• EKONOMIA
  • Oarsoaldea tokiko monetaren bidean: ekonomia hurbila indartzeko pausoa

Oarsoaldea tokiko monetaren bidean: ekonomia hurbila indartzeko pausoa

Tokiko moneta martxan jar dadin proiektu pilotua garatzen ari dira Gipuzkoako eskualdean. Momentuz, talde sustatzailea sortu dute, eta herritarrengana eta eragile ekonomikoengana proiektua hurbiltzeko lanean ari dira

 Argazkia: Oarsoaldeako Garapen Agentzia
Argazkia: Oarsoaldeako Garapen Agentzia
Helena Menayo
Komunikazioan aditua
2026ko maiatzaren 8a - 05:30

Kafe bat ordaintzea keinu txikia da. Baina ordainketa hori tokiko monetan egiten bada, diruaren ibilbidea aldatu egiten da: tabernan geratu, hornitzaile lokal batera pasa, eta berriz ere eskualdeko beste negozio batean erabil daiteke. Logika horren gainean eraiki nahi dute Oarsoaldean tokiko moneta osagarriaren proiektu pilotua, 2026an martxan jartzeko asmoz. Baztanen ere bide bera abiatu nahi dute, beste testuinguru batean: landa eremuan batean, eskualde urbano eta anitzean bestean.

 

Tokiko moneta hauek ez dira euroaren ordezkoak; Europar Batasunean aitortutako moneta osagarriak dira, ohiko monetarekin batera erabiltzeko sortuak. Herritarrek euroak tokiko monetarengatik aldatzen dute, eta moneta hori sare jakin batean erabiltzen da: saltokietan, tabernetan, zerbitzuetan, enpresetan edo tokiko eragileen artean. Helburua ez da finantza sistema ordezkatzea, kontsumoaren norabidea aldatzea baizik: dirua urrutira joan beharrean, bertan zirkulatzea.

Olatz Olaizola (Oarsoaldea): “Eskualde urbano eta anitza gara, eta horrek erronka handia dakar, baina baita aukera handia ere”

Oarsoaldeko egitasmoa Euskal Moneta proiektuaren baitan garatzen ari da, eta erreferente nagusia Ipar Euskal Herriko Euskoa da. Hamar urte baino gehiagoko esperientziak erakutsi du halako tresna batek sare ekonomiko sendoa sor dezakeela, baldin eta herritarrek, saltokiek, enpresek eta erakundeek benetan erabiltzen badute.

 

Aitzitik, Gipuzkoako eskualdeko kasuak berezko erronka du. Olatz Olaizola Oarsoaldeako tokiko monetako batzordekideak azaldu duenez, eskualdea lau herrik osatzen dute, bakoitza bere nortasun, errealitate sozial, ekonomiko eta hizkuntza ohiturekin. “Eskualde urbano eta anitza gara, eta horrek erronka handia dakar, baina baita aukera handia ere”, dio. Haren ustez, Oarsoaldean funtzionatzen badu, etorkizunean Hego Euskal Herriko beste testuinguru batzuetara zabaltzea errazagoa izango da.

Proiektua martxan jartzeko ekosistema oso bat aktibatu behar da. Sustatzaileek lau zutabe aipatzen dituzte: herritarrak, sektore ekonomikoa, sektore soziala eta administrazio publikoa. Eskualdeko udalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako babesak sendotasuna eta konfiantza ematen dizkio egitasmoari, baina erabilera erreala herritarren eta eragileen esku egongo da.

Tokiko monetaren funtzionamendua eta balioak

Luix Intxauspe Gure moneta proiektuaren koordinatzailearen arabera, tokiko monetaren funtsa oso argia da: “Gure monetarekin ordaintzen dugunean, badakigu diru hori hemen geratuko dela”. Hau da, erosketak ez dira kontsumo ekintza isolatuak; tokiko sare ekonomikoa elikatzeko kate baten parte dira. Tabernariak jasotako moneta hornitzaile bati ordaintzeko erabil dezake, hornitzaile horrek beste zerbitzu bat kontratatzeko, eta horrela diruak zirkuitu hurbilago bat egiten du.

Erabilera errazteko, hiru ordainketa modu aurreikusten dituzte: eskudirua, QR bidezko txartel sistema eta mugikorreko aplikazioa. Herritarrek kontu bat izango dute tokiko monetan, eta bertan kargatutako saldoarekin ordaindu ahal izango dute sareko establezimenduetan. Enpresentzat, berriz, erronka hornitzaile eta bezeroen arteko sare hori zabaltzea izango da, moneta ez dadin ordainketa puntual hutsean geratu.

Luix Intxauspe (Gure moneta): “Gure monetarekin ordaintzen dugunean, badakigu diru hori hemen geratuko dela”

Egitasmoak lau balio nagusi ditu oinarri. Lehenik, tokiko ekonomia indartzea: dirua eskualdean bertan geratzea eta merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen arteko harremanak sendotzea. Bigarrenik, trantsizio ekologikoa bultzatzea, hurbileko produkzioa eta kontsumo eredu jasangarriagoak lehenetsiz. Hirugarrenik, euskara jarduera ekonomikoan normalizatzea, saltokietan eta enpresetan hizkuntzaren erabilerarako baldintza erosoagoak sortuz. Eta laugarrenik, justizia soziala sustatzea, moneta inklusiorako, berdintasunerako eta komunitatea sortzeko tresna gisa ulertuta. Intxausperen esanetan, tokiko moneta “tresna ekonomikoa da, baina baita soziala ere”. Erosketa bakoitzak kontsumo eredu jakin baten aldeko hautua adierazten baitu.

Merkatarientzat pizgarria ez da balio kolektiboetan parte hartzea bakarrik. Ipar Euskal Herriko esperientzian, Euskoarekin lan egiten duten eragile ekonomikoek etekina %25 eta %55 artean handitu dutela azaldu du Intxauspek. Haren arabera, monetak bezeroak fidelizatzen ditu, zuzeneko salmenta indartzen du eta sare ekonomiko bateko kide izateak itzulera ekonomikoa sortzen du. Datu horrek pisu berezia ematen dio proiektuari: tokiko moneta ez da konpromiso sinboliko bat soilik, negozioentzat aukera praktikoa ere izan daiteke.

IMG 20250923 180438
Argazkia: Oarsoaldea

Masa kritikoaren bila

Oarsoaldeako kasuan ere, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak izango dira hasierako ardatz nagusiak, baina proiektuak benetan indarra hartzeko ezinbestekoa izango da sektore eta enpresa mota oso desberdinak batzea: hornitzaileak, komunikazio enpresak, ekoizleak, elkarteak edo bestelako zerbitzu profesionalak. Zenbat eta sare anitzagoa izan, orduan eta aukera gehiago izango dute herritarrek eta enpresek moneta egunerokoan erabiltzeko. Turismoan ere balio erantsia izan dezake, bisitariei eskualdearekin lotutako esperientzia bereziagoa eskainiz eta haien gastua tokiko merkataritzan eta ostalaritzan errotuz.

Horregatik, bazkidetza kanpaina abiarazi dute, eta ez da tramite hutsa. Masa kritikoa behar da: erabiltzaileak, saltokiak, enpresak, elkarteak eta hornitzaileak. Bestela, arriskua argia da: jendeak moneta izatea, baina erabiltzeko aukera gutxi edukitzea. Olaizolak onartu du hasieran erabilera mugatua izateko arriskua badagoela, eta horregatik ari direla sektore anitzekin lanean. Gaur egun, proiektuarekin bat egin nahi duten herritarrek eta eragileek bazkide egiteko aukera dute egitasmoaren webgunean, eta sustatzaileek atxikimendu hori jo dute hurrengo urratsa emateko giltzarritzat.

Oarsoaldeko proiektuak horixe du jokoan: balioetan oinarritutako ideia bat eguneroko ekonomian txertatzea

Herriz herri aurkezpenak egin dituzte, eta talde eragileak sortu dira proiektua azaltzeko eta zabaltzeko. Helburua ez da soilik kanpaina baten bidez arreta piztea, baita ohitura berriak eraikitzea ere. Tokiko moneta batek ez baitu arrakasta izango jendeari interesgarria iruditzen zaiolako, egunerokoan erabiltzen delako baizik.

Epe ertainera, arrakasta ez da kontu kopurutan neurtuko soilik. Benetako neurgailua beste bat izango da: ogia erostean, kafea ordaintzean edo zerbitzu bat kontratatzean tokiko moneta erabiltzea ohiko bihurtzen den ala ez. Oarsoaldeko proiektuak horixe du jokoan: balioetan oinarritutako ideia bat eguneroko ekonomian txertatzea. Diruak zirkulatzen duen lekuak komunitatea ere eraikitzen duelako.