Ohiko edariaren ezohiko prezioa

Garagardoaren kontsumoa egonkor mantentzen ari den bitartean, prezioek goranzko joera hartu dute

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
Garazi Etxaniz Idarreta
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026eko apirilaren 12a - 05:30

Zein preziotan ordaintzen duzu gaur egun kaña bat zure herriko tabernan? Gogoratzen duzu zenbateko kostua zuen duela urte batzuk? Eta zenbat uste duzu pagatu beharko dela etorkizunean? Horixe bera galdetu zion EnpresaBIDEAk jendeari (bideoa ikusgai artikuluaren amaieran), eta erantzunak desberdinak izan baziren ere, Euskal Herri osoan joera antzekoa izaten ari dela antzeman daiteke: egunez egun, gero eta garestiagoak dira garagardoak (oh, surprise).

 

Inflazioa gorabehera, zenbait herritan 2,5 euroko kostua du kaña batek, baina beste batzuetan jada 3 euro exijitzen dituzte tabernariek. Etorkizun hurbilean 4 euro ordaindu beharko direla pentsatzea ez da, inondik inora ere, erokeria. Gauzak horrela, joera hori testuinguruan jartzeko, komeni da kontsumoaren eta merkatuaren bilakaera xehetasun handiagoz aztertzea.

Kalean eta etxean

Euskal Herriko garagardo kontsumoa aztertuz gero, itxuraz kontraesankorrak diren bi dinamika antzeman daitezke: hazten ari da tokiko ekoizpena, baina kontsumoa nahiko egonkor mantentzen ari da. EAEko garagardo-sektorearen 2023ko txostenaren arabera (Euskal Garagardo Elkarteak eginikoa), lurraldean 151 milioi litro inguru kontsumitu ziren, nahiz eta soilik %1,37 izan zen EAEn bertan ekoitzitako garagardoa. Hau da, kanpoko produktuarekiko mendekotasun handia dago, craft sektoreak (artisau-erakoa garagardoa, independentea eta eskala txikikoa) gora egin arren.

 

Espainiako Estatu mailan, garagardoaren kontsumoak ez du aldaketa nabarmenik izan azken urteetan. Espainiako Garagardogileen 2024ko sektorearen txosten sozioekonomikoak adierazten du pertsonako per capita kontsumoa 52,8 litroraino jaitsi zela, 2023an baino %4,9 gutxiago, “inflazioak eta gastuaren moderazioak markatutako testuinguru batean”. 

2024an, ia 44 milioi hektolitro kontsumitu ziren; horietatik %63 ostalaritzan edan ziren, eta %37 etxeetan

Haatik, Espainian kontsumoak handia izaten jarraitzen du termino absolutuei erreparatuta: 2024an, ia 44 milioi hektolitro kontsumitu ziren; horietatik %63 ostalaritzan edan ziren, eta %37 etxeetan. Taberna eta jatetxeekiko lotura handi hori EAEn ere ikus daiteke; izan ere, lurraldeko sektore-txostenaren arabera, garagardoaren %45 ostalaritzan kontsumitzen da, kanal hori finkatuta kontsumo-gune nagusi gisa. 

Bestalde, etxean egiten den kontsumoari dagokionez, Espainiako elikagaien kontsumoari buruzko 2024ko urteko txostenak (Nekazaritza Ministerioak egiten duenak) adierazten du garagardoen erosketa %2,3 jaitsi zela, eta hain zuzen, produktua zertxobait garestitu zela. Biztanleko per capita gastua 31,38 eurokoa izan zen urtean, hau da, pertsona bakoitzak 18,76 litro garagardo kontsumitu zituen etxean, urtebete lehenago baino %3,6 gutxiago. Hala ere, epe luzerako joerak goranzkoa izaten jarraitzen du: 2008an baino %19,7 garagardo gehiago erosten da.

Statista estadistika atariak ere antzeko datuak eskaintzen ditu biztanleko gastuari dagokionez: 2022 urtean Nafarroako biztanle bakoitzeko 38,78 euro gastatu ziren garagardoan, eta EAEn zertxobait gutxiago, 36,07 euro pertsonako.

Zergatik ari da garestitzen garagardoa?

Kontsumo-ohituretan antzemandako moderazioak eta, mintzagai dugun edariaren kasuan, ostalaritzak duen pisuak isla zuzena du produktuaren prezioan. Izan ere, garagardoaren garestitzea ez da faktore bakarraren ondorioz gertatzen, produkzio kate osoak paira dezakeen presioaren ondorioz baizik. INEren datuen arabera, edari alkoholdunen (eta tabakoaren) prezioa %50 baino gehiago igo da 2010etik 2025era bitartean; are gehiago, igoera hori ez da soilik lehengaietara mugatzen: garagardoaren atzean dauden elementu guztiak garestitu dira.

Ez da harritzekoa ostalariek prezioak egokitu behar izatea, funtsean, zerbitzatzeko azpiegitura osoa nabarmen garestitu baita, kontsumitzaileen poltsikoek ongi dakitenez

Taberna bateko kaña baten prezioa ulertzeko, kontuan hartu behar da ostalaritzako eguneroko funtzionamendua bera gero eta garestiagoa dela. Garagardoa zerbitzatzeko behar diren hozte-sistemek eta tiragailuek elektrizitatea kontsumitzen dute, eta energia-kostuak nabarmen igo dira azken urteetan. Horrez gain, garraioak (garagardoa fabrikatik banaketa-puntuetara eramatea) erregaien garestitzearen mende daude, eta lokalen alokairuek eta hornidurek (argia, ura, gasa) ere gora egin dute. INEk eskainitako zenbatekoek horixe bera berresten dute: etxebizitzaren (oro har, alokairuen) eta energiaren kostua %36 inguru igo da 2010etik 2025era bitartean. Ez da harritzekoa ostalariek prezioak egokitu behar izatea, funtsean, zerbitzatzeko azpiegitura osoa nabarmen garestitu baita, kontsumitzaileen poltsikoek ongi dakitenez.

Kontsumoaren egitura bera ere lagungarri da prezioen goranzko joera hori ulertzeko: arestian esan bezala, Espainiako Estatuan garagardoaren %63 ostalaritzan kontsumitzen denez, produktuaren prezioaren bilakaera zuzenean lotuta dago sektore horren kostuekin. Euskal Herrian (gutxienez, EAEn) ere dinamika antzekoa da, eta horrek azaldu dezake zergatik den gero eta ohikoagoa hiru euro ordaindu behar izatea kaña bakar batengatik.