OCDE Ekonomia Lankidetzarako eta Garapenerako Erakundeak iragarri du nazioarteko multinazionalei ezarritako gutxieneko zergan zenbait aldaketa egingo dituela. Nazioarteko erakundeak astelehen honetan azaldu du enpresa estatubatuarrak zerga hura ordaintzetik salbuetsiko dituztela, Washingtonek eskatu bezala. Donald Trumpen gobernuan zergaren aurka agertu baitzen.
Joe Biden demokrata AEBetako presidente zenean, multinazionalei gutxieneko zerga bat aplikatzearen alde azaldu zen, nahiz eta gero herrialdeko kongresuak ez zuen neurria berretsi. Trump agintera igaro zenean, aldiz, argudiatu zuen neurri hori diskriminagarria zela AEBetako konpainientzat, eta zerga ezarri nahi zuten herrialdeei mehatxu egin zien.
Aitzitik, multinazionalei gutxieneko zerga ez aplikatzea dagoeneko adostu zuten 2025eko udaran, G7ko herrialdeak eginiko bilkura batean. Astelehenean neurria berretsi zuten OCDEren esparruan diharduten 145 herrialdeek.
Gauzak horrela, akordioak zerga ezartzetik salbuesten ditu irizpide jakin batzuk betetzen dituzten herrialdeak; baina, zerrenda horretan, gaur egun, Estatu Batuak soilik ageri dira. Praktikan, AEBetako multinazionalei %15eko gutxieneko zerga ez aplikatzea onartu da, Washingtonek dagoeneko baduelako bere korporazioek atzerrian lortzen dituzten etekinak zergapetzeko sistema bat. Sistema hau Trumpek bere lehen legegintzaldian jarri zuen martxan.
OCDEko herrialdeek adostutako gutxieneko zerga 2021ean adostu zen, 130 herrialde baino gehiagoren babesarekin. Neurriaren helburua zen iruzur fiskalarekin amaitzea, 750 milioi euroko fakturazioa zuten multinazionaletan nagusiki. Orduan, akordio "historikotzat" jo zen erabakia.