Oliba olioa, eskuraezina izatera bidean

Olibaren azken urteetako uzta txarrenak eta oliba olioaren prezioen etengabeko igoerak ahuldu egin dute sektorearen etorkizuna

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Ekaitza iritsi da oliba olioaren sektorera ere. Kalitate handiena duen birjina estraren prezioak %56ko hazkundea izan du iazko kanpainarekin alderatuta, hala dio Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak argitaratutako oliba olioaren prezioen aste honetako buletinak. Lehorteak, energia krisiak eta Ukrainako gerrak prezioak bikoiztu dituzte, baina ez da oliba olioaren amesgaizto bakarra, aurtengo uzta aurrekoaren %50ekoa baino ez baita izan. Hala ere, sektorean lanean dihardutenek hornidura ziurtatuta dagoela diote. Bestelakoa da salmenten egoera.

Oliba bilketaren hasieran 2022-2023ko uzta nabarmen jaitsiko zela ohartarazi zuen Jesus Marin Urzante Olioetako zuzendariak eta egin zituen aurreikuspenek ez dute hutsik egin. Izan ere, aurreko uztan baino %30 gutxiago bildu dute oraingoan, azken hamarkadako gutxiena. Oliba olio mota eta barietate asko daude, eta Arroniz da horietako bat, bereziki Nafarroan eta Arabako Errioxan ekoizten dena. Nafarroaren kasuan, barietate horren 6.000.000 kilo bildu dira eta 1.300.000 olio litro ekoiztu ahal izan dira, 2020koarekin alderatuta, erdia baino ez. Beherakada horren arrazoien artean, laborantzarekin batera izan zen lehorte handia aipatu dute sektorean lanean diharduten guztiek: “Negu lehor batetik gentozen, eta prezipitaziorik gabeko udaberri eta uda etorri ziren ondoren”, ziurtatu du Pedro Gonzalez Mendia dolareko presidenteak; “udazkeneko euriteek espero genuen hondamendia zertxobait arindu zuten”. Hain zuzen ere, urriko eta azaroko euriak fruituaren berezko ezaugarriak nabarmen hobetzea eragin zuen, bero boladek ez baitzuten loraldia eten, baina ur eskasia medio, olibak ez ziren ohiko tamainara iritsi eta normala baino pisu txikiagoan geratu ziren. Hala eta guztiz ere, olioaren kalitate ona nabarmendu dute Arronizen.

6.000.000 kilo bildu dira eta 1.300.000 olio litro ekoiztu ahal izan dira, 2020koarekin alderatuta, erdia baino ez

Eta kalitate hori aise nabaritu zen duela astebete Arroitzen bertan izan zen Tostadaren Egunean, urtero bezala, aitortza egin baitzioten Mediterraneoko dietaren harribitxia den oliba olioari. Ogi txigortua hartu, baratxuritan igurtzi, Arroniz oliba oliotan busti eta gatz pittin batekin dastatu zuten bertaratu ziren 6.000 bisitarik.

Hondamendiaren atarian?

Oliba olioaren prezioak goranzko joera amaigabea duela dirudi. Dagoeneko 5 eurotik gorako prezioan aurki daiteke oliba olioa supermerkatuetan, 2019an baino bi aldiz gehiagoko prezioan, orduan batezbeste 2,50 euroan baitzegoen. Baina, duela urtebete, Ukraina inbaditu zuten egunean ere, oliba olio botila 4 euroan eros zitekeen oraindik. Azken hilabeteetako garestitze horrek eragin zuzena izan du familietan, berez itota baitaude inflazioarekin, gasaren eta erregaien prezio altuarekin eta interes tasen igoerarekin ere. “Prezioen igoerak kontsumitzaileari zuzenean eragiten dio”, azaldu dute Nafarroako Oliba Olioaren Kofradian, “eta hori supermerkatuetan oraindik ere aurreko hilabeteetako stocka egonda. Merkatuak beti darama hilabete batzuetako atzerapena, eta oraindik ontziratu gabe daudenak baino prezio merkeagoetan erositako olioa geratzen da oraindik. Baina etengabeko igoera baten aurrean gaude eta horrek kontsumoa nabarmen jaitsiko du. Saihestezina da”.

Nafarroako Oliba Olioaren Kofradia: “Etengabeko igoera baten aurrean gaude eta horrek kontsumoa nabarmen jaitsiko du. Saihestezina da”

Hemendik kanpo, olioa ekoizten duten beste herrialde batzuek ere arazoak dituzte. Italian, esaterako, %31 hazi dira prezioak, eta Grezian %27, Europako Batzordeak oliba olioari buruz egindako azken txostenaren arabera. Hala ere, Espainiako oliba olioak pisu handiagoa du merkatuan, aipatutako beste biek baino lauzpabost aldiz handiagoa. Kontuan hartu behar da, gainera, Espainiak bere produkzioaren %70 esportatzen duela.

Lasaitasun mezua

Oliba olioaren sektorean lanean dihardutenen artean kezka da nagusi, baina zenbait adituk lasaitasunerako deia luzatu dute. Hala, Luis Planas Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroak behin baino gehiagotan adierazi du “garrantzitsua dela oliba olioak klase ertaineko produktua izaten jarraitzea” eta “elikagaien prezioak izozteko beharra” ere nabarmendu izan du. Ez ditu baztertu neurri berriak, betiere inflazioak goranzko joerarekin jarraitzen badu. Halaber, elikagaien prezioak jaitsieraren “bezperan” izatea espero du.

“Oliba olioak bost urte gehiago bizitzeko aukera ematen digu, baina uzta txikia izan da aurtengoa eta garesti dago, gainera. Agian irtenbidea orain arteko kontsumoa jaistea litzateke, guztiongana iristeko”

Baina kontsumitzaileentzat bakarrik ez, olibaren ekoizleentzat ere garrantzitsua izango da egoera baretzea, are gehiago, kontuan izanda oliba olioarena jarduera ekonomiko nagusia dela zenbait eskualdetan. “Oliba olioak bost urte gehiago bizitzeko aukera ematen digu, baina uzta txikia izan da aurtengoa eta garesti dago, gainera. Agian irtenbidea orain arteko kontsumoa jaistea litzateke, guztiongana iristeko”, adierazi du kezkaz Jesus Marin Urzante Olioetako nagusiak. Kezkak kezka, etorkizunera begira, bi faktorek izango dute eragina. Alde batetik, inflazioa izango da adi egon beharreko puntuetako bat, baina 2023-2024ko uztak ere eragina izango du, eta horretarako azkenekoa baino baldintza meteorologiko hobeak beharko dituzte. Sektorean argi diote, ordea, egoera bere onera itzuliko dela eta galtzen azkena itxaropena izango dutela.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK