Noren esku dago hitzaren boterea?

EHUko ikertzaileek neurtu dute nork hartzen duen hitza Hego Euskal Herriko hedabideetan, eta datuek erakusten dute emakumeen presentzia oraindik ere mugatua dela zenbait esparrutan

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
Garazi Etxaniz Idarreta
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026eko martxoaren 8a - 05:30

Kazetaritza, eguneroko jarduna den heinean, tresna paregabea da neurtzeko errealitatea nola, zein erara kontatzen den. Albisteetan nor agertzen den, nork hitz egiten duen edo nork sinatzen dituen artikuluak: ez dira datu hutsalak, boterearen, ikusgarritasunaren eta zilegitasunaren neurketa dira.

 

2025ean mundu osoko begiradak sinkronizatu egin ziren galdera berari erantzuteko: nori ematen diogu hitza albisteetan? Hego Euskal Herrian, EHUko ikertzaile talde batek hartu du ardura galderari erantzuna emateko, eta eman beharreko urratsak zein oraindik agerikoak diren desberdintasunak jarri dituzte mahai-gainean.

Azterketaren lagina eta metodologia

Azterketa Global Media Monitoring Project (GMMP) proiektuaren baitan egin da. Mundu mailako miaketa da, bost urtean behin egiten dena, eta komunikabideetan emakumeek duten presentzia eta betetzen duten rola neurtzea du helburu. Zazpigarren edizioa 2025eko maiatzaren 6an egin zen.

 

Hego Euskal Herria 2020an sartu zen lehen aldiz Espainiako Estatuko laginean, eta ordutik EHUko ikertzaile talde batek tokiko lagina osatu eta emaitzak landu ditu, Arantza Gutierrez Pazen koordinaziopean. Horrenbestez, bi neurketa egin dira dagoeneko gurean; hala ere, lehenengoa pandemiaren garaian egindakoa izan zen.

Emakumeen presentzia apur bat handiagoa da Hego Euskal Herriko komunikabideetan nazioarteko batez bestekoarekin alderatuta

Euskal Hedabideen Urtekarian eman dute ikerketaren nondik norakoen berri, eta azaldu dutenez, EHUko ikertzaileek azterketa sakonagoa egiteko asmoz, GMMP Spainek eskatutako gutxienekoa baino hedabide multzo zabalagoa arakatu dute: egunkarien artean Berria, Gara, Deia eta El Correo; irratietan Cope, Euskadi Irratia eta Euskalerria Irratia; telebistan ETB1 eta Hamaika Telebista; eta agerkari digitalen artean Argia. Guztira, 121 albiste aletu dituzte (horietatik 64 euskarazko hedabideetakoak) eta albiste horietan protagonismoa izan duten 256 pertsona identifikatu dituzte (102 euskarazko hedabideetan).

Nabarmentzeko ohar bat: azterketan gizonezkoen eta emakumezkoen arteko alderaketa binarioa hobetsi da datu nagusiak emateko, zenbait kasutan genero-aniztasuna neurtzeko aukera izan arren. Horrek esan nahi du pertsona ez-bitarrak estatistika orokor horietatik kanpo geratu direla, baina ikertzaileek zehaztu dutenez, horrek ez du esan nahi "analisi sakonagoetan kontuan hartzen ez direnik".

Emaitzak

Hego Euskal Herriko hedabideen argazkia egiteko, hainbat aldagai aztertu dituzte: emakumeek zer presentzia duten albisteetan, zein lanbide edo jarduera nagusi duten emakume horiek, albisteen egileen generoa zein den eta emakumezkoek zer rol betetzen duten informazioetan.

Oro har, emakumeen presentzia apur bat handiagoa da Hego Euskal Herriko komunikabideetan nazioarteko batezbestekoarekin alderatuta: hiru puntu handiagoa, hain zuzen ere. Hala ere, datuek erakusten dute urrun gaudela orekatik: aztertutako albisteetan agertzen diren pertsonen artean %29 emakumezkoak dira, eta %61,7 gizonezkoak.

Komunikabide digitaletan emakumezko egileen presentzia nabarmen txikiagoa da, %15ekoa

Komunikabide motaren arabera, aldeak nabarmenak dira. Telebistan emakumeen presentzia bereziki txikia da, %19koa; euskarazko telebisten kasuan zertxobait handiagoa bada ere, %26,3ra iristen da. Bestelako adibideak ere badaude: laginean aztertutako euskarazko egunkari bakarrean, Berrian, agerpena ia parekatua da (%46,15 emakume eta %53,85 gizon). Argia aldizkari digitalaren kasuan, berriz, agertzen diren hamar pertsonatik zortzi emakumeak dira.

