza-eskakizunen auzia gizarte-justiziaren, hizkuntza-berdintasunaren eta lan duintasunaren arteko gurutzagunean dago. Eztabaida ez da "euskara bai ala ez", baizik eta nola bermatu eskubide guztiak modu justuan.