• EKONOMIA
  • OCDEk ohartarazi du munduko zenbait ekonomia atzeraldian sartu daitezkeela

OCDEk ohartarazi du munduko zenbait ekonomia atzeraldian sartu daitezkeela

Nazioarteko erakundeak uste du Ormuzko itsasartearen blokeoa luzatuz gero, Asiako eta Persiar golkoko herrialdeak izan litezkeela kaltetuenak

Petrolio plataforma bat itsasoan | Argazkia: iStock
Petrolio plataforma bat itsasoan | Argazkia: iStock
2026ko ekainaren 3a - 13:22

OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak ohartarazi du munduko zenbait herrialde atzeraldian sartu daitezkeela Ormuzko itsasarteak blokeatuta jarraitzen badu. Ekitalde Hurbileko petrolioaren mendekotasun handia duten herrialdeak lirateke atzeraldian sartzeko arriskua dutenak, Asiako zenbait herrialde eta Persiar golkokoak, hain zuzen ere.

 

OCDEk aztertutako agertoki okerrenean, Ormuzko itsasarteak 2027ra blokeatuta jarraituko luke, mundo osoko BPGa %2,1 haziko litzateke aurten; %1,8 2027an. Kopuru hori onargarria izan daiteke munduko ekonomia askorentzat, baina ohikoa baino hazkunde apalagoa litzateke. XXI. mendean %3tik gora hazi ohi da munduko osoko BPGa urtero.

OCDEk eginiko bigarren irakurketan, Irango gerra laster bukatuko litzateke, energia prezioek behera egingo lukete, eta, hortaz, ekonomia %2,8 handituko litzateke 2026an eta %3,1 2027an.

 

Txostenaren arabera, Europa eta Ipar Amerikako ekonomiak ere kolpatu ditzake egun Ekialde Ertainean indarrean den gatazkak, eta Txina eta Indiaren ekonomia hazkundea moteldu dezakeela dio. Indiako ekonomia, esaterako, %4,5 haziko litzateke aurten eta %4,3 2027an, azken bi urteetan izandako %5 baino gehiagoko hazkundearen azpitik.

Ondorioak kaltegarrienak halaber, “lehengaiak inportatzen dituzten eta garapen bidean diren ekonomientzat” izango direla dio txostenak.