Albisteen egileen generoak ere badu garrantzia. Behategiko adituek Byerly edo Geertsema-Sligh bezalako ikertzaileak aipatzen dituzte gogorarazteko berriemailearen generoak errealitatea begiratzeko modua baldintza dezakeela. Ildo horretatik, datuen arabera, telebistan emakume kazetariak gehiago dira, eta irratian parekidetasuna dago aurkezleen eta erredaktoreen artean. Paperezko egunkarietan emakumeak herena dira, gizonekiko alde handirik gabe; komunikabide digitaletan, ordea, presentzia nabarmen txikiagoa da, %15ekoa. Duela bost urteko neurketarekin alderatuta, emakume kazetariak gehiago dira prentsan, telebistan eta Interneten, baina irratien kasuan zertxobait jaitsi da haien proportzioa.

Behategiaren arabera, “idazgelak feminizatzen ari dira”, gero eta emakume gehiagok sinatzen baitituzte albisteak

Albisteetako emakumeen profilari erreparatuta, kontzentrazio handia dago eremu jakin batzuetan: hamar emakumetatik sei ekintzaile politikoak (%35) edo sozialak (%26) dira. Aldiz, emakumeen presentzia hutsaren hurrengoa da kirolean (%2), segurtasunean (%2) edota komunikazio profesionalen artean (%2). Delinkuentziari lotutako albisteetan ere gutxiengoa dira (%3).

Azkenik, albisteetan emakumeek betetzen duten funtzioari dagokionez, albiste on bat utzi du 2025eko neurketak: aditu gisa agertzen diren emakumeen kopuruak gora egin du. 2020an %33,3 ziren eta orain %46ra iritsi dira, gizonen %54tik gertuago. Hala ere, bozeramaile rola da emakumeen agerpen ohikoena, baina datuek erakusten dute funtzio horretan ere gizonezkoak gehiago direla oraindik.

Ondorioak

Txostenak erakusten du emakumeen presentziaren arrakala ez dela berbera hedabide guztietan: idatzizko komunikabideetan handiagoa da desoreka. Hala ere, azken urteetan joera aldaketak antzeman dira. Behategiaren arabera, “idazgelak feminizatzen ari dira”, gero eta emakume gehiagok sinatzen baitituzte albisteak, eta kontuan hartzekoa da horrek informazioa lantzeko moduan izan dezakeen eragina.

Joera hori, gainera, erantzukizun postuetara iristen ari da. Azken urteetan, emakumeek hartu dute euskal hedabide garrantzitsu batzuen gidaritza. Besteak beste, Amagoia Mujikak zuzentzen du Berria, Ainhoa Jauregik Hamaika Telebista eta Ane Urkirik Naiz agerkari digitala.

Haatik, nazioarteko joera orokorrak erakutsi du emakumeen ahotsa maiz lotzen dela esperientzia pertsonalekin edo herritar arrunten iritziekin, hau da, txostenak definitzen duen moduan, “zilegitasun gutxiko ahotsekin”. Aditu edo bozeramaile moduan agertzen direnak, berriz, laurdena baino gutxiago izaten dira mundu mailako datuak erreparatuz gero. Hego Euskal Herriko emaitzek, ordea, joera zertxobait baikorragoa erakusten dute puntu horretan. Azken urteetan emakume gehiago ageri dira aditu edo taldeetako bozeramaile gisa, nahiz eta oraindik ere desoreka egon.

Albisteetan agertzen diren ahotsen aniztasunak erabakiko du zein errealitate kontatzen dugun

Azkenik, albisteetan maiz agertzen diren emakumeen soslaia ere nahiko zehatza dela ondorioztatzen du txostenak: gehienetan esparru publikoan jarduten duten politikariak edo aktibistak izaten dira. Horrek erakusten du emakumeen presentzia handitzen ari den arren, oraindik eremu jakin batzuetara mugatzen dela sarri.

Proiekzio horrek guztiak agerian uzten du komunikabideek ez dutela soilik errealitatea kontatzen: errealitatea eraiki ere egiten dute. Nori ematen zaion hitza, zein testuingurutan eta zein rolekin, horrek baldintzatuko du gizarteak zer ikusten duen legitimo eta garrantzitsu. Genero-arrakalaren neurketek ez dute balio soilik egoera deskribatzeko; kazetaritzak bere buruari begiratzeko tresna ere badira, albisteetan agertzen diren ahotsen aniztasunak erabakiko baitu zein errealitate kontatzen dugun, eta zein geratzen den kanpoan.