Oinarrizko produktuek deskontuak izango dituzte zenbait merkatutan astean behin

Donostiako Bretxa eta San Martin merkatuek, Bilboko Erriberakoak eta Gasteizko Abastosekoak kostu prezioan salduko dituzte oinarrizko produktuak zazpi egunez behin

Bretxako merkatua | Argazkia: La Bretxa Bretxako merkatua | Argazkia: La Bretxa

Merkatuek ere bat egin dute inflazioaren aurkako neurriekin. Erosketa saskia betetzen laguntze aldera, euskal hiriburuetako merkatuek deskontuak eskainiko dituzte astean behin. Oinarrizko produktuek izango dute deskontua, hala nola, frutek, barazkiek, haragiak, edota arrainak. Elikagaien gehiegizko prezioen igoeraren ondorioz hartutako neurria da, eta Kataluniatik hartu dute ideia, Bartzelonako merkatuetan denbora daramatelako halako egitasmoak sustatzen.

Bilboko Erriberako merkatua izan zen ekimenarekin hasi zen lehena, pasaden asteazkenaz geroztik eta asteazkenero deskontuak eskaintzen ari baitira merkatuko 30 bat saltoki.

Donostiako Bretxa eta San Martin merkatuek ere bat egin dute inflazioaren aurkako neurriarekin eta bezeroei “erosketa saskia betetzen lagunduko diete”. Hala, Bretxako 20 bat postutan deskontatutako produktuak dituzte asteazkenero, aste honetan bertan hasita. San Martingo merkatuko 26 saltokik ere bat egin dute ideiarekin eta kostu prezioan salduko dituzte produktuak ostegunetan. Hemen ere aste honetan ekingo diete ekimenari.

Gasteizko Abastosen ere asteazkenaren aldeko hautua egin dute eta deskontatutako produktuak eskainiko dituzte bertako saltoki guztiek, hilaren 29tik aurrera.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK