Ogiaren negozioa

Okintzaren sektorea geroz eta enpresa gutxiagoren esku dago. Kate handiak indarra hartzen ari diren bitartean, okindegi txiki askok beren ateak itxi behar izan dituzte. Arrazoien artean daude gizartearen ohitura aldaketak eta azken hilabeteetako mundu mailako gertaerak

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Zuria, integrala, txapata, zerealduna, espeltaduna, 300 ogi mota baino gehiago aurki ditzakegu Euskal Herrian. Betidanik izan da gure dietaren oinarrietako bat eta, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa dira ogi gehien kontsumitzen diren erkidegoetako bi, urtean ia 39 kilo ogi jaten baititugu. Hala ere, ogiaren erosketa zein kontsumo ohiturak ere aldatuz doaz urtetik urtera.

Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren azken datuen arabera, ogia nagusiki bi bidetatik erosten dugu: okindegi tradizionaletan %32,9 eta supermerkatuetan %39. Nabarmentzekoa da ohiko saltokiek pisua galdu dutela azken urteetan kate handien aurrean, salmentetan %12,1eko jaitsiera izan baitute azken zortzi urtean.

Horrez gain, inflazioak ere eragin zuzena izan du okintzan. Irina, esaterako, duela urtebete baino ia %40 garestiagoa da, argindarraren prezioen igoerak ere bere ondorioak izan ditu, eta arrautza zein ekilore olioa garestitzeak ere kalte egin dio sektoreari.

Ogia nagusiki bi bidetatik erosten dugu: okindegi tradizionaletan %32,9 eta supermerkatuetan %39

Ondorioz, zenbait okindegik beren ateak itxi behar izan dituzte. EnpresaBIDEAn bizirik dirauten okindegi bakan batzuekin hitz egiteko aukera izan dugu eta, azaldu digutenez, egoera “belzten” ari da. “Argindarraren faktura 1.600 eurotik 5.100era igo zaigu, irina 300 eurotik 700era, arrautza dozena 30 zentimo garestitu da azken egunetan, eta ekilore olioa ere olibarena baino garestiagoa da”, kontatu digute. Baina beste kezka iturri bat ere badute, belaunaldi-errelebo falta sumatu baitute azken urteetan. “Oraingo gertaerek okintzaren negozioaz arduratzeko gogoa kendu diete datozen belaunaldiei”, deitoratu dute.

“Argindarraren faktura 1.600 eurotik 5.100era igo zaigu, irina 300 eurotik 700era, arrautza dozena 30 zentimo garestitu da azken egunetan, eta ekilore olioa ere olibarena baino garestiagoa da”

Beste aurpegia

Txanponaren beste aldean dira gozogintza eta okintzari lotuta dauden enpresa handiak. Okindegi txiki asko batu zaizkie, “beraien negozioak porrot egin ez dezan”. Okin ogi fabrika industrializatua da horietako bat. Egunero milioi erdi bat ogi aurregosi izoztu merkaturatzen ditu, gehienbat supermerkatu eta antzeko azalera handietan banatzeko, baina baita ogia jatetxeetara eta auzoetako denda zein okindegietara eramateko ere. Konpainiak jakitera eman duenez, 24 ordu baino ez dira igarotzen eskaera tramitatzen denetik entregatu arte eta bere lantegietatik 25 kamioi trailer ateratzen dira egunero banaketa egitera. 1994an Hernanin sortu zen, baina 2001az geroztik Zumaian du bere egoitza. “Izoztutako ogia da, baina kontrolatutako izozte-sistema baten bidez egiten dugu eta produktua erabat errespetatzen dugu, gehigarririk eta kontserbatzailerik gabe eta osagai naturalak eta kalitateko irina erabiliz”, azaldu nahi izan dute.

“Izoztutako ogia da, baina kontrolatutako izozte-sistema baten bidez egiten dugu eta produktua erabat errespetatzen dugu, gehigarririk eta kontserbatzailerik gabe eta osagai naturalak eta kalitateko irina erabiliz”

Ogi Mahaia (Pan Betti) sortu zuten zenbait okinek 2007an, enpresa txikiek negozioarekin aurrera egin zezaten. Izoztutako oreak egiten zituzten Agurainen, baina 2022 hasieran Okinek hartu zuen horren jabetza ere. Ondorioz, enpresaren fakturazioa igo egin da, 48 milioi euroraino. Esportazioak fakturazioaren %15 dira, eta Frantzia da hartzaile nagusia, baina atzetik ditu Italia, Austria edota Belgika bezalako herrialdeak ere.

Bestalde, enpresaren arduradunek nabarmendu dutenez, garapen jasangarriaren aldeko apustu sendoa egiten dute. Hala, erabiltzen duten energia “guztiz berdea eta berriztagarria” dela argitzeaz gain, soberan geratzen zaizkien ogi-arrailak taldeko Benetan enpresak bere kroketak eta san jakoboak egiteko erabiltzen dituela jakinarazi dute.

Esan liteke, beraz, azken urteetan ogiaren negozioaren joera erabat aldatzen ari dela, izan okinena zein kontsumitzaileena. Datozen hilabeteetako egoera ekonomikoa giltzarria izango da, beste sektore askotan bezalaxe, okintzaren etorkizunean ere.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK