
Euskal Itsas Foroak misioa antolatu du Norvegiara, zehazki, Ulsteinvik-era eta Alesund-era, helburu izanik lankidetza sustatzea bi herrialdeetako itsas elkarteen artean. Horretarako, zazpi erakunde eta enpresek egin dute bidaia: Gamesa Electric, Glual Hydraulics, H2SITE, Kuadri, Laulagun Bearings, TH Company eta Vicinay Marine. Enpresa horiek norvegiar klusterrekin bildu dira, besteak beste, Mafoss eta GCE Blue Maritimerekin, eta sektoreko berrikuntzak aurkeztu dizkiete.
Euskal Itsas Foroak prentsa-oharrean azaldu duenez, Norvegia oso garrantzitsua izan da itsasoko mugikortasunari eta ontzien eraikuntzari dagokionez, eta, gainera, Euskal Herriaren “bisio estrategiko” bera partekatzen du herrialdeak: biek ala biek etorkizun jasangarriagoaren alde egin nahi dute, teknologia eta berrikuntza uztartuta. Sarai Blanc Euskal Itsas Foroko zuzendariak adierazi du misioa “gakoa” dela Europako itsas sektorea jasangarritasunean garatzeko, eta gaineratu du herrialdeen arteko elkarlana beharrezkoa dela, bai esperientziak partekatzeko, baita nazioarteko merkatuan presentzia indartzeko ere.
Gaur egun 150 bazkide ditu euskal klusterrak, eta 3.300 milioi euroko fakturazioarekin itxi zuen 2023. urtea; gainera, 28.000 enplegu sortu zituen, eta EAEko BPGren %4,7 izan zen